Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
Naiara Goia Imaz izango da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria
Naiara Goia Imaz izango da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria, Arantzazu Gaur Fundazioko patronatuko erakunde eta eragileek iragan ostiral goizean izendapena onartu ondoren. Berrikuntzan eta nazioarteko proiektu estrategikoen koordinazioan aditua, Telekomunikazio Ingeniaritzan goi-mailako tituluduna da eta azken urteak MONDRAGON Korporazioan egin ditu, kooperatiben sarean berrikuntza sustatzeko eta enpresen eraldaketarako estrategiak bultzatzeko ekimenen lidergoan.
Joan den uztailaren 27an egindako ezohiko batzarrean, Arantzazu Gaur Fundazioko kideek -Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia– santutegiari eta haren ingurumariari lotutako arnas luzeko proiektu bat abiaraztea erabaki zuten. Hain zuzen ere, ingurumena eta gizartegintza ardatz izango dituen egitasmo eraldatzailea martxan jarri zuten: elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa langai izango dituen berrikuntza sozialerako laborategia. Ostiralean onartutako izendapenarekin, proiektua garatu eta hezurmamitzeko urrats garrantzitsua eman dute.
Naiara Goia Imaz (Segura, 1978) berrikuntzan aditua da eta 20 urteko esperientzia dauka dagoeneko nazioarte mailan proiektu estrategiko konplexuen koordinazioan eta jakintza-alor anitzeko pertsonen zuzendaritzan. Bere ibilbide profesionaleko azken urteak MONDRAGON Korporazioan egin ditu, kooperatiben sarean berrikuntza sustatzeko eta enpresen eraldaketarako estrategiak bultzatzeko ekimenen lidergoan. Horrez gain, bertako zein nazioarteko eragile erreferenteekin gizarte berrikuntzako ekimen aitzindariak gidatzen ibili da, etorkizuneko erronken aurrean gizarteko eraldaketak lurralde mailan bideratzeko.
Euskal Herriko Unibertsitate ezberdinekin kolaboratzen du, baita ere, hizlari edo irakasle moduan, gizarte berrikuntzarekin eta enpresen eraldaketari lotutako esparruetan nagusiki. Besteak beste, pertsona desberdinekin sareko lanean kolaboratzeak motibatzen du, elkarren artean guztiongan eragina duten gizarte- eta ekonomia-erronkak ulertu eta irtenbidea aurkitzeko. Bestalde, bere interesetako bat enpresa testuinguruan emakumearen lidergoa bultzatzea da eta horrek dituen abantailak agerian jartzeko lana sustatzea. Euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa menperatzen ditu. Telekomunikazio Ingeniaritzan goi-mailako titulua du eta Negozioen kudeaketan MBA baten jabe da, besteren artean.
Gizarte berrikuntzako laborategia
Tokiko eragileen, erakundeen eta frantziskotarren artean Arantzazuren geroari buruzko gogoeta partekatu ondoren sortutako egitasmoa da gizarte berrikuntzako laborategia. Gandiaga Topagunean kokatuko du bere egoitza eta aztergai izango ditu, batik bat, elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa. Abiapuntu horrekin, gizarte gizatiarrago, justuago, kohesionatuago eta lehiakorrago baten aldeko erreferentzia gune bilakatuko da.
Horrez gain, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia nazioartean dagoeneko lanean diharduten gizarte berrikuntzarako laborategiekin elkarlanean arituko da eta gaur egun mundu mailan azkartzen ari diren desafio nagusien inguruko gogoeta eta esperimentazioa bultzatuko du. Horretarako, partaidetza prozesuak garatuko ditu, herritarrak zein erakundeak ahaldunduz eta lankidetza sareak osatuz udalerri, enpresa, gizartegintzako elkarte eta tokiko eragileen artean, proiektu partekatuak diseinatuz eta sustatuz. Baita ere ikastaroak, kongresuak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatuko ditu, hain justu ere herritarrek berrikuntza soziala sustatuko duten dinamiketan parte hartu dezaten.
"Oso ilusionatuta eta indartsu heltzen diot erronka berriari, ohorea da horrelako proiektu bat gidatzeko aukera izatea. Eragile ezberdinen arteko lankidetza oinarri hartuta dagokigu etorkizuneko erronkak jorratzea, gure gizartearen kezkei erantzuna emateko. Gainera, Arantzazuren tradizio gizatiarretik eraiki behar da laborategia, eta horrek indar handiko arrasto propioa ematen dio, erreferentziazko nodo bihurtzeko, hemen eta kanpoan" adierazi digu Naiarak.
Zorte on proiektu berrian!