MyDigiCoop: ekintzailetza soziokooperatiboa sustatzea helburu duten ikaskuntza digitalerako bide pertsonalizatuak

Mentalitate soziokooperatiboa sustatuz gizarte hobeago eta parekideago baterako paradigma berri bat sortzen lagunduko du MyDigiCoop nazioarteko proiektua.
Card image cap
Proiektuan parte hartzen duten Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko ordezkariak.
2021/12/10

Gauza jakina da bizi garen mundua oso azkar ari dela aldatzen. Mundu globalizatu eta digitalizatu honetan bizirik irauteko, lehiatzeko eta nabarmentzeko, funtsezko konpetentziak gureganatu eta garatu behar ditugu nahitaez. Autohazkuntzaren ideia Europako Batzordearen lehentasunetako bat da. COVID-19aren pandemia globalak mundua astindu duenetik bereziki (eta astintzen jarraitzen du oraindik ere), Europar Batasunak hainbat ekimen bultzatu ditu enplegagarritasuna, trebetasun digitalen garapena, ekintzailetzaren arloko konpetentziak, hezkuntza eta herritartasuna, eta gizarte- eta hezkuntza-garapena sustatzeko, baita prozesu zibiko eta berritzaileetan parte hartzea biziagotzeko.

2020ko Erasmus+ programako KA2 kolaborazio estrategikoen deialdiari erantzunez eta deialdiaren helburua hezkuntza digitalerako prestakuntza izanik, «Ekintzailetza soziokooperatiboa sustatzea helburu duten ikaskuntza digitalerako bide pertsonalizatuak (MyDigiCoop)» proiektuaren xedea goi-mailako hezkuntzan ekintzailetza soziokooperatiboa sustatzea da, eta, horretarako, sareko tresna eta konpetentzia berritzaileak jarri nahi dira goi-mailako hezkuntzako profesionalen esku, ekintzailetza soziokooperatiboa ikasleen artean susta dezaten.

MyDigiCoop-ek, batetik, Europako hiru unibertsitate entzutetsu biltzen ditu: Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Sibiuko (Errumania) Lucian Blaga Unibertsitatea (ULBS) eta Haaga-Helia Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea (HAAGA-HELIA, Finlandia). Bestetik, eskarmentu handiko hiru enpresa txiki eta ertainek ere parte hartzen dute: Senior Europa, SL (K-Veloce, Espainia); Gestionet Multimedia (Gestionet, Espainia); eta Unibertsitate Ekintzaile eta Konprometituen Akreditazio Kontseilua (ACEEU, Alemania). Haien guztien helburua goi-mailako hezkuntzako ikasle eta hezitzaileen artean mentalitate soziokooperatiboa hedatzea eta sustatzea da.

MyDigiCoop proiektuaren elementu nagusiak bi baliabide intelektualetan (BI) biltzen dira:

  • Hezkuntzako profesionalak ekintzaile soziokooperatiboen ahalduntzean trebatzeko plataforma iteratibo irekia. Sareko plataforma bat sortu nahi da ekintzaile soziokooperatiboen heziketarako eta trebakuntzarako beharrezkoak diren trebetasunak, konpetentziak eta ezagutzak biltzeko, hala nola mapa digital interaktibo bat, galdetegiak eta ikaskuntza digitalerako bide pertsonalizatuak. Xede nagusia, berriz, jarraibide teknopedagogikoak eskaintzea da, betiere hezkuntza-berrikuntzan, metodologia aktiboetan eta urrutiko hezkuntzan / hezkuntza mistoan oinarrituta.
  • Goi-mailako hezkuntzan ekintzailetza soziokooperatiboa sustatzeko gidalerroak. Bi baliabide intelektualon  ondoriozko emaitzak bost eguneko trebakuntza-saio batean jakinarazi eta aztertuko dira, Gazte Sozio-Ekintzaileen Nazioarteko Foroan. Topaketa horretako ardatz nagusiak hauek izango dira: ekintzailetza sozialaren paradigman kokatzea, proiektuei babes teknikoa eskaintzea, BI2ko gidalerro teknopedagogikoak erabiltzen ikastea eta trebetasun «lagungarriak» sustatzea.

Lehen topaketa transnazional ofiziala 2021eko apirilaren 23an izan zen (ostirala). Lehen saioa ULBSn egitekoa zen, Sibiun (Errumania), baina, pandemiak bidaiatzeko ekarri dituen arazoak direla eta, Zoom bidez egin zen azkenean. Esparru birtualaren mugak muga, oso topaketa arrakastatsua izan zen. Proiektuko 16 lagunek parte hartu zuten, eta estrategia indartsuak plazaratu ziren: nola ekin proiektuari eta nola lortu kalitate goreneko emaitzak.

MyDigiCoop proiektuko parte-hartzaile guztiek gogo onez hartu dute proiektuaren hasiera, eta hurrengo pausoen zain daude.

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea