Datu-kooperatibak pandemia sasoian

Datu-kooperatibak pandemia sasoian

Trebor Scholz eta Igor Calzada (argazkian)
"Kooperatiben zuriketa" saihesteko, datu-kooperatibekin egindako esperimentuak kooperatiben moduen azterketarekin eta historia luzearekin zerikusia duten komunitateekin batera garatu behar dira.
2021/05/26

artikuluaren egileak

Trebor Scholz New Yorkeko The New Schooleko Platform Cooperativism Consortium-aren (Plataforma-Kooperatiben Partzuergoaren) zuzendari sortzailea da. Komunitatearekin konprometitutako akademikoa, eta Open Society Foundations, USC Berggruen Institutua eta Harvard Unibertsitateko Berkman Klein Zentroko kidea). Igor Calzada (akademiko eta ikertzaile kide seniorra da, WISERDen, Cardiffeko Unibertsitatean eta Oxfordeko Unibertsitatean, eta Nazio Batuen erakundearen eta Eusko Jaurlaritzaren aholkulari estrategiko seniorra da; egun, Mondragon Unibertsitatea, HUHEZI-ko irakasle senior gonbidatua da Humanitate Digital Globalen gradu berrian, eta iraganean, Enpresagintza eta haren ikerketa zentroaren langile-ohia izan zen, zehazki 2002tik).

COVID-19a mundu osoko herrietara iritsi zenean, argi geratu zen datu-praktikak demokraziarekin oso lotuta zeudela: "Arrakala digitala" jada "datu-arrakala" ere bada. Bidegabeko datu-praktikei erantzuteko, datuen baliabide ekonomikoa tokiko datu-kooperatiben bidez antolatzea proposatzen dugu. Bereziki, post-pandemiaren susperraldiari begira eta Next Generation EU funtsen harira, ezinbestekoa izango baita datu-kudeaketa ereduak kooperatibizatzea. Horretarako plataforma eta datu-kooperatibak sustatzea ezinbestekoa dirudi, berriki, Europar Komisioaren Ikerketa Zentro Bateratuaren (EC-JRC) ikerketa honek azaldu duenez.  

Bereziki, datu-kooperatibak, haien kideen jabetzako datuak kudeatzeko sistemak dira. Datuak kideek onartutako arauei jarraituz bakarrik erabil daitezke. Datu-kooperatibek betebehar fiduziarioak dituzte bere interes-taldeekiko. Datuak tokian-tokian biltegiratzeak bultzatu egin ditzake komunitateak haren datuak biltzeari eta erabiltzeari buruzko erabaki kolektiboak hartzera. Komunitateek beren datuek eragindako diru-sarrerak erabil ditzakete aldaketa sozial positiboa lortzeko, ikerketa publikoa finantzatuz, adibidez. Datu-kooperatibak ekonomia kooperatibo digitalaren ekosistemaren parte dira.

Bereziki, datu-kooperatibak, haien kideen jabetzako datuak kudeatzeko sistemak dira.

Bartzelonako agintariek, esaterako, irmoki eskatu dute burujabetza teknologikoa Uber bezalako enpresek hirian lan egiten dutenean jasotzen dituzten datuen gainean. Britainiar akademiko talde batek aurrera egin du datu-trustei buruzko lanean. Zeelanda Berrian, datuen praktikek herrialdean nagusi den jatorri europarreko Pākehā biztanleria pribilegiatu egin zuten, komunitate indigena maoriak COVID-19ri buruzko datuetarako sarbide desberdin batekin utziz. Kanadan ere, datu bidegabeen praktikek indigenen subiranotasuna eskatzera eraman zituzten. Agian euskararekin hiztunak aurki hasiko gara ere eskubide digital eta subirautza eskatzen, mundu mailako datu-anabasa global honen artean.

Jabetza garrantzitsua da. Datuak kolektibizatzeko kooperatibak baino hoberik badago?

Nor litzateke ideologikoki egokiagoa datuak kolektibizatzeko kooperatibak baino? Printzipioz, kooperatibek ezin hobeak izan beharko lukete datuak partekatzerakoan. Azken finean, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (ICA) printzipioetako bat "kooperatiben arteko lankidetza" da: Kooperatibek modu eraginkorragoan zerbitzatzen dituzte beren kideak, eta kooperatiben mugimendua indartzen dute, elkarrekin lan eginez tokiko, estatuko, eskualdeko eta nazioarteko egituren bidez.

Baina gaur egungo enpresek ere ulertzen dute lankidetzaren boterea. Appleren eta Googleren arteko "koopetizioa" honen adibide bat da. Googleren bilaketa tresnaren truke, Applek 8.000 eta 12.000 milioi dolar artean jasotzen ditu urtero. Hori Appleren urteko irabazien % 14 eta % 21 artean dago. Enpresek hausnarketa-taldeak ere finantzatzen dituzte, beren jarduerei justifikazio intelektuala emateko. Edozein ikuspuntutik begiratuta, gaur egun –eta paradoxikoki– enpresak askoz hobeak dira beren arteko lankidetzan kooperatiben mugimendua baino.

Kooperatiben mugimendutik harago, ekonomia kooperatibo digitalaren aitzindariak balio katolikoetan, Afrikako Ubuntu filosofian eta budismoaren muineko biziraupen-ekonomian ere oinarritzen dira. Hirurek partekatzearen eta interkonektatzearen sen ona defendatzen dute. Baina Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeetan, kooperatiben arteko datu trukaketa kartelen eraketatzat har daiteke.

Datu-kooperatibak ekonomia digitalean jabego komunitarioarekin esperimentatzen duten pertsonen egoeraren parte dira

Datu-kooperatibak ekonomia digitalean jabego komunitarioarekin esperimentatzen duten pertsonen egoeraren parte dira. Baina, zergatik da garrantzitsua plataforma edo protokolo digitalen jabetza izatea? Aktiboen jabetzak ondorio sakonak ditu bizitzaren alderdi askotan; eragina du diru-sarreren desberdintasunean eta, zehazki, lantokiko eguneroko esperientzietan. Jabetza kooperatiboarekin, kideek batera erabakitzen dituzte jokoaren arauak. Datuak modu arduratsuan biltzea, biltegiratzea eta partekatzea da haien indarra askatzeko gakoa. Datu horien gobernantza izateak komunitateen eskubideak babestea dakar, baita datuen erabilera bidezkoa egitea, gizarte-onurara bideratuta dagoena. Honek gizabanakoek haien datuak enpresa teknologiko handien esku uzten dizkieten paradigma aldatu eta jabego komunitarioko sistema batera zuzentzen du. Komunitateek gorde egiten dituzte datuen gaineko eskubideak, erantzukizuna, lege-arauak eta ordezkaritza fiduziarioa. Datu-kooperatibekin, datu-bilketak komunitateentzat onuragarria den alderdietan jartzen du arreta. Horiek erabakitzen dute zer datu biltzen diren haiei buruz eta zertarako. Misioa desbideratzea saihesteko, datu-kooperatibek bat egin behar dute erakunde bat kooperatiba izatea eragiten duen definizio orokorrarekin: Kooperatiba bat borondatez elkartutako pertsonen elkarte autonomo gisa definitzen da, haien behar eta asmo ekonomiko, sozial eta kultural komunak betetzeko, demokratikoki kontrolatutako jabetza bateratuko enpresa baten bidez.

Definizio hori garrantzitsua da, kooperatibak autonomoak direla eta borondatez antolatzen direla erakusten duelako. Eredu kooperatiboa inposatzea ez da oso erabilgarria, eta kaltegarria izan daiteke.

Datu-kooperatiben aitzindariak

Nabarmena da datu-kooperatibak ez direla irudimen akademikoaren emaitza; gure artean daude jada. Kasu adierazgarri batzuk Salus, Driver 's Seat, LBRY, dOrg.tech eta MiData, Gooddata, Mnemotix eta Polypoly dira. Salus Koop. osasunaren ikerketarako irabazi-asmorik gabeko datu-kooperatiba bat da (osasun-datuei eta bizimoduari lotutako datuei erreferentzia eginez, hala nola pertsona batek egun batean egiten dituen urratsen kopurua neurtzen duten datuei), Bartzelonan sortua 2017ko irailean. Herritarrek bultzatutako gobernantza eta osasun datuen kudeaketa eredu bat sortu nahi du Salusek. Herritarrek beren osasun-erregistroak kontrolatzeko dituzten eskubideak legitimatzen ditu, eta, aldi berean, osasun-arloko ikerketa publikoaren berrikuntza bizkortzeko datu-trukea errazten du.

MiData koop. Elkartearen adibidea

Era berean, MiData 2015ean sortutako "osasun-datuen kooperatiba" bat da. MiData koop. ek herritarrei aukera ematen die haien datu pertsonaletarako sarbidea modu seguruan biltegiratzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko, irabazi asmorik gabeko nazioko/eskualdeko MiData kooperatibak ezartzen eta haien jabe izaten lagunduz. MiData kooperatibek haien kideen datuen fiduziario gisa jarduten dute. Erabiltzaile-kideek haien historia medikoen, genomen eta osasun mugikorreko datuen kopiak modu seguruan gorde ahal izateko plataforma bat eskaintzen du MiDatak. Kideek erabaki dezakete haien medikuei datu pertsonal guztietarako sarbidea ematea plataformaren bidez. Aitzitik, irabazi-asmorik gabeko minbizia ikertzeko institutu batek informazio medikoa eta dietetikoa baino ez luke eskura. Kideek irabazi-asmoa duen enpresa farmazeutiko batek sarbidea izatea uka dezakete. Kideen datuen salmentatik lortutako diru-sarrerak ikerketa publikoari ematen zaizkio.

LBRYk dioenez erabiltzaileek haien edukien (eta pribatutasunaren) jabe izan behar dute, korporazio erraldoi bati eta haien publizitatearen laguntxoei eman beharrean. Izan ere, dozenaka enpresa daude erabiltzaileez abusatzen dutenak eta haien interesen aurka egiten dutenak." Polypoly datu-kooperatiba bat da, eta datu pertsonalak edozein gailutik ez ateratzea bermatzen du, gailu hura telefono mugikorra, ordenagailua edo Interneterako konexioa duen txigorgailua dela ere. Polypodek, kooperatibako kideak, norberaren datuak gordetzen dituen zerbitzari pribatu bat du, eta norberak kontrolatzen du. DOrg.tech, gaur egun datu-kooperatiba bihurtzen ari dena, full-stack garapen-kolektibo bat da, Web3ren industrian proiektu liderrekin lan egiten duena, mundu osoko eraikitzaileek modu deszentralizatuan erabiliz kontratu adimendunen, blockchainaren eta Ethereumen bidez.

Haien ezaugarri kultural espezifikoek moldatutako tokiko komunitateetan ainguratutako datu-kooperatibak datuen kolonialismoari aurre egiteko bide baliagarria bihur litezke

Baina, jakina, oztopoak daude. Komunitateak printzipio kooperatiboen inguruan hezi beharko dira. Gainera, baliteke tokiko datu-kooperatiba horiek erraz ez erreplikatzea, haien testuinguruaren eta lurraldearen faktore kritikoetan errotuta daudelako. Denboraren poderioz, kooperatiba horien gobernantza ere erronka bihur daiteke: higatu edo suntsitu egin litezke pertsona batzuk elkartu ahala, eta beste batzuei alde egiteko eskatu beharko litzaieke. Aski ezaguna den istorioa kooperatibagintza denean aztergai.

Ez gara datu-kooperatibak plataforma-kapitalismoaren gaitz guztiak konponduko dituen irtenbide bakartzat nahasten ari. Datu-kooperatibak tresna-kutxa baten parte bezala ulertzen ditugu, eta Solid bezalako ahaleginak ere biltzen ditu, baina baita sindikatuak, auzo-elkarteak, esku-hartze erregulatzailea, jabetza publikoa eta hauen arteko hibridoak ere. Datuen jabetza-esparruaren mugak ere aitortzen ditugu. Zer esan nahi du datuen jabetzak edo plataforma digital baten jabetza izateak, talde gehienak aurretiko merkataritza-zerbitzuen mende daudenean? Zer dakar datu-kooperatibek software erregistratua eta enpresa teknologiko handien hodeiko zerbitzuak erabiltzea? Marjinetatik eskainitako datu-zerbitzu kooperatiboen aliantza batek aldez aurreko merkataritza-zerbitzuak gaindi litzake pixkanaka, tokiko datu-gobernantzako ereduak deszentralizatuz. 

Ustekabean, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko zuzenbide- eta enpresa-fakultateetan, tradizioz korporazio modernoetako baliabideetan adituak diren lekuak, interes handia dago une honetan datu-kooperatibeekiko. Harrigarria da hori; izan ere, kooperatiba-eredua eskola gehienetako korridoreetan ondo gordetako sekretua da, irakasleek ez baitute forma kooperatiboa irakasten edo ikertzen.

Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko zuzenbide- eta enpresa-fakultateetan, tradizioz korporazio modernoetako baliabideetan adituak diren lekuak, interes handia dago une honetan datu-kooperatibeekiko.

Datu-kooperatibetan lan egitean, legelariek eta teknologoek kooperatiben historia kolonialaz jabetu behar dute, pertsona askorentzat zapore garratza utzi baitzuen. Kolonialista britainiarrek kooperatibak defendatu zituzten Hong Kong-eko arrantza-herrietan eta India osoko anil-plantazioetan. Potentzia kolonialek kooperatibak sartzen lagundu zuten beren interes ekonomikoak sustatzeko. Afrikan, potentzia kolonialek kooperatibak jatorrizko herrialdeetarako laborantza komertzialen ekoizpenera bideratu zituzten nagusiki, zehazki kafea, kakaoa, tea eta kotoia hazteko. Hegoafrika kolonialean eta Kenyan, zuriek zuzendutako nekazaritza-kooperatibek diru-laguntza handia jasotzen zuten gobernuen eskutik. Eredu horrek europar kolonoak sustatzen zituen eta, aldi berean, kooperatibek sektore horien monopolio-kontrola izatea ziurtatzen zuen.

Aurretik, kooperatibak autonomoak direla azpimarratu genuen. Edozein motatako kooperatibek ezin dute aurrera egin gobernuen araudirik gabe, baina gobernuek baldintza egokiak baino ez dituzte ezarri behar. Kerala, India eta Sri Lankako gobernuek goitik behera gobernatzen dituzte kooperatibak, eta horrek gatazka sortzen du euren misio nagusiarekin. Kooperatibak zuritzeak kalte handia eragin dezake. Abokatuak kooperatiben lege-esparrua diseinatzeaz arduratzen direnean, Brasil gaizki atera daitekeenaren adibide historikoa da. 1994an, Brasilgo Lan Legearen 442 artikuluak hau agintzen zuen: "Kooperatiba-sozietatearen jarduera-esparrua edozein izanda ere, ez dago lan-harremanik sozietatearen eta haren kideen artean..." Ondorioz, lan-eskubideak kaltetuak izan ziren, enpresa asko kooperatiba gisa eratu baitziren langileei etekinak ez ordaintzeko.

"Nothing About Us Without Us" (Ezer ez guri buruz gu gabe), desgaitasuna duten pertsonen nazioarteko mugimenduaren leloa, datu-kooperatibentzako plantilla legal eta teknikoen sorreraren testuinguruan ere sartzen da. Komunitateek, eta ez soilik akademikoek edo gobernuek, forma eman behar diote datu-fideikomisoen, datu-kooperatiben eta kooperatiba-azpiegitura digitalaren lege-esparruari. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorreko (DBEO) arkitekto teknikoetako batek, MITeko Alex Pentland irakasleak, datu-kooperatibak komunitatearen datuen zaindari bihurtzeko eskatu zuen. Pentlanden eta Hardjonoren arabera, 100 milioi pertsona daude kreditu-kooperatibetan afiliatuta AEBetan, eta aukera handia dago erakunde komunitarioek jabego komunitarioari buruzko datuei etekina ateratzeko. Ikerkuntzak erakutsi du kooperatiba-eredu desberdinek onura mutualista oso desberdinak sortzen dituztela. Zergatik dira kreditu edo kontsumo-kooperatibak zuzenbidearen aztertzaileek eta teknologoek erabiltzen duten eredua? Interes-talde anitzeko ereduak, ikerketaren arabera, hautagai gertagarriagoa dirudi. Kreditu-kooperatiben ereduak ez ditu emaitzarik onenak erakutsi gizarte-justiziaren ikuspuntutik aztertzen denean. Nahiz eta oso handiak izan, kreditu-kooperatibak maiz kritikatu egin dira printzipio kooperatiboetatik aldentzeagatik, parte-hartze eta konpromiso txikia izateagatik, eta sarritan banku konbentzionalekiko alde argia eta nabarmena ez emateagatik. Halaber, zalantzan jartzen dugu komunitatearen datuetarako kreditu-kooperatiben bidez datu-kooperatiba menderatzaileak sortzearen helburua. Kooperatibek, de facto monopolio gisa jarduten dutenean, ez dute erakutsi beste antolaketa-forma batzuk baino askoz hobeto jokatzen dutenik.   

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorreko (DBEO) arkitekto teknikoetako batek, MITeko Alex Pentland irakasleak, datu-kooperatibak komunitatearen datuen zaindari bihurtzeko eskatu zuen.

Gutxienez, komunitateek mahaiaren inguruan egon beharko lukete datu-kooperatibentzako lege-tresnak eztabaidatzen direnean. Kooperatibetako ikerlariek, kooperatibetako historialariek eta kooperatiba-erakundeetako liderrek, batez ere LGBTQI komunitateetakoek, herri indigenetakoek eta Hego Globalekoek, datu-erakunde horien eredu legalei eta azpiegitura teknologikoari buruzko elkarrizketetan parte hartu beharko lukete. Ertzetatik eskainitako datu-zerbitzuen aliantza batek ekonomia digitala arian-arian dibertsifikatzen lagun lezake. Pozik hartzen dugu kooperatiba-eredua onartzea, eta datu berriak kudeatzeko eredu legal edo teknikoetan aitzindari izatearen zirrara ulertzen dugu. Hala ere, datu-kooperatiben proposamenak kooperatibetako profesionalekin batera garatu beharko lirateke, eta historia luzearekin eta kooperatiben moduen azterketarekin lotu. Horren barruan sartzen da kooperatiba-mankomunitate baten alde lan egiten duten pertsonen historia, printzipio sozialista kooperatibo eta demokratikoetan errotutako gizartearen ikuspegi batean oinarritua. Kooperatiba-mankomunitate bat kooperatiba txiki eta autonomoen sare batez osatuta dago. Elkarren artean konektatuta daude, baina elkarren artean lehiatzen dira. Aski da pentsatzea 1880ko hamarkadan arraza anitzeko "mankomunitate kooperatibo" baten alde borrokatu zen Knights of Labor erakundeaz.

Montrealgo Eva Koop.en kasua, EOSIO blockchain protokoloan oinarritzen da

Mankomunitate digital baten ikuspegi horretarako, aurkitutako datuak datu-ekosistemetan federatu behar dira. Litekeena da banatutako kontabilitate-liburuek lagundu ahal izatea. Komunitateek haien datuak tokiko gordailuetan bilduta erabiliko dituzte. Hori da Eva.coop-en kasua, egoitza Montrealen duen datu-kooperatiba bat: Bertako bidaiarien datuetarako sarbiderik ez duten gidari-kooperatibentzako azpiegitura digitala eskaintzen du. Eva.coop EOSIO blockchain protokoloan oinarritzen da, eredu kooperatiboak "elkarlaneko ekonomiaren" blockchainean oinarritutako iterazio berri bat markatu dezakeela erakusteko modu gisa. Sistema hori demokratikoki zentralizatuta dago, langileen pribatutasuna errespetatzen du eta tokiko beharrak asetzen ditu. Tokiko komunitateek parte-hartze handiagoa dute, eta gidariek tratu justuagoa jasotzen dute; bidaiariek haien pribatutasunari eusten diote, eta tokiko laguntza duen aplikazio batek babesten ditu. Datu-ekosistema federatu eta demokratikoki zentralizatu horiek sektoreka antola daitezke (adibidez, osasunarekin lotutako datuak, ingurumen-datuak, garraioari eta mugikortasunari buruzko datuak, energiari eta kontsumoari buruzko datuak). Orduan, komunitateek datu horiek modu esanguratsuan askatzea erabaki dezakete.

 Goranzko lankidetza horren eta kooperatiba-printzipioen argitasuna gabe, "kooperatibak zuritzeko" arrisku handia dago, kooperatiba-plataforma faltsuak hedatzeko eta kooperatiba-eredua gehiegikeriaz erabiltzeko. "Kooperatibak zuritze" hori ironikoa izango litzateke, azken hamarkadan "elkarlaneko ekonomiak" kontrakulturaren, maitasunaren eta kooperatiben hizkuntza erabiltzen zuen diskurtso engainagarria erabili baitzuen merkataritza-plataformak merkaturatzeko.  

Etorkizun hurbila

COVID-19aren pandemia nekez desagertuko da datozen hilabeteetan edo urteetan. Larriena da dagoeneko ahulezia handiak azaleratu dituela. Ez da nahikoa izango "normaltasun zaharra" birmoldatzea. Mankomunitate kooperatibo digital baten ikuspegian inspiratutako mugimendu internazionalista bat behar da pandemia ondorengo eraldaketa soziala eta ekonomikoa egituratzeko. Uste dugu pandemia-garai hauek eraldaketa-aldi bat direla, datu-kooperatibekin esperimentatzeko aukera bat, arreta-sistema harkorragoetarantz, zerbitzu mediko egokiagoetarantz eta datu-ekonomia parte-hartzaileago eta bidezkoago baterantz lan eginez. Datu-kooperatibak gehien behar dituztenek sortu behar dituzte, munduko kooperatiba-mugimenduaren historia eta praktikak oinarri hartuta.