Irakurriena
- 1. TFG-TFM MONDRAGON Sariek talentua saritu dute inoizko parte-hartzerik handienarekin
- 2. MONDRAGONek eta Fagor Electronicak Semi Zabalan inbertitu dute
- 3. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioak 400 lagun baino gehiago elkartu ditu Bilbon
- 5. Guido Agostinelli dibulgatzaile argentinarrak MONDRAGON bisitatu eta sareetan arrakasta lortu du milioitik gora ikustaldi lortuta
- 6. Azaroak Arizmendiarrieta ekarriko du gogora
Iñaki Ormaetxe, in memoriam
"Heriotzak jota uzten gaitu beti, baita iragarritako zerbait denean ere. Iñaki Ormaetxek utzi egin gaitu, eta oso tristea da hura galtzea, oraindik ibilbide profesional oparoa eta bizi luzea baitzituen aurretik. Bizitza profesional betea, gogotsua eta sortzailea izan du, eta fruituak eman ditu azken hasperenera arte. Duela 20 urte hasi zen LKSn, kooperatibako lehendakaria izan da zortzi urtean, eta azken denboraldian LKS Legalen aritu da zuzendari lanetan, harik eta gaixotasunak guztia zapuztu dion arte.
Are pena eta min handiagoa sentitzen dugu, gainera, kaosak, beldurrak eta metro eta erdiko distantzia zorroztasunak besarkadak debekatzen dituzten unean joan zaigulako.
Ezin konta ahala bertute zituen Iñakik. Abokatu iragarle baten talentua. Proiektuek arrakasta izango badute, lanordu luzeak egin behar direla dakienaren irmotasun nekaezina. Kolaboratzaileen ekarpen grinatsurik gabe, balio duen lidergorik ez dagoela oso gogoan duenaren jarrera. Betebeharraren zentzua, zintzotasuna, giza harremanetarako eta elkarrizketarako zaletasuna, umorea…
Abokatutza zale amorratua zen Iñaki, kooperatibisten semea eta bera ere uste osoko kooperatibista, eredugarria bere balioetan eta LKSren proiektuarekiko konpromisoan. Musika eta akordeoiarekiko zeukan grina ere ez zen txikiagoa. Eta, jakina, bere bizitzako pasiorik handiena bere hiru maiteak ziren: Aintzane emaztea eta Naroa eta Ainhoa alabak.
Zortea dugu Iñaki bezalako gizon eredugarri baten alboan lan egin ahal izan dugulako. Eta benetan atsekabetzen gaitu gure artean gehiago ez izatea. Asko botako dugu faltan.
Abiatu aurretik, hainbat aholku utzi dizkigu: aholku samurrak bezain sakonak, hurbilak bezain arrazoizkoak… halakoxea baitzen bera ere. Geure baitan gorde eta zainduko ditugu guztiak.
Dagoeneko ez dago gurekin, baina, zalantzarik gabe, gure parte da. Eragina izan zuen gure erabakietan, gure jardueretan, gure jokabideetan. Nahiz eta jada ez dagoen, gure artean jarraitzen du. Eta halaxe egongo da LKSk irauten duen bitartean.
Eta harro aldarrika dezakegu: handietan handienetako bat joan zaigu; miresten, errespetatzen eta maite genuen norbait. Eta haren eskaera onartu, eta ohoratu egingo dugu, kosta ahala kosta: Berri tristerik ez! Irribarre bat, mesedez!
Agur, LEHENDAKARI jauna".
Alberto Benavente, LKS S.Coop.eko lehendaria, LKS familia osatzen duten pertsona guztien izenean.