MUk ikus-entzunezko komunikazioan espezializaturiko Campusa inauguratu du Aretxabaletan

Ekitaldi xumea, dinamikoa eta dotorea antolatu du Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletako Campusa inauguratzeko. 'Sormena, berrikuntza eta ekintzailetasuna' garatzeko asmoarekin sortu da ikus-entzunezko gradua, eta gaurko ekitaldiak balio izan du Campuseko irakasle eta ikasleen sormena praktikan jartzeko. Ehun lagun inguru gerturatu dira aurkezpenera, besteak beste, honako hauek izan dira: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte; Mondragon Unibertsitateko errektore Josu Zabala; HUHEZIko dekano Nekane Arratibel; Aretxabaletako alkatearen izenean Iñigo Louvelli; eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Martin Garitano.
Card image cap
Iosu Zabala, Cristina Uriarte eta Martin Garitano, ekitaldiari hasiera eman dion zinta mozketan.
2013/05/22

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) Aretxabaletako Campus berria inauguratu du gaur ofizialki. Iazko irailaz geroztik, Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua eta zenbait graduondoko hartzen ditu. Ehun bat lagun elkartu dira inaugurazio-ekitaldian. Besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea, Nekane Arratibel Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Iñigo Louvelli Aretxabaletako Udaleko Hezkuntza zinegotzia, herriko alkatearen izenean, izan dira bertan.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Maider Juaristik aurkeztu du ekitaldia. Maider hirugarren mailako ikaslea da.

Agintarien hitzaldien ostean, bertaratuek bisitaldia egin dute campuseko instalazioetara.

Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletako Udalaren laguntza izan du azken bi urteotan landutako proiektua aurtengo ikasturtean abiarazteko. Proiektu horren eragileak bi izan dira: alde batetik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak azken urteotan Irakasle Eskolako titulazioetan izan duen ikasle kopuruaren hazkundeari erantzuna ematea; eta bestetik, etengabe hazten ari den Ikus-entzunezko Komunikazioaren alorrari egokitutako punta-puntako campus berria eraikitzea.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Josu Urrutia (Mundukide erakundeko zuzendaria), Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria) gaurko ekitaldian.

Ikasturte honetatik aurrera,  Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bi campus izango ditu: Aretxabaletako berria eta Eskoriatzakoa. Aretxabaletako Campusak Ikus-entzunezko Komunikazioko titulazioa hartuko du, espezialitate horretarako berariaz egokitutako instalazioetan. Eskoriatzako Campusak, berriz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak ematen jarraituko du. Orain arte, Ikus-entzunezko Komunikazioa ere Eskoriatzako Campusean ematen zen. Gainera, campusak gradu-ondoko ikastaro batzuk hartuko ditu, hala nola Euskal Kulturaren Transmisioan aditua edo Erakundeko Komunikazioari buruz datorren urrian hasiko dena.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Javier Sotil (MONDRAGON), Martin Garitano (Gipuzkoako Foru Aldundia), Cristina Uriarte (Eusko Jaurlaritza) eta Iosu Zabala (MU) gaurko ekitaldian.

Campus berria egokitzeko lanek bi urte iraun dute, industria-ondaretzat hartutako eraikin bat goitik behera zaharberritzeko. Eraikina San Miguel Bedarreta auzoan, Tubos izeneko eremuan kokatuta dago, eta egokitzapen-lanek Aretxabaletako Udalaren laguntza izan dute. MUk 5 milioi euro inbertitu ditu obra hauetan. Eraikina industria-ondarea izateak zeharo baldintzatu ditu lanak: zurezko egiturari eutsi behar izan zaio eta elementu berriekin integratu da. Horren emaitza eraikin moderno eta funtzionala da.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Erakina eta instalazioak

Eraikinak hiru solairu eta 2.700 metro koadro erabilgarri ditu.  Campus berriak Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko 135 ikasle hartuko ditu, lau mailatan banaturik: lehen mailako 42 ikasle, bigarreneko 32, hirugarreneko 34 eta laugarreneko 27.   Euskal Kulturaren Transmisioan aditu-ikastaroak, berriz, 20 ikasle ditu. Gerora begira, campus berriko ikasgeletan gradu-ondo gehiago ematea aurreikusita dago.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Martin Garitano eta Iñigo Louvelli (Aretxabaletako Udaleko zinegotzia).

Eraikina

Eraikinari dagokionez, beheko solairuan honako atal hauek daude: atondoa eta ikasleentzako zerbitzu orokorrak; areto nagusia, hainbat ekitaldi eta talde-lanetarako erabiltzen dena; platoa, paisaiak irudikatzen dituen croma sistemaz jantzita dagoena, eta hainbat eginkizunetarako balio duena, hala nola Aktore Zuzendaritzarako. Eta, azkenik, wifiz hornitutako ikasketa-gela handi bat dago solairu horretan.

Lehen solairuan, 40 ordenagailuz hornitutako “infogela” handi bat, ikasgela handi bat, tamaina ertaineko beste hiru ikasgela eta hiru ikasgela txiki egokitu dira.

Bigarren eta azken solairuan, komunikazio-berrikuntzako laborategia, irakasle-gela, irrati-estudioa, multimedia-tailerra, animazio-gela eta zortzi edizio-gela daude.

Titulazioa eta lanbide-irteerak

Gradu horren helburu nagusia komunikazioaren eta informazioaren arloko balio anitzeko profesionalak trebatzea da, edozein komunikazio-arlotan lan egiteko gai izanago direnak, batez ere ikus-entzunezko eta multimedia-arloetan, eta inguruko beharrei erantzuteko gauza izango direnak. Profesional kritikoak, konprometituak eta arduratsuak sortzea du helburu. Gradua honako ardatz hauen inguruan egituratzen da: sormena, ekimena, ekintzailetza, diziplina, gaitasun teknikoak, hainbat hizkuntzatan komunikatzeko gaitasuna (euskara ardatz nagusia izanik) eta ikasleak ikuspegi globala izatea. Ikasketak proiektutan daude banatuta eta ikasleek, gutxienez, proiektu bat landu behar dute lauhileko bakoitzean.

Hala, lehen ikasturtean, aldizkari bat eta proiektu digital bat jarriko dituzte abian; bigarrenean, hainbat plataformatarako informazio-saio bat egin behar dute, ondoren publizitate kanpaina bat diseinatu eta, gero, spota gauzatu; hirugarren ikasturtean, dokumental bat eta irrati-saio bat grabatuko dituzte ikasle guztien artean; eta azken ikasturtean, metraje laburreko film bat filmatu eta telebista-programa bat prestatuko dute platoan. Horrez gain, ikasle guztiek praktikak egin behar dituzte komunikazioari lotutako enpresa batean, eta azken ikasturtean, karrera-bukaerako proiektua landu eta defendatu.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Gradua amaitutakoan, ikasten jarraitu, lan-merkatura irten edo beren enpresa sortzea aukera dezakete. Ikus-entzunezko Komunikazioko graduatuaren profilak hainbat diziplina hartzen ditu barne: ikus-entzunezko ekoizlea eta kudeatzailea; telebistako aurkezlea  edo irratiko esataria; Interneteko edukien erredaktorea, edukien diseinatzaile grafikoa eta kudeatzailea; ikus-entzunezko zuzendaria, gidoilaria eta errealizadorea; ikus-entzunezko produkzioa eta postprodukzioa (irudia, soinua, grafismoa…),  eta ikus-entzunezko gaietan ikertzailea, irakaslea eta aditua.

MUko Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultatearen inaugurazio ekitaldia

Aliantzak

Goiena komunikabideetako multimedia-taldea Aretxabaletako Campusera bideratutako proiektu batean ari da lanean.  Goiena enpresa aitzindaria da Debagoienean eta Euskadin euskarazko tokiko telebistak bultzatzen eta ikus-entzunezko komunikazioaren inguruko azken teknologiak erabiltzen. Hori dela eta, Goienak eta Mondragon Unibertsitateak sinergiak sortu dituzte enpresaren eta unibertsitatearen artean, kooperatibismoa bultzatzen duten eta euskara hizkuntza nagusi duten bi erakundeek ikasleei ikasketa praktikoagoak eskaintzeko.

Bi erakundeok duela hiru urte hasi ziren elkarren arteko lankidetza prestatzen, eta, gerora begira, proiektu bateratuak jarri ahal izango dituzte abian. Hala, biek ala biek elkarguneak partekatuko dituzte, komunikazioari lotutako jarduerak ipiniko dituzte martxan multimedia-kazetariaren ikuspegitik, berrikuntza-proiektuak gauzatuko dituzte eta ikasleek Goienako komunikabideetan egin ahal izango dituzte praktikak: telebistan, prentsa idatzian eta Interneten.

Argazki gehiago: http://www.flickr.com/photos/tulankide/

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea