Egoera korapilatsuan kooperatibismoa aukera gisa

Egoera korapilatsuan kooperatibismoa aukera gisa

Mirene Zufiaurre, Lanki ikertegiko ikerlaria
“Zin egiten diot jainkoari, eta hitzeman herriari, kolonbiako konstituzioa eta legeak leialki beteko ditudala”. Gustavo Petro Kolonbiako presidente berriaren hitzak izan ziren 2022ko abuzturen 7an kargu hartze egunean. bere alboan, Francia Marquez, presidenteordeak hitz hauek gehitu zituen: "Kolonbia eraldatzeko agindu historikoa da gaurko garaipena. Duintasunagatik, justizia sozialagatik eta ingurumen justiziagatik, gure askatasunagatik. Osotasun eta gardentasun konpromisoa hartzen dugu. Bizitzaren aldeko mandatua izango da".
2023/01/05

Zinak zin eta aurrera pausoak aurrera, Petro presidenteak duen egoera politikoa korapilatsua izaten jarraitzen du askotariko norabidetan. Kolonbiako bake-prozesuaz hitz egiten dugunean, 53 gerra-urteren ondoren, FARC-EP gerrillak eta Kolonbiako Estatuak sinatutako bake-akordioaz mintzo gara.

Kolonbian, 2016ko abenduan bake akordioak sinatu zirenetik, 160 gerrillari ohi eta 600 "lider sozial" baino gehiago hil dituzte. Bake akordioen ondorenean bizi da Kolonbia, bake osora iritsi nahi eta ezinean. Herrialdeak normaltasun itxura eskaintzeko ahaleginean dihardu, baina indarkeria gordea du oraindik sakoneko egituretan. Medellingo Memoriaren Etxean, bisitariak honako testua irakur dezake, Kolonbia osoaren metafora bailitzan:

“Ez dago egia bat. Ez dago historia osorik. Norberak kontatzen du, bere ikuspegitik, izandako rola. Eta elkar gurutzatzean eraldatzen dira kontakizunak, aberastuz eta korapilatuz”.

Kolonbiako geografia osoan gurutzatzen baitira istorio eta historia ezberdinak, etsaien bertsio kontrajarriak, frakzioak eta zauriak, norbere ahots eta kontakizunez blai, elkar nahaspilatuz, eta 6 urte ondoren, bake izan nahi duen egoerak ezinean jarraitzen du.

Bake handia

Egia bat ez badago ere, Estatuak eta FARCek, Amerikako kontinenteko gerrilla talderik handiena eta zaharrenak, bakeakordio bat sinatu zuten 2016an, eta, hala, trantsiziorako hiru erakunde sortu ziren: Bakerako Justizia Berezia, Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitatea eta Egiaren Batzordea.

Egiaren Batzordeak proposaturiko agertokia ireki du Gobernu berriak, non bake totala deritzonetik bake handira jauzi egin nahi den. Elkarrizketaeta negoziazio-prozesuak abiatu dira altxamendu armatuan jarraitzen dutenekin, baina ez haiekin bakarrik. Bake handiak mundu guztiarekin hitz egiteko mandatua du, konnotazio politikoa duten altxamenduekin, jakina, baina baita armak dituzten beste guztiekin ere kriminalitatearekin edo legez kontrako errentarekin lotutako talde armatuak, adibidez. Batzuekin eta besteekin ez da eskema bera erabiliko, baina ahaleginak merezi du.

Bakea ez da soilik armak isiltzea, gatazkaren jatorrian egon ziren arazo sozialak konpontzea ere bada, eta bide horretan urratsak labankorrak dira. Bake Akordioa gaitz guztien panazea balitz bezala aurkeztu bada ere, duintasuna ezartzeko oinarriak jasotzen ditu.

Bake akordioaren lehen puntua: Nekazaritzaren erreforma

Nekazaritzaren erreforma integrala da bake akordioaren lehen puntua. Lurraren jabegoa izan zen gatazka politikoaren jatorria, laborariak kanporatu baitzituzten, eta irtenbidearen ardatza lur horiek nekazarien eskuetan jartzea datza egun ere. Arazoak lurra izaten jarraitzen du, horregatik bake negoziazioen lehen puntua, zailena, nekazaritza erreforma integralarena izan zen.

Orain arteko garapenaren ikuspegiak, besteak beste, heriotza, giza eskubideen urraketa, indarrezko desplazamenduak eta bizitza duina izateko baldintzen galera ekarri dizkie.

Egingo ote dio tira presidente berriak hari-mutur askotariko korapilo honi?

Lurren jabetza eta nekazaritza erreforma integralaren aldarrikapen politikoarekin bat, komunitatea izaten jarraitu eta duintasunez bizitzea ahalbidetzen duten garapenaren ikuspegi baten aldeko apustua egin dute hainbat herri eta komunitatek. Izan ere, orain arteko garapenaren ikuspegiak, besteak beste, heriotza, giza eskubideen urraketa, indarrezko desplazamenduak eta bizitza duina izateko baldintzen galera ekarri dizkie.

Kooperatibak eta kooperatibismoa

Lurra bereganatzearen aldarrikapen eta ametsarekin bat, Kooperatibak borroka armatua eta indarkeria jasan duten eremuen proiektu sozialaren tresna politiko, sozial eta ekonomikoak bilakatu dira Bake Akordioaren ondorengo garai hauetan. Kooperatibak eta kooperatibismoa landa eremuetan bizi diren herritarrekin egitea da asmoa, ez da soilik gerrillariak komunitateetara itzultzea, baizik eta hobetzea gerraren ondorioak gehien jasan zuten komunitateen bizimodua. Baztertuak izan diren komunitateen duintasuna da azken helburua. Horregatik, kooperatibak ez du soilik izaera ekonomikoa, baizik eta soziala, kulturala eta ingurumenekoa.

Kolonbiako esperientziarekin elkarrizketan

Bake-oztopo guztien gainetik, badira bake-hitzarmena eusteko sendotasuna erakutsi duten bakeeragile eta bidelagunak ere. Gatazka-ondoko agertoki horretan, nazioarteko babes ekonomikoarekin eta politikoarekin, Kolonbiako bakearen kontsolidaziorako hainbat egitasmo loratu ziren, tartean, euskal egitasmo kooperatiboa. Helburua da ekintzailetzaren bitartez ekonomiaren garapena suspertzea, eta enplegu sozialak sustatzea kooperatibagintzan eta ekonomia sozialean oinarrituta. Testuinguru horretan, 2017tik hona, elkar elikatze norabidean, Kolonbiako Cauca Iparraldean bake prozesuen alde lan egiten duten Herri Mugimendu antolatuekiko elkartasuna indartzen dihardugu LANKI Kooperatibagintza Ikertegian.

Cauca Iparraldea, itsasotik Andeetara zabaltzen dena, Kolonbiako lurralderik istilutsuenetakoa da. Biolentzia maila sakona, bortitza eta sistematikoa jasan duen lurraldea da. Gatazkak iraun bitartean, borroka armatua oso presente egon zen Cauca Iparraldean, eta ondorioz Kolonbiako Estatuaren partetik emandako giza eskubideen urraketak ere bai, hain zuzen ere indarkeria hori bizi izan zelako, eremu horretako biztanleen gehiengoak bakearen alde bozkatu zuen.

Gaur egun, zonaldeak jasaten duen gerra isilaren azpitik, berriz itzuliak, laborariak, komunitate afroak eta indigenak zigortzen dituen beste gatazkarik ere badago: kañaren jauntxoek, ondasun mineralak ustiatzen dituzten multinazionalak, narkoek eta paramilitarrek indigenen eta laborarien aurka egiten duten gerra zibil ez ofiziala, alegia. Bake prozesuaren osteko garaiotan gerrillak eta talde paramilitarrak agertokitik at geratu baldin badira ere, interes ekonomikoak eta enpresa transnazionalak zaintzen dituen Estatuak zonaldean diraute, baita horrek eragiten duen indarkeriak ere. Cauca Iparraldeko biztanleen ahotan darabil honako esaldia: Gerra garaietan indarkeria jasatea tokatu zitzaigun, eta bake garaietan indarkeria pairatzen jarraitzen dugu. Beste behin, gatazkaren erdian, lurraldetasuna eta burujabetza.

Euskal Kooperatibismoa erreferente

Kolonbiak berea duen kooperatibismoa oinarri harturik, gizarte ekonomiatik hurbilago dagoen eredu bat ezarri nahi dute euskal kooperatibismoaren eta beste hainbat erreferentzia hartuta. Tokiantokiko eragileekin bat, LANKI Ikertegitik abian dugun elkarlanaren helburua da nekazarien, indigenen eta afrikar jatorrikoen nekazaritza-ekoizpeneko tokiko erakundeetako lidergoak eta liderrak indartzea eta lurralde ikuspegia duten ekimen kooperatiboak eta interkooperazio estrategiak sustatzea. Bide-laguntzak, gizarteekonomia solidarioa, komunitarioa, interkulturala eta feminismoaren ikuspegi partekatua du oinarri.

LANKI Ikertegiak antolatzen dituen Gaikuntza Programa eta truke-bidaiek tokian-tokiko erakundeen antolaketa indartzea, eskualdearen artikulazio estrategia eta lankidetza bultzatzea dute helburu, beti ere landa-garapen sozioekonomikoa sustatuz. Bidelaguntzan prestakuntza teknikoa eskaintzen da Euskal Herrian eta Cauca Iparraldean. Ekimenak abian jartzean, tokiko eragileek, hainbat oztoporekin eta arazorekin egiten dute topo, esanguratsuena, segurtasuna da; hau da, nahiz eta orohar segurtasunak hobera egin duen, segurtasun eza eta indarkeria maila bortitza pairatzen da Cauca iparraldean. Bestetik, finantzaketa lortzeko zailtasunak, formazio teknikoaren gabezia, diru-laguntza publikoak eskuratzeko eta kudeatzeko zailtasunak, besteak beste, garapen sozioekonomikoaren eragozle trinko eta sistemikoak dira.

Badira Kolonbiako ertz honetan, erdigune hegemonikotik at, periferien ertz antolatuetan, errealitateak eraikiz jarduten duten mugimenduak. Erresistentzian dauden komunitate eta herrien indargune eta euskarri da norbere antolakuntza eta interkooperazioa (bere burua defendatzeko indarrik ez darabil). Gabezien eta zailtasunen putzua sakona bada ere, bizitza erdigunean jarriz, pertsonen eta herrien aniztasuna aintzat hartuz, badira aurrera egiteko estrategiak.

Herrialdetik inoiz alde egiten ez duen gerra bati aurre egiteko hauspoak?