TUlankide MONDRAGON

Telelana: etxetik lan egiteko 5 aholku

2020/03/20

Telelana koronabirusaren ondorioetako bat izaki, hemen dituzu hainbat aholku berrogeialditik bizirik irtetzeko.
Telelana: etxetik lan egiteko 5 aholku

Etxetik lan egiteak abantaila bezainbat desabantaila baititu eta, gidalerro batzuk jarraitu ezean, infernu bilakatu daiteke. Telelana koronabirusaren ondorioetako bat izaki, hemen dituzu hainbat aholku berrogeialditik bizirik irtetzeko.

Telelana

1 – Ohetik urrun, zenbat eta urrunago hobe

Ezin duzu bulegoa ohea duzun gela berean jarri. Lotarako eta deskantsurako lekuaren eta lanerako tokiaren artean muga fisikoa behar da. Muga mentala ere bihurtuko dena. Ahaztu esnatu orduko laptopa hartu eta lanean hasteaz. Lanaren eta aisiaren artean bereiztea hain zaila den garaiotan, muga oso garbi izatea komeni zaizu.

2 – Hiruko santua: dutxa, erropa garbiak eta gosaria

Debekatuta dago pijaman lan egitea. Esango nuke etxeko arropa ere ez dela egokia. Dutxa eder bat hartu, ondo garbitu, eta jantzi bulegora joan beharko bazenu bezala. Eta lanean jarri aurretik gosaldu. Dutxa, erropa eta gosaria, nahi duzun ordenatan. Baina hirurak burutu arte ez hasi lanean. Behin lan ordutegia amaituta, orduan da etxe giroko janzkera, ohitura eta jarrera hartzeko tenorea.

3 – Konektatu lankideekin

Etxetik lan egitearen arazo larrienetariko bat bakardadea da. ZuZeuko erredaktore orok pasa duen sintometako bat da bakarrik sentitzea, ez izatea elkarrekintzarik beste lankideekin. Horretarako komeni da telefonoz edo erreminta birtualen bidez komunikazio hari bat zabaltzea (Google Meet edo Skype esaterako). Wifira konektatuta egotearekin ez da nahikoa, lankideekin ere konektatu behar duzu.

4 – Frigorifikoarekin kontuz; ura edan

Lantokian bezala jarri ordutegi jakinak deskantsua egin eta zerbait jan nahi baduzu. Baina gainontzean frigorifikotik urrun mantendu. Asko lagundu diezazuke ur pitxar bat bulegoko mahaian izateak. Ura edatea oso ona da eta antsietatea gainditzen lagundu diezazuke. Kafea ez da horren osasungarria, baina balio dezake baita, batez ere goizeko lehen lanorduetan.

5 – Ordutegiak jarri, ordutegiak errespetatu

Hasteko, eta amaitzeko, ordutegia jarri eta errespetatu behar duzu. Lanorduak ez dira etxekolanak egiteko, ezta aisialdirako ere. Hori bai, behin amaituta, etxerako prestatu, egin planak zure familiarekin, irakurri, pelikulak ikusi; funtsean, ihes egin lanorduetatik kanpo. Diziplina da etxean lan egitearen gakoetako bat, zeure buruaren arduradun zara, zeure burua zaindu behar duzu. Haurrak baldin badituzu bikotearekin koordinatu behar dituzu ordutegiak, kontziliazioa posible egiteko.

 

Tira, hauek 5 aholku orokor eta ideal baino ez dira. Ez pentsa guk %100ean errespetatzen ditugunik. Saiatu saiatzen gara, baina, beti ez da posible izaten. Eta bizirik segitzen dugu oraindik!

Artikulua hemen argitaratu da: https://zuzeu.eus/

Eguraldia
Igandea 12 Min: 14
Max: 28
Astelehena 13 Min: 14
Max: 26
Asteartea 14 Min: 14
Max: 24
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak