Erakusleihora

Erakusleihora

Nora Inoriza, Diseinatzailea estrategikoa Diaradesign-en (krean)
Diseinu estrategikoa aintzat hartuta zazpi haizetara ari da Nora diseinatzaileak gauzak bere lekuan jarri nahian.
2023/12/06

Pertsona batzuek marraztearekin lotzen duten bitartean, beste batzuek modarekin edo mundu grafikoarekin lotzen dute. Eta egia esan, ez daude oso urrun, diseinuak hainbat diziplina adarkatzen baititu. Baina, jakina, ezezagunetariko bat Diseinu Estrategikoa da, prozesu eraldatzaileak errazten dituen disziplina nagusia. Horixe da, hain zuzen, nire lana.

Diseinu Estrategikoak erakunde baten existitzeko helburu nagusia aurkitzen laguntzen du. Etorkizuneko ikuspegia identifikatzen ahalbidetzen du. Negozioak edo sistemak garatzeko estrategia berriak inspiratzen ditu. Izkutaturiko aukera berriak topatzen ditu. Produktuak, zerbitzuak eta pertsonak lerrokatzen ditu. Hitz egitea, entzutea, behatzea, integratzea eta lankidetzan aritzea ere bada.

“Diseinu Estrategikoak erakunde baten existitzeko helburu nagusia aurkitzen laguntzen du. Etorkizuneko ikuspegia identifikatzen ahalbidetzen du”

Erakundeen ahalmen eraldatzailea

Erakundeak izugarrizko botere eraldatzaile duen aukera galtzen ari dira ezjakintasunagatik, eta pena handia ematen dit.

Agian horregatik animatu nintzen irratian Diseinu Estrategikoari buruzko hausnarketak partekatzera. Bi asteazkenero, BAIPASA programan parte hartzen dut, Euskadi Irratian. Horietan, diseinua herritarrei hurbiltzen saiatzen naiz, konplexua dena sinplifikatuz, eta gizarte eta sistema osasungarriagoak sortzen nola lagun dezakeen erakutsiz.

Hala ere, oraindik senideak eta lagunak ditut zertan aritzen naizen kontatzen ez dakitenak. Gauzak diseinatzen ditudala esaten dute. Hasieran azaltzen saiatzen nintzen, baina orain ez... iruditzen zait ondo islatzen duela gizarteak diseinuarekin duen harremana: ezjakintasunekoa.

Eta ez dut uste diseinatzaileok ondo komunikatzen ez dakigulako izango denik. Uste dut kulturalki eta denborarekin aldatzen joango dela, askoren ahaleginarekin (batez ere diseinatzaileak) eta guztion laguntzarekin. Diseinu Estrategikoak gauzak bere lekuan jartzea bilatzen du, eta berak ere berea aurkituko du laster.