Mikrotxipen eskasiaren jatorria eta ondorioak

Mikrotxipen eskasiaren jatorria eta ondorioak

TU Lankide
Ekonomialari eta elektronika industriaren ordezkariekin aztertu dugu gaia. Mikrotxipak diseinatu eta ekoizten dituzten lantegiak Asiara eraman izana akats erraldoitzak jo dute guztiek.
2021/10/27

Mikrotxipen eskasiak gure bizitzako arlo guztiak zipriztintzen ditu baina oraintxe autogintza da kaltetuena. Mikrotxipen garrantziaz jabetzeko adibide bat jarri du Joseba Laka Tecnaliako eraldaketa digitalerako zuzendariak: "Joan den mendeko 80ko hamarkadan, autoek ez zuten ezta txip bakar bat ere; gaur egun, 50 eta 150 mikrotxip artean izan ditzake".

Araozaren jatorrian dago mikrotxipen diseinua eta ekoizpen ia guztia Asiako Taiwan eta Hego Koreako enpresen esku utzi izana. Horri, dagoen krisi logistikoa eta pandemiak eskarian eragindako disfuntzioak leudeke. "Ekaitz perfektua batean sartu gara, esan du Joseba Lakak, "aspalditik ikusten zen mikrotxipen industriak bazuela joera kezkagarri bat, konzentrazioarena. Europarrok eta Estatu Batuek azken 20 urteotan egin dugun akats erraldoi bat da: enpresa potenteak Asiara joaten utzi. Edo gelditzen dugu joera hori edo oraingoa tontakeri bat  izango da".

Jokin Garatea Gaia klusterreko nazioarte arloko buruak ez du uste itzalaldi teknologikoa izateko arazoa dagoenik baina Europa mailako estrategia baten aldeko apostuabeharrezkoa dela esan du. Fagor Electronicako zuzendari nagusi Mikel Trojaolak bere aldetik, mikrotxipen eskasia eguneroko lanean noziten duen enpresaren ikuspegia eman digu. "Asko nozitzen ari gara mikrotxipen falta eta egunero moldatu bhear dugu gure ekoizpena ditugun miktrotxip eta lehengaietara egokituz, gure bezeroekin egunero hitz eginez eta gure hornitzaileekin egunero negoziatuz".

Krisiak susperraldi ekonomikoa zertxobait murriztuko badu ere, Amaia Ormaetxea ekonomia kazetariak ez du uste arriskuan jarriko duenik: "Krisi hau ez da bihar amaituko baina piskana piskana arintzen ari da. Hori bai, globalizazioaren kontrako joera bat sortu du, gobernu asko konturatu direlako ez duela merezi enpresa estrategikoak milaka kilometrotara izatea".

Entzun elkarrizketa: Joseba Laka, Jokin Garatea, Mikel Trojaola eta Amaia Ormaetxea

Artikulu originala argitaratu da: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/osoa/8310318/joseba-laka-ekaitz-perfektu-batean-sartu-gara-eta-orain-erronka-epe-luzekoa-da-mundu-osoari-eragiten-dio/