TUlankide MONDRAGON

"Osasun arloko gure profesionalei lagundu ahal izatea izan da onena"

2020/03/30

Ana Garcia, Maier Koop.E.ko Injekzio Moldeen Barne Fabrikazio arduraduna.
"Osasun arloko gure profesionalei lagundu ahal izatea izan da onena"

"Maier osatzen dugun kolektiboarentzat onena izan da inoizko egoera larrienean gure ekarpentxoa egin ahal izatea". Ana Garcia, Maier Koop.E.ko Injekzio Moldeen Barne Fabrikazio arduraduna oso pozik eta harro azaltzen da "txikia bada ere" Maier-etik osasun arloko gure profesionalei egindako ekarpenarekin.

MAIER, Covid-10

"Dena joan da oso azkar. Martxoaren 22an Osakidetzaren deia jaso genuen eta egun gutxira gai izan gara 3.500 eta 4.000 babesteko bisera ekoizten aritzeko egunero". Proiektuak Bizkaiko eta Euskadiko zenbait enpresaren babesa jaso du, eskuzabalak izan diren enpresak. "Lehenengo deia jaso genuen momentutik, kontaktuan jarri ginen Euskadiko Maker Komunitatearekin, izan ere haiek dagoeneko 3Dn ari ziren biserak ekoizten, eta Tknika-rekin ere harremanetan jarri ginen (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Gunea) eta informazio guztia haiekin kontrastatu ondoren proiektuan burubelarri sartu ginen".

Lehenengo lana moldea egitea izan zen eta martxoaren 27rako lehenengo eredua egina zuten. Era berean, Bizkaiko beste enpresa batekin jarri ziren harremanetan. "Aurretik bageneukan erlazioa Igorreko Walter Pack enpresarekin, haiek ere automozioaren arloan garatzen baitituzte produktu eta zerbitzuak, eta eurek sortu dute PVC materialarekin biseraren protekzio pantaila".  

Batzuek eta besteek, euren Berrikuntza eta Garapen departamentuetan material egokienak kontrastatu zituzten, plastiko eta PVC egokienak aukeratuz, eta froga horiek gainditu ondoren, martxoaren 28an, zapatuan, produkzioari ekin zioten, eta baita banaketai ere. Hala, lehenengo egunean 1.500 bisera ekoiztu zituzten eta, gaur egun, hiru errelebotan ari diran lanean, egunean 4.000 bisera eginez. 

Maier Koop. Elkartea Gernikan dago, automozio sektorean eskaintzen ditu produktu eta zerbitzuak, plastikozko piezak diseinatuz eta ekoiztuz. Esperientzia handiko kooperatiba da eta mundu osoan ditu delegazio eta lantegiak. Gaur egun, 1.100 pertsonak dihardute lanean bertan, eta Osakidetzako profesionalentzat biserak ekoizten, erabat modu boluntarioan eta eskuzabal, lan taldeko asko ari dira. "Inork gutxik pentsatuko luke orain hilabete, zeregin honetan arituko ginenik uneon". 

Barne eta kanpo hartu-emana

"Helburu bakar eta konpartituarekin, gure osasun arloko profesionalen segurtasun neurriak hobetzeko helburuarekin, lan-taldean aritzearen sentsazioa oso hunkigarria eta atsegina izan da", dio Ana Garciak. Maier-eko kooperatibista honek ez du inor ahaztu nahi, asko izan baitira elkartasun erronka honetan parte-hartu dutenak. "Maierreko departamentu ia guztiak aritu gara lanean proiektu honetan: Erosketa ardurandun den Izaskun Biteri; seriean piezak ekoizteko ardura duen Aitor Unamuno eta bere taldea; proiektuaren koordinatzaile Garikoitz Azkuna; B+G departamentua, Piezen Diseinu eta Prototipoetakoak, Paketatze arlokoak, eta noski, barne matrizeriakoak moldearen sorkuntzarekin".

Baina gainera, kanpo agente askoren parte-hartzea ere izan du proiektuak. Besteak beste, talde lanean aritu dira Euskadiko Maker Komunitatea, Tknika, Walter Pack enpresa, logistika enpresa bat, Carmelo Garraioak... Azken horiek ari dira Osakidetzako ospitaleetara biserak banatzen. Maierrek lider lana egin du eta guztion txaloa merezi dute, bai kooperatibetako kolektibo osoaren aitortza, bai eta euskal gizartearen onarpena ere. 

Maier Koop. Elkarteak ekoiztutako bideoa. 

Eguraldia
Larunbata 26 Min: 10
Max: 17
Igandea 27 Min: 8
Max: 17
Astelehena 28 Min: 10
Max: 18
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak