Galdu da espiritu kooperatiboa? (VII)
Egungo kapitalismoak ez dauzka Max Weber-ek hasierako kapitalismoan, XVI eta XVII. mendeetan, identifikatu zituen ezaugarriak. Soziologia modernoaren aitzindarietako bat izan zen Max Weber-ek sistema horren sorrera aztertu zuen Etika Protestantea eta Kapitalismoaren Espiritua (1905) liburuan. Bere esanetan, lehenengo enpresari gehienak protestanteak (kalbinistak, konkretuki) izan ziren. Zerk bultzatzen zituen arrakastara? Jaungoikoari zerbitzatzeko nahiak.
Sinplifikatuz, Ekialdeko erlijioek kontenplazioari ematen badiote garrantzia, kristautasunean nolabaiteko tentsioa dago. Kristautasunean pertsonek salbazioa lor dezakete baldintza batzuk betetzen badituzte: katolikoen kasuan, batik bat egintza onak egiteagatik; kalbinisten kasuan, arrakasta materiala lortzeagatik. Azken horri batu behar zaio mende haietan salbazioa itzelezko kezka zela eta apaizek izugarrizko influentzia zutela. Guztira, kalbinisten artean etika berria agertu zen: betebehar izaera zuen, batetik, gogor lan egiteak eta, bestetik, zuzentasunez bizitzeak.
Bekatu handiena denbora galtzea zen. Adibidez, kirola egiten bazuten, ez zen gozamenerako, baizik eta errendimendu fisikoa gehitzeko. Ez zegoen denbora galtzerik; denbora dirua zen.
Etika horrek jokaera ekonomiko arrazionala sustatu zuen: zenbat eta aberastasun gehiago metatu, orduan eta ardura handiagoa izan behar zuten kapital hura erabiltzeko. Berriz inbertitzen zuten eta handiagoa zen gogoa etengabeko lanaren bidez ondasuna areagotzeko.
“Kristautasunean pertsonek salbazioa lor dezakete baldintza batzuk betetzen badituzte: katolikoen kasuan, batik bat egintza onak egiteagatik; kalbinisten kasuan, arrakasta materiala lortzeagatik”
Bestalde, soiltasunez bizi ziren, handikeriatik urrun. Aberastasuna ez zuten baliatzen luxuzko bizitza izateko.
Egoera bitxiak gertatu ziren (gaurko begiradaz ikusita). Salbazioa indibiduala izanik, pertsona bakoitzak bere kabuz lortu behar zuen arrakasta; kasu batzuetan aita dirudunak ez zien seme alabei herentzia utzi haiek beren kabuz demostratzeko Jaungoikoaren begikoak zirela.
Aurrerago, mundu honetako aberastasunen erakargarritasunak hasierako espiritua menperatu zuen eta kapitalismoak hastapen hura ahaztu zuen.
Dena dela, eta Europako hegoaldean erlijio nagusia katolikoa bada ere, goian aipatutako jokaera batzuk presente daude orokorrean euskal gizartean: lanaren garrantzia (ergela baino, larriagoa da inori alferra deitzea) eta handikeriarik eza (nekez ikusten ditugu gure artean gama altuko kotxe eta ordulariak), esate baterako.