Galdu da espiritu kooperatiboa? (V)

Galdu da espiritu kooperatiboa? (V)

Ander Etxeberria, MONDRAGONeko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna
Kooperatibek izaera demokratikoa dute. Erabaki nagusienak Batzar Nagusian hartzen dira, ohikoak edo ezohikoak izan. Eguneroko gaiak, ordea, Zuzendaritzak erabakitzen ditu.
2025/08/25

Erakundea bere kideek kudeatzen dute —ez da kanpoko enpresa gestorerik kontratatzen horretarako- eta, beraz, konfiantza funtsezkoa da. Historikoki, Estatuko beste lurralde batzuetatik etorritako pertsonak integratu izan dituzte eta gizarte-maila diferenteetako kideak hartzen dituzte.

Organoetako partaide izatea derrigorrezkoa da aukeratua izanaz gero, eta karguak ez ohi dira ordaintzen.

Organizazioak berak erabakitzen du nor izan daitekeen bazkide; sartzean, kide berriak diru ekarpena egin behar du.

Lurraldean errotuta daude eta inguruko ekimenetan parte hartzen dute, askotan beste erakunde batzuekin interkooperazioan.

"Esan daiteke lur berean landare kooperatibo bi jaio zirela: bata lanerako (enpresa kooperatiboa) eta bestea aisialdirako (elkarte gastronomikoa)"

Bazkide batek erakundea uztea erabakitzen badu, jaso dezakeen zenbatekoa ez dago erakundeak duen balioarekin lotua, bere garaian egindako ekarpen ekonomikoarekin baizik. Ildo berean, ezohiko batzar nagusi batean erakundearen jarduera etetea erabakiko balitz, ondarearekin ezin daiteke egin edozer gauza; interes publikoa sartzen da tartean. Jabetza, erabilera-jabetza da nolabait.

Ezaugarri horiek guztiak aski ezagunak izango zaizkizu eta, nola ez, pentsatuko duzu MONDRAGONeko kooperatibez ari naizela. Baina ez. Hona ekarri ditudanak euskal elkarte gastronomikoen ezaugarriak dira.

Izan ere, antzekotasun asko dituzte elkarte gastronomikoek eta kooperatibek (azken hauek askoz konplexuagoak badira ere). Euskal Herriko lehen kooperatibak eta elkarte gastronomikoak XIX. mendearen bigarren erdian sortu ziren. Esan daiteke lur berean landare kooperatibo bi jaio zirela: bata lanerako (enpresa kooperatiboa) eta bestea aisialdirako (elkarte gastronomikoa).

Edonola ere, badago elementu oso kurioso bat. Elkarte gastronomikoez hitz egiterakoan inork ez ditu "printzipioak" edo "baloreak" bezalako terminoak erabiltzen. Elkarte gastronomiko bateko kide naiz urte asko dela, beste elkarte batzuetan lagunak ditut eta hainbat herritako txokoetan izan naiz bazkaltzen edo afaltzen, eta sekula ez ditut hitz horiek entzun. Interneten aurki ditzakegun definizioetan ere ez dira agertzen. Modu berean, bazkideek ez dute esaten "lehen bai zegoela elkarte espiritua".

Agian bestelakoa izango zen, 1844. urtean Ingalaterrako Rochdaleko kooperatibaren aitzindariek egin zuten bezala, Donostiako lehen elkarte gastronomikoaren estatutuetatik "elkarte gastronomikoen oinarrizko printzipioak" atera izan balira.