Galdu da espiritu kooperatiboa? (eta VIII)

Galdu da espiritu kooperatiboa? (eta VIII)

Ander Etxeberria, MONDRAGONeko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna
Kooperatibetako bazkideei kooperatibista esaten diegu. Hala ere, eta aldi berean, artikulu serie honetan nabarmendu denez, ez da arraroa entzutea pertsona kooperatibista asko ez direla geratzen edo, beste modu batean esanda, espiritu kooperatiboa galdu dela.
2026/04/24

Urte gutxi dela, munduko aldizkari ospetsuenetako batek MONDRAGONi buruzko artikulu bat idazteko asmoa agertu zigun. Kazetariak ez zuen azalpen erromantikorik eman nahi (MONDRAGONi buruzko kanpo bibliografian nahiko ohikoak direnak). Aste osoko programa diseinatu genuen berak eskatutako denetariko bilera eta bisitekin. Edonola ere, ez zen gustura geratu; zalantza zuen MONDRAGON ulertuko zuenik eta bertan behera utzi zuen bidaia. Udaberria zen. Urte amaieran, Gabonak zoriontzeko mezua bidali nionean, erantzun zidan MONDRAGON ezagutzeko gogoa ez zuela galdu. Orduan, esan nion: “Ohiko artikulu bat idatzi beharrean, zeinetan kooperatibistak aparteko pertsonak bezala agertzen baitiren, kooperatiba pertsona normalek egindako beste mota bateko enpresa bat bezala azaldu ahal duzu”. Eta gehitu nion: “Programan gehituko dugu ostiral arratsaldean nire kuadrillara batuko zarela poteatzera; eta, hotelera bueltatzean, galdetzen badizugu lagunen artean zein den kooperatiba bateko bazkide eta zein ez, ez zara gai izango asmatzeko, denok pertsona normalak baikara”. Handik gutxira, bere erantzuna etorri zen: “Joango naiz”.

“MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboak erakusten du bertutea modeloan bertan dagoela. Nolabait esateko, hasierako fundatzaileek eta Arizmendiarrietak zituzten baloreak egituran haragitu zituzten”

Ez zen gai izan MONDRAGONeko kooperatibetan nork lan egiten duen identifikatzeko. MONDRAGONeko kooperatiben historiako beste edozein unetan erreportajea egin izan balu ere, hirurogeiko hamarkadan edo laurogeita hamarrekoan izan, ez litzateke gai izango diferentziatzeko.

Kooperatibistak ez dira, ez kooperatibistekin alderatuz, moralki hobeak. Hobeagoa dena kooperatiba bera da. MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboak erakusten du bertutea modeloan bertan dagoela. Nolabait esateko, hasierako fundatzaileek eta Arizmendiarrietak zituzten baloreak egituran haragitu zituzten. Horrela, adibidez, bazkide berria onartzen denean, arauak jarraituz, langile horrek boto bat izango du batzar nagusian; aldi berean, arauak jarraituz, langile horren ordainsaria 1 eta 6 artean zedarrituta egongo da; edo kooperatiba bat erortzen bada, arauak jarraituz, bazkideei lekua bilatzen zaie beste kooperatiba batzuetan. Ez da eztabaidatu behar. Arauak dira.

Berrogeita hamargarren hamarkadaren erdi aldera, Arizmendiarrieta eta aitzindari haiek enpresa mota berria asmatu zuten, beste enpresa eredu batzuetan oinarrituta; pertsonak garrantzitsuagoak diren eta gizartean eragin positiboagoa duen enpresa-mota. Kooperatiba izena hartu zuen. Eta egitura hori, kooperatiba, kooperatibistak sortzen joan da, bizikletan ibiltzean txirrindulari bihurtzen garen modu berean.