Galdu da espiritu kooperatiboa? (IV)

Galdu da espiritu kooperatiboa? (IV)

Ander Etxeberria, MONDRAGONeko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna
Kontraesanik gabe ez dago aurrerapenik. Enpresa kooperatiboetan ere horrela gertatu da. Eta gertatuko da.
2025/04/30

Alfonso Gorroñogoitiak, erretiratzera zihoanean, honela esan zuen Caja Laboral Popularreko batzar nagusian 1989ko martxoan:

«Muchas veces me he preguntado, con preocupación, qué tendrán nuestras cooperativas para haber dejado tanta estela de insatisfacción personal y para que todos, o muchos cuando menos, sigan pensando que la cooperativa les debe algo, un algo que además nunca podrá llegar a pagar. Y he llegado a la sencilla conclusión de que a veces pedimos a nuestras construcciones sociales, humanas e imperfectas de suyo, cosas que no nos pueden dar, y que quizá los postulados iniciales fruto de fervores noviciales, soñaron esperanzas inalcanzables en la dura realidad de la vida empresarial».

Enpresa formula kooperatiboak, nahi ala ez, espektatibak sortzen ditu. Badu pekatu originala, nolabait esatearren. Izenak berak, sozietate kooperatiboa, izaera positiboa aldarrikatzen du: kooperazioa. Sozietate anonimo terminoak, bere aldetik, ez du konnotazio positiborik. Hortaz, batean bidegabekeriek ez lukete lekurik izan behar eta bestean ez legoke arrazoirik horiek ez gertatzeko.

“Enpresa formula kooperatiboak, nahi ala ez, espektatibak sortzen ditu. Izenak berak, sozietate kooperatiboa, izaera positiboa aldarrikatzen du: kooperazioa”

Izenaz gain, XIX. mendetik, mugimendu kooperatiboak printzipio batzuk aldarrikatzen ditu. Gure kasuan, 1987an onartu zen Mondragoneko Esperientzia Kooperatiboaren oinarrizko printzipioen deklarazioa. Hamar postulatu dira. Horien baitan demokrazia, solidaritatea eta parte hartzea bezalako kontzeptuak agertzen dira. Kontua da, idatzita dagoenaz haratago, pertsona bakoitzak espero duena eta errealitatea ez datozela bat, ezinbestean. Izan ere, hamar printzipioen aplikazioa aztertzen badugu, asmo handikoak izanik, guztietan identifika daitezke kontraesanak teoria eta praktikaren artean. Zer esanik ez, sozietate anonimoetan ez dago horrelako manifesturik eta, ondorioz, ez dago inkoherentzia posiblerik.

Sozietate anonimo batean, egunerokotasunean, langileak kalteren bat izaten duenean, bere erreakzioa seguruenik ez da modelo kapitalistaren aurka joatea. Naturala da kapitalismoak horrela jokatzea. Ibilbide profesionalean zehar pilatutako ezbeharrak normaltzat hartzen ditu. Kooperatiba batean gertatzen denean, ordea, honelakoak entzuten dira: “dagoeneko ez dago espiritu kooperatiborik”, “hau ote da gizatasuna lanean?”, “ez iezadazu solidaritateaz hitz egin” eta abar luzea.

Alfonso Gorroñogoitiak, aipatutako testuan, identifikatu zuen hasierako belaunaldien atsekabea. Hurrengo belaunaldietan, ordutik gaurdaino, berdina azaleratzen da. Eta enpresa kooperatiboan horrela jarraituko du, kontraesanik gabe ez baitago aurrerapenik.