Aurrera begira

Aurrera begira

Iñigo Iñurrategi
Izen zatarreko gaitz honi aurre egiteko ahalegin betean ari gara guztiok, bakoitza bere modura. Batzuk lehenengo lerroan osasun zentroetan, beste hainbat oinarrizko zerbitzuak bermatzen eta gainontzekoak etxean zain, lanetan, elkar zaintzen, guztiok ere bizitzak aurrera egin dezan ahalegintzen.
2020/04/22

Momentu honetan lehentasuna bat-bateko gaitz uholdeak gure osasun sisteman eragindako ataka estutik irtetea da. Baina, lehenago edo geroago, osasun sistema estutasunetik irten eta bere onera etorriko da, eta poliki-poliki etxeetatik irten eta bizitza normalagoa egitera itzuliko gara. Hala ere, hilabete luzeetan txertorik ez dugu izango, eta, beraz, gaitzarekin elkarbizitzen ikasi beharko dugu. Gaitza presente egongo denez, kolektibo zaurgarrienak babesteko neurriak hartu beharko ditugu.

Alde batetik, birusaren hedapenari aurre egiten jarraitzeko neurriak hartu edo mantendu beharko ditugu, eta ikasi beharko dugu bizitza sozialean, bai kalean, bai lantokietan, guretzako berriak izan daitezkeen zenbait neurri hartzen. Adineko jendeak eta osasun arazoak izan ditzaketenek, gainera, neurri gehigarriak hartuz jarraitu beharko dute.

Bestetik, krisi sozioekonomikoari aurre egin beharko diogu. Horretarako, ezinbestekoa izango da, batetik, gure ekonomia berraktibatzea lehenengo sektoreari eta industriari dagokionez, lana berreskuratu eta lan errenten bitartez gainontzeko zerbitzuak finantzatu eta aktibatu ahal izateko. Lantegietan protokolo zorrotzak ezartzea eta baliabide egokiekin negozioen bideragarritasunari eusteko gai izatea estrategikoa izango da. Baina hori ez da nahiko izango. Administrazio maila ezberdinetako erakundeek ahalegina egin beharko dute herritar guztiok oinarrizko baliabideak izan ditzagun, batez ere ahulenak babestuz. Merkataritzan, zerbitzu arloan edo kulturgintzan, besteak beste, aktibitatea berreskuratzeko baldintzak egon daitezen estrategia berriak landu beharko dira.

Horretarako guztirako diru asko beharko da. Tentuz, baina behar beste zorpetu beharra daukagu. Jakinda zorpetze horrek urteetarako faktura ekarriko digula. Belaunaldien arteko elkartasuna aktibatu eta ausart jokatzeko garaia da. Zorraren faktura ordaintzerakoan molde berriak asmatu beharko ditugu azken krisian bezala herritar soila izan ez dadin ordaintzaile nagusia.

Krisi honek gauza asko birpentsatu beharra ekarriko digu etorkizunera begira: osasun zerbitzu publikoan inbertsioa handitu beharra, zaintza aktibitate guztien zentraltasuna kontuan hartu eta, beraz, hauek balioestea, krisi egoerei aurre egiteko herrialde bakoitzak ekoizpen sektore estrategikoak mantentzea… Hartu beharko dugu aurrerago denbora hau guztia patxadaz aztertu, hala badagokio kontuak eskatu eta ondorioak ateratzeko, baina orain adostasunak lortu eta elkarrekin aurrera egiteko garaia da.

Gurean, batez ere bai agintean bai oposizioan dauden politikariei, sindikatuetako arduradunei, enpresaburuei eta kooperatibetako organo ezberdinei eskatuko nieke egoeraren osotasuna kontuan hartuz adostasun sendo eta berrien bila zorrotz eta eskuzabal jokatzeko. Jar ezazue komunitatearen interesa beste edozein interes partikularren aurretik. Egizkiguzue adostutako proposamen ausartak. Horrela izanez gero, herritarrok gogotik erantzungo dizuegu, ez izan dudarik.

Artikulua hemen publikatu da: www.goiena.eus