ULMAren jarduera soziala

ULMAren jarduera soziala

Begira aldizkaria
2019ko ULMA Taldearen jarduera soziala ekimen askotan dago ikusgai. Horiek errepasatuko ditugu jarraian.
2020/02/07

1.  www.ekokilometro.ulma.com

460 lagun ari dira dagoeneko parte hartzen mugikortasun jasangarria saritzen duen programan. 300.000 ekokilometro egin ditugu, 71.000 kg CO2 gutxiago isuri dugu atmosferara eta 7.000 eurotik gora banatu ditugu sarietan.

Erosketak egiteko opari txartelak Eroskin, Forum Sporten, Oñatiko dendarien elkartean… Eta, aurki, oparien katalogoa handituko dugu, eta bonuak izango dituzu ULMAk presentzia daukan beste herri batzuetako denda elkarteetan erosteko.

2. Omenaldia ULMAko erretiratuei

Joan den ekainaren 7an ULMAko erretiratuei omenaldia egiteko jardunaldi bat egin zen. Lehen eskutik ezagutu zuten ULMAko Negozioen errealitatea, eta, ondoren, ULMAko Negozioetako batzuk bisitatzeko eta ezagunak agurtzeko aukera izan zuten. Egun hunkigarria izan zen, topaketa eta oroitzapen atseginez betea, eta, buru emateko, herri bazkaria egin zen Oñatiko Zubikoa kiroldegian.

3. First Lego League

ULMAk Zuazola-Larraña institutuko batxilergoko gazte talde bat babestu du First Lego Leaguen. Lehiaketaren xedea da 10-16 urteko gazteengan bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzea, ikasteko esperientzia bakanetatik abiatuta. Eta hori guztia berrikuntza, sormena edo talde lana bezalako balioen bitartez. First Lego League lau FIRST programetako parte da, STEM gaiei buruzko interesa sustatzeko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak).

4. Jarri martxan

Yoga, Pilates, Hipopresiboak edo luzaketak dira ULMAk eskaintzen dituen aukerak gure kideen osasuna eta ongizate orokorra sustatzeko. 300 lagunek baino gehiagok probatu dute dagoeneko aukera horietakoren bat estresetik deskonektatzeko eta euren gorputzarekin konektatzeko,  malgutasuna hobetzeko eta konpentsazio ariketak ikasteko, laneko zein lanetik kanpoko jardueraren ondorioz sor daitezkeen arazoak prebenitu edo arintze aldera.

5. Haur tailerrak

Urtarrilean eta ekainean, eskolak goizez baino ez daudenez, gurasoei familia eta lan bizitza bateragarri egiten laguntzen ahalegindu gara. urtetik gorako ia 200 haurrek parte hartu zuten Haur Tailerren laugarren edizioan, arratsaldeko 14:00etatik 18:00etara. Gurasoak, umeak disfrutatzen ari zirela eta, lasai joan ziren lanera.

6. Betaurrekoak Senegalerako

Uztailean 600 betaurreko baino gehiago jaso genituen Senegalera eramateko: betaurreko graduatuak eta eguzkitako betaurrekoak. Abuztuan, Ndank Ndank elkarteko kideek –horien artean ULMAko pertsonak–Senegalera eraman zituzten, bista graduatzeko makina batekin batera. Horrela,  Senegaleko pertsona askoren ikusmena hobetu da.

ULMAk emandako elkartasunagatik, Ndank Ndank elkarteak eta senegaldarrek eskerrak eman nahi dizkigute lerro hauen bitartez.

7. Plastikoa aurreztea

ULMAn kafea hartzen duten lagunen %50ek euren kikara erabiltzen dute dagoeneko, eta plastikozko ontziak aurrezten dituzte. Horrek esan nahi du, hilero, 30.000 plastikozko edalontzi aurrezten direla, Bidebarri hornitzailearen datuen arabera.

Gainera, ULMAko kooperatiba guztietan ur pitxarrak daude bilera geletarako, bisitei eskaintzen zitzaizkien ur ontziratuko botilatxoen kontsumoa murrizteko, eta orain iturriko ura kontsumitzen dugu, plastikorik gabe.

8. Brasilen kooperante

2017ko urtarrilean, ULMA Architectural Solutionseko bazkide Etor Arregik Brasilera bidaiatu zuen Mundukideko kooperante gisa jarduteko. Urte eta erdi horretan, bere lanaren oinarria izan da dauden kooperatiben kudeaketan laguntzea. 2019ko ekainaz geroztik, famili nekazaritzako ekoizleen ekintzailetzan eta kooperatiba berriak sortzen laguntzen dihardu. Bi urtez lanean aritu eta gero, Etorrek egonaldia beste urte batez luzatzeko eskatu du orain.

“Hasierako ahalegina sendotu egin behar da, eta uste dut oraindik ere behar dutela hainbeste eskertzen duten babesa eta laguntasuna. Benetan gogobetegarria da negozioak kudeatzeko moduan nola eboluzionatzen duten ikustea” dio Etor Arregik.

Eta horrez gain, badira beste ekimen batzuk ere. Horiek guztiak publikatu dira Begira, ULMA Taldearen aldizkarian.