Kooperatiba mundura zabaltzen*

Kooperatiba mundura zabaltzen*

Igor Herrarte. Mondragon Assemblyren presidentea
Mondragon Assemblyn azken hamarkadetan bizi izan dugun nazioartekotze prozesuak erronka handiak ekarri dizkigu, baina baita aukera apartak ere.
2026/04/22

Gure kooperatibak, Aretxabaletan (Gipuzkoa) duen egoitza nagusiaz gain, munduan zehar sakabanatutako zortzi filial ditu, eta gaur egun langileen %75a inguru filial hauetan ari dira lanean. Testuinguru horretan, gure kezka nagusietako bat izan da nola mantendu kooperatibaren izaera eta balioak eta nola hedatu hauek gure filialetara, hain urrun dauden lantaldeetan.

Distantzia fisiko, kultural eta juridikoek zaildu egiten dute feeling kooperatiboa modu naturalean sortzea filialetan. Hau dela eta, Mondragon Assemblyn urte asko daramatzagu irtenbide propioa lantzen: proiektu kooperatiboa ondo azaltzen atzerrian, komunikazioan gardentasuna lantzen, gure zuzendari eta errektoreen presentzia filialetan areagotzen eta kanpoan dagoen jendea Aretxabaletara ekartzen, filialetako kultura ondo ulertzen, etab.

Komunitate kooperatibo globala

Orain arte modu intuitiboan landu dugu filialetan ere bazkideak egiteko gaia, baina erreminta erabilgarria dela konturatu gara. 30 urte badira lehenengo atzerriko bazkideak egin genituenetik eta esperientzia aberasgarria izan da norabide bietan. Kanpoan dauden bazkide hauek konpromiso handia erakutsi dute bai proiektu enpresarialarekiko, bai proiektu kooperatiboarekiko, eta horrek bultzatu gaitu filialetako langileentzat bazkide egiteko politika bat sortzera. Helburua argia da: kooperatibaren kultura barreiatzea eta gure talde globalak benetako komunitate kooperatibo gisa funtzionatzea. Espero dugu hurrengo urteetan politika hau garatuko dugula eta gure filialetan bazkide ugari izango ditugula.

“Mondragon Assemblyren etorkizuna globala da, baina gure sustraiak, gure balioak eta gure egiteko moduak kooperatiboak izaten jarraituko dute. Eta hori da mundu zabalean gure identitatearen bereizgarri izango dena eta lehiakortasuna ekarriko diguna”

Badakigu ez dela errealista filial horiek legez kooperatiba bihurtzea, tokian tokiko kulturak eta araudiek zaildu egiten dutelako. Gainera, botere harremanak birrorekatzeak ere bere zailtasunak ditu. Baina gure helburua ez da soilik forma juridikoa; kooperatibismoaren funtsa da gakoa. Praktikan, funtzionamenduan, lidergoan eta harremanetan, filial horiek kooperatibaren printzipioetara hurbiltzea nahi dugu: parte-hartzea, konfiantza, gardentasuna eta jabetza partekatua. Hauek dira gure lehiakortasuna bermatzen duten oinarriak, eta gure etorkizun kooperatiboaren giltza ere bai.

Horrez gain, COFIPen banaketa edo beste integratze-tresna batzuk aztertzen ari gara filialetan kooperatibarekiko lotura sendotzeko. Azken batean, gure ustea da kooperatibaren benetako indarra ez dagoela soilik Aretxabaletan, munduan zehar gure proiektua defendatzen duten pertsona guztiengan ere badagoela.

Mondragon Assemblyren etorkizuna globala da, baina gure sustraiak, gure balioak eta gure egiteko moduak kooperatiboak izaten jarraituko dute. Eta hori da mundu zabalean gure identitatearen bereizgarri izango dena eta lehiakortasuna ekarriko diguna.

*(edo kooperatiba global bat sortzeko apuntetxoak)