Kolaborazioak

Hau bukatzean...

2020/04/14

Hau bukatzean... zenbat gauza aldatu beharko diren, ezta? Dagoeneko, zenbat aldiz esan, entzun, irakurri edo pentsatu dugu hori? Benetan uste al dugu hainbeste aldatuko direla gauzak, ala beteko al da Daniel Innerarityren profezia: «gizakiok ikasi... bai, beti ikasten dugu, baina modu amorragarriki mantsoan gehienetan»?

Bizitza begi kliska batean aldatu zaigu. Orain hilabete pasatxo, martxoaren 8an, berripaper honetan azken artikulua idatzi nuenetik, dena hankaz gora jarri zaigu: bizitza, mundua, komunikabideen jarioa, komunitatea irudikatzeko erak, giza harremanak... dena.

Mundu guztia aieru ari da: hau eta beste aldatuko da, hau eta beste gertatuko... Aitortu behar dizuet nik ez dakidala zer gertatuko den. Pronostikoak egiteko denbora gehiago behar dugula uste dut. Batzuek tunelaren amaierako argia ikusten duten bitartean, beste batzuek diote oraindik kiribilaren baitan gaudela. Berria da egoera: inoiz ez bezala, planetako mila milioika pertsona ari gara sentsazio berberak esperimentatzen milaka hizkuntza eta egoera desberdinetan. Batzuetan hunkitu egiten gara jendeak dolua nola bizi duen irudikatzean, inoizko bakardaderik umiliagarrienean. Besteetan, bizitzeko nahia parez pare dakusagu, osotasun ederrenean. Gure bizitzako kaier irrealena idazten ari gara.

Bizitza begi bistan. Itxialdiak muturren aurrean genuen errealitatea deskubritzeko parada eman digu. Ezer gutxi genekien gure etxe parean bizi diren bizilagunen bizitzaz. Etorbide zabalean bizi gara, norabide bikoitzeko kalean. Gure pisutik pareko etxebizitzetara 25 bat metro egongo dira. Parez pare ditugu balkoiak. Parez pare aurpegiak. Ez diogu inoiz hainbeste denbora dedikatu elkarri begiratzeari, lotsarik gabe gainera. Aparteko aukera da parean dugun komunitatea ezagutzeko, inguratzen gaituen paleta kromatikoaren aniztasunez jabetzeko. Esaterako, atentzioa eman digu umeen presentzia sinbolikoak. Konfinamendu honen ahaztuak dira, zalantzarik gabe. Hasiera batean, ikusezinak zirela zirudien, baina hor daude. Batzuetan, beren burutxoak leihoetako beheko hegitik gora ikusten dira, saltoka dabiltzanean; orain gora, orain behera. Baina leihoetan bai, hor bai da agerikoa haien presentzia, haien ostadar koloretsuak. Gutxienez bost bat ikusten ditut gure leihotik. Italiako umeek hasitako Andrà tutto bene (Dena ongi egongo da) kanpaina gurera ekarrita. Hirugarren pisuan bizi diren umeek hitz bakarrean laburtu dute leloa: Eutsi. Zertarako konplikatu, ideia bera hitz bakarrean eman badaiteke? Globalizazioaren mila kolore Babelgo dorrearen bueltan.

20:00etako festara bai azaltzen dira etxeko txikiak. Harro. Txikitxoenak ama edo aitaren besoetan aupatuta, batzuetan flauta jotzen. Besteetan ukelelea... Nagusitxoagoak direnak balkoiari helduta azaltzen dira, txalo zaparradaren ikuskizunean gogotsu. Biziki zaratatsua da laugarrenean bizi den familia senegaldarra. Bikotea eta bi seme-alaba. Umeak sei eta zortzi urte ingurukoak izango dira. Horiexenak bai zartako galantak, horiexenak bai jauzi ikusgarriak, horiexenak bai agur eta irri konplizeak.

Miseriak ere muturren aurrean. «Gutxienez, gaixotasunak berdin-berdin jo gaitu guztiok», entzun dugu han eta hemen. Gezur biribila. Osasun sistemak ez dira berdinak estatu guztietan. Etxealdia ez dugu denok berdin bizitzen. Ez da gauza bera leihorik gabeko gela ziztrin batean bizi, pisu arrunt batean egon edo landetxe edota baserri eder batean izan. Ez. Konfinamenduak ez gaitu berdindu. Klase sozialak inoiz baino ageriago daude.

Gizarte eragile guztiek ere ez daramate berdin bakartze hau. Adierazpen publikoak egiteko moduan ikusten da. Batzuk etxeko egongelatik edo sukaldetik aritzen diren bitartean, beste batzuek —zenbait enpresaburuk, kasu— premium trataera dute komunikabideetan. Telebistetako platoetan ikusi ditugu bisitan, apokalipsi ekonomikoa iragartzen. Ez. Koronabirusak ez gaitu berdindu.

Biharamunaz hasi gara. Nire ezintasuna aitortu dizuet. Hona, berriz, bi ikuspegi desberdin. Lehena, liberalismo keynestarraren ahotsa den Financial Times kazetaren eskutik. Bigarrena, Espainiako Unibertsitate ministro eta globalizazioaren fenomenoa ongi ezagutzen duen soziologo Manuel Castellsen ahotik.

FTen kontseilu editorialeko aburua da ondorengoa, hil honen 3an plazaratua: «Beharrezkoa izango da erreforma erradikalak mahai gainean jartzea, azken lau hamarkadetan nagusi izan den norabide politikoa inbertituko duten erreformak. Gobernuek rol aktiboagoa onartu beharko dute ekonomian. Zerbitzu publikoak, pasiboak bezala ikusi ordez, inbertsio gisara ikusi beharko dituzte, eta lan merkatuak ez hain ezegonkorrak bilakatu. Aberastasunaren birbanaketa berriro agendan izan beharko da eta zaharren eta aberatsen pribilegioak auzitan jarri. Orain gutxi arte eszentrikotzat jo diren politikek, hala nola errentaren eta aberastasunaren gaineko oinarrizko zergak, aterabidearen parte izan beharko dute».

Hilaren 4an, Manuel Catellsek La Vanguardia-n berea utzi zigun: «ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, herrialde garatuetan, konfinamenduko hilabete bakoitzean BPGaren hazkundea bi puntu jaitsiko da. Atera kontuak. Zalantzarik gabe, mundu mailako atzeraldi sakon eta luze batean sartuko gara, eta 2008koa baino finantza krisi okerragoa izango da, enpresak berriro zorpetu direlako, berriro ere hau dena pagotxa zela pentsatuta. Bizkitartean, Txinak birusaren hedapena geldiarazi du (nahiz eta oraindik erasan), eta %2 haziko da aurten. Horrek munduko hegemoniaren funtsezko aldaketa ekarriko du. Ez da munduaren amaiera. Baina bai mundu baten amaiera. Orain arte bizi izan dugun munduarena, alegia».

Eusko Jaurlaritzak aurten BPGaren %3,6ko jaitsiera aurreikusi du. 2021erako, berriz, %2,6ko igoera. Ikusi egin behar. Nik, esan bezala, ez dut klaru ikusten. Denbora behar dut. Horixe gaur duguna, denbora. Gaur, Aberri Egunean, balkoira aterako gara, 12:30ean, Txoria txori kantatzera, beldurrak astintzera, parekoei besarkadak eta musuak eskaintzera, muturren aurrean dugun paisaiaz gozatzera.

Eta hau bukatzean...

Iturria: www.berria.eus

Eguraldia
Ostirala 18 Min: 18
Max: 30
Larunbata 19 Min: 15
Max: 23
Igandea 20 Min: 14
Max: 21
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak