Kolaborazioak

Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldia

2019/10/23

Urrian ari dira, alorrez-alor eta herriz-herri, euskararen biziberritze esperientziaz ikasten eta munduko beste hizkuntza gutxituen prozesuekin aberasten.

Urriaren hasieran heldu ziren ikastaldiko kideak Euskal Herrira. Garabideren eta parte hartzaileen aurkezpenak eginda, Iñaki Arrutik eman zion hasiera Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko ikastaldiari. Hizkuntzen desagertze eta biziberritze prozesuen inguruan aritu zaigu Arruti. Parte hartzaileak nork bere autobiografia linguistikoa egitera gonbidatu ditu Arrutik, haren ustez, eta zenbait soziolinguistaren lanetan oinarrituz, interesgarria baita norbanakoaren esperientziatik abiatzea hiztun komunitate osoaren joerak identifikatu eta biziberritzeko estrategiak martxan jartzeko.

Barre egiteko momentuak ere izan ditugu gurean. Yukatango maiak
“Waye” dokumentalaren proiekzioa aurkezten izan dira Miarritzen. Bertan zeudela, euskal komunikabide batekoa gerturatu zitzaien bere burua aurkeztuz: bera Maia (izena) zela esan zien, eta gure kideek haiek ere maiak zirela erantzun zieten barrez.

Xabier Payak, eskuak gora, mugiarazi egin ditu kideak bere ekoizpen kulturalari buruzko hitzaldian. Kultur ekoizpenean hizkuntza estandar idatzia izatearen garrantzia azpimarratu du Payak. Horrez gain, euskal kulturaren ingurukoak partekatu ditu, eta parte hartzaileek ere izan dute haien esperientziak elkarbanatzeko tartea, zein baino zein hiztunago.

Ateraldiak ere egin dituzte. Bilbon izan dira, Euskaltzaindia eta Zenbat gara ezagutzen. Euskararen akademian, haren sorreraren eta zereginen nondik norakoak ezagutu ditugu Xabier Kintanaren euskaltzainaren eskutik. Zenbat gara kultur elkarteko kideek ere besoak zabalik hartu gaituzte berean. Haien lana gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, ikasgelan lehenik eta mahaiaren inguruan gero. Esperientzia guzti hauek entzun eta gero, erremintaz beteriko kaxa batekin etxera joango dela adierazi du parte hartzaileetako batek.

 

Hezkuntza hizkuntzen kabi

 

10 hizkuntza gutxitutako 16 ordezkarien erronka handienetarikoa da hezkuntza. Horri buruz mintzatzera etorri zaigu hain zuzen Karmele Perez HUHEZIko irakaslea. Nola heltzen gara elebidun izatera? Hezkuntza eredu elebidunek beti bermatzen al dute ikasleek eskola bukatzen dutenean bi hizkuntza horiek menperatuko dituztela? Horra hor sortutako bi galdera.

Perezek ezetz dio, hezkuntza elebiduna positiboa izateko ezinbestekoa dela hizkuntza bakoitzari trataera berezia ematea. Eskolan errefortzua behar duen hizkuntza zein den identifikatu beharra dago beraz, eta haren beharrei egokitutako eredua planteatu.

Gure ordezkariak luzez aritu dira Andoni Barreñarekin batera haien komunitateetako hezkuntza ereduak partekatzen. Oso esperientzia emankorra izan da, bai horixe! Besteak beste, hezkuntza eta hizkuntzaren estandarizazioaren arteko harreman estuak agerian geratu dira: batak bestea behar du aurrera egiteko. Erronka handia dugu beraz!

 

Aurrera goaz

 

Kooperatibismoa eta euskara izan ditu Jaime Bengoa Copreciko bazkideak mintzagai. Copreciren sorrera ez ezik, inguruko mugimendu kooperatibistak euskararekin duen konpromisoa ere partekatu ditu Bengoak: “Euskara lanerako hizkuntza ere bada, eta halaxe izan behar du”. Ikastolak ere aipatu ditu, eta emozionatu egin da orduan, gurasoek bera ikastolan sartu izana eskertuta.

Horrez gain, dakizuenez, Patxi Baztarrika Galparsororekin 10 hizkuntzetako 16 ordezkariak euskararen biziberritze prozesuaz aritu dira. 16 + 1 izan dira hobeto esanda, inoiz izan duen ikasle gazteena ere bertan baitzen: 17 egun eskas dituen Rosalba txikia.

Baztarrika hitz egitera zihoala hasi da Rosalba kexaka, hitzaldia entzuteko gogorik ez nonbait. Horren kontura barre egin eta gero hitza hartu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izandakoak. Baztarrikak datu andana eman ditu, euskara biziberritzen ari dela erakusten dutenak. Dena dela, eztabaida gehien estandarizazio prozesuaren gaiak sortu du.  Rif-eko amazigh hiztunak, esaterako kezka adierazi du: “Hizkuntzen estandarizazioaz ari garela, min ematen didana hauxe da: hizkuntzaren zati bat galdu egiten dela, ondare baliotsu bat desagertu egiten dela. Eta nik ez nuke ezer galtzerik nahi”.

Baztarrikak kezka hori ulertzen duela esan dio, baina ez duela uste hizkuntzaren galera estandarizazioak eragiten duenik. Haren ustez “beharbada zer edo zer galduko da, baina erabileran eta zabalkuntzan irabazi egingo du, izugarri”.

 

Kronika guztiak argitaratu dira: https://www.garabide.eus/blogak/ikastaldi-trinkoa/

Eguraldia
Osteguna 21 Min: 6
Max: 13
Ostirala 22 Min: 6
Max: 11
Larunbata 23 Min: 6
Max: 11
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak