“Fagor Taldea azkar eta ondo egokitu da COVID-19 garaira”

Joxean Alustiza

“Fagor Taldea azkar eta ondo egokitu da COVID-19 garaira”

Hamar urte bete ditu Fagor Taldeko presidente gisa Joxean Alustizak (Ezkio-Itsaso, 1965). Koronabirusak eta egoera berri honek eragindako krisi ekonomikoak Fagor Taldeko kooperatibetan izan duen eraginaren inguruan eta aurrera begirako erronken eta gainean mintzatu da Alustiza Puntua aldizkarian.
2020/09/15

Uztailean egin zuen Fagor Taldeak urteko batzar orokorra, modu telematikoan, eta bertan, gaur egungo egoera aztertu eta aurrera begirakoak azaldu zituen Joxean Alustiza presidenteak. 

Joxean Alustiza-Puntua

Elkarrizketa hau Puntua aldizkarian argitaratu da.

Zein da gaur egun Fagor Taldearen erradiografia? Nola daude bertako kooperatibak?

Urte oso berezia ari da izaten. Urtea oso ondo hasi genuen, gure aurreikuspenak oso onak ziren, eta martxoan alarma egoera zela-eta gure aktibitatea ia %100 gelditu behar izan genuen. Ondorioz, bi-hiru hilabete oso gogor eduki genituen, aktibitatea jaitsi egin zelako. Baina ekainetik aurrera, sektoreka, ikusi izan dugu errekuperazio bat. Eta horrek ere enpleguan errekuperazioa ekarri du. Mezu homogeneoa ari gara jasotzen sektore ezberdinetatik eta kooperatibetatik: irailean zer? Irailean zehar ikusiko dugu zein izango den ibilbidea arlo ekonomikoan. Hilabete hasieran gaude, eta ikusi beharko dugu nola eboluzionatzen duen. Hala ere, egia da hainbat sektoretan azken bi-hiru hilabeteak positiboak izan direla, eta errekuperazio zantzuak ikusten direla.

Nola egokitu dira Fagor Taldeko kooperatibak COVID-19 garaira?

Deskubritu dugu lan egin daitekeela era telematikoan, kanpotik, bilerak ere egin daitezkeela, eta posible dela, eta ondo, gainera, batzar nagusia eta hitzaldi informatiboak modu telematikoan egitea. 

Uste dut azkar eta oso ondo egokitu garela. Azkartasuna, argia eta ezinbestekoa da, gauzak oso azkar joan zirelako. Zer egin dugun? Lehenik eta behin, gure langileen eta bazkideen osasuna babestu. Hori izan da gure lehentasuna. Eta pandemia garatzen joan den heinean neurriak hartzen joan gara. Horretarako, hainbat administraziotatik protokoloak jaso ditugu, eta horiek azkar eta zorrotz bete ditugu. Aipatu behar da gure kooperatiben barnean beste protokolo batzuk garatu ditugula, administrazioak ezarritakoak baino zorrotzagoak. Baina egia da bizitzak jarraitzen duela, eta jarraitzen duen heinean lana aurrera atera behar dugula eta gure aktibitateak nola edo hala jarraitu behar ditugula. Eta hor deskubrimendu bat egin dugu: era telematikoan hainbat gauza egin daitezkeela, hain zuzen. Eta, bestalde, aipatu nahiko nuke COVID-19ko beharrei egokitu garela, batez ere arlo fisikoan. Gure mugimenduak egokitu ditugu, gure jangelak egokitu behar izan ditugu...

Murrizketarik egin behar izan duzue?

Bai, murrizketak izan ditugu. Egun batetik bestera bat-batean gure aktibitateak gelditu zirenean, lehenengo murrizketak enpleguan egin behar izan genituen. Baina aitortu behar dut, nolabait, murrizketak neurriekin batera etorri direla. Azkenean, administrazioek hainbat neurri hartu dituzte, nire ustez positiboak eta sozialki onak izan direnak; ERTEak, esaterako. Eta guk horiek aplikatu ditugu. Bazkideen kasuan, Lagun Arotik egutegi mugikor eredu berri bat onartu da, eta horrek lagundu digu, nolabait, enpleguan izan dugun danbateko horri aurre egiteko. Beste eragin batzuk izan dira, eta baita murrizketak ere, gastuak egokitu behar izan ditugula edo inbertsioak atzeratu egin direla. Kooperatiba bakoitzak aurreikusita zituen inbertsioetan frenoa jarri du, hau guztia noiz amaituko den eta nora goazen ikusi arte. Bestalde, bazkideek eta kooperatibek ikusten dugu urtea ez dela izango aurreikusten genuen modukoa. Beraz, gure aurrerakinetan –kooperatibisten kasuan euren soldataren zati garrantzitsu bat da– murrizketak egitea onartu dugu. Eta kooperatiben arabera 5 edo 10 puntu jaitsi ditugu gure soldatak.

2019a urte ona izan zen taldearentzat eta salmentak 9,5% igo ziren, 2018arekin alderatuta. Urte on hark krisi berriari aurre egiteko balioko du?

Zalantzarik gabe. Krisi aurreko urteak onak izan baldin badira, kooperatibak eta enpresak, orokorrean, beste muskulu finantzario batekin sartzen dira krisi horretan. Eta ez bakarrik 2019a, baizik eta aurreko urteak nahiko txukunak izan dira, orokorrean, eta horrek ekarri digu egoera hobe batean egotea finantzarioki, batez ere, krisi honi aurre egiteko. Lagunduko digu, beraz.

Etorri daitekeen krisi hori nolakoa eta noiz artekoa izan daitekeen aurreikusterik badago?

Ez dago aurreikusterik. Adituek esaten digute krisi hau oso berezia dela eta horrelakorik ez dugula ezagutu, eta ondorio sozial, ekonomiko eta sanitario garrantzitsuak izango dituela.

Adituek ez digutena argitzen da krisi honek izango duen sakontasuna, iraupena edota nolakoa izango den krisiaren irteera. Ez du inork argitzen, seguru aski, ez dagoelako argitzeko moduan. Beraz, panorama honen aurrean, batzar nagusian mezu garbia eman genuen, eta, nolabait, konparaketa bat egin genuen itsasontziekin. Kooperatibak itsasora irteten dira arrantzara, eta une batean ekaitz handi bat datorkigu. Eta horren aurrean zer egin? Ez dakigu ekaitzak zenbat iraungo duen, baina badugu gure laguntza, elkartasuna, autoexigentzia... Balio horietan oinarritutako mekanismo guztiekin ontzia uraren gainean mantendu behar dugu. Ezin dugu utzi ontzirik hondoratzen. Eta portura, gainera, marinel guztiekin bueltatu behar dugu. Beraz, finean, hor dagoena da aterako garela aurrera gauzak ondo egiten baditugu, baina ez dakigula zein gogortasun izango dugun krisi honetan.

Azken krisiak bete-betean jo zuen Fagor taldea; ordutik hona, zer ikasi duzue edo zein neurri hartu dituzue inpaktua horrenbestekoa izan ez dadin?

Aurreko krisiak Fagorren eragin berezia izan zuen. Eta eragin horrek guztiok markatuta utzi gintuen. Hor ondorio batzuk atera genituen, eta gure kooperatibagintza ikusteko modua, nolabait, aldatu egin zen apur bat. Ondorioz, aurreko urteetan gure arauetan eta autoexigentziaren eta erantzunkidetasunaren bidetik hainbat aldaketa garrantzitsu egin ditugu, eta horrek lagunduko digu krisi honetan ere. Eta, bestetik, uste dut bakoitzaren ikuspegia ere aldatu dela. Beraz, duela zortzi urtetik hona aldaketa batzuk egon dira, baina krisia beti da krisia. Eta krisian, uste dut aurrekoan erantzukizunez jokatu genuela, eta une honetan ere arduraz jokatu beharrean gaude. Ez dakigulako amaiera non dagoen eta nola aterako garen bertatik.

Aldaketa nagusiak zeintzuk dira?

Batez ere, lehen aipaturiko muskulu finantzarioaren beharra. Adibidez, gure irabazietatik diru gehiago bideratu behar dugula proiektu komunera, kooperatibara. Eta, horretarako, gure irabazien banaketan aldaketa batzuk sartu ditugu, nolabait, zorrotzak izateko banaketa horrek proiektu kolektiboa gehiago sendotu dezan. Eta gero, kooperatiba bakoitzak bere autonomia duenez, eta kooperatiba bakoitza bere buruaren jabe denez, nolabait, bere aurrerakinak jartzeko orduan beste askatasun bat eta beste arau batzuk ere zehaztu ditugu.

COVID-19a negoziorako aukera ere izan da hainbat enpresarentzat. Fagor Taldean egin da mugimendurik?

Hasiera batean, behar sozial bati erantzuten jardun dugu, bai kooperatibek eta baita beste enpresek ere. Martxotik aurrera behar sozial batzuk sortu dira eta horri erantzun bat eman zaio enpresen arlotik. Ezagunena Mondragon Assemblyrena da. Denbora errekorrean, eta bere baliabide guztiak jarrita, ekoiztu ditu musukoak egiteko makinak. Antzeko zerbait Fagor Industrialekin; izan ere, Andaluzian, Lucenan, duen plantan musukoak ekoizten ari da bertako filiala. Makinak Mondragon Assemblyri erosi dizkio, eta Espainiako merkatuan dagoen musukoen beharrari erantzuteko ekoizten jarraitzen du gaur egun. Behar sozial edo sanitariora joanda, berriro, arnasgailuen falta egon zenean, Fagor Elektronika, beste enpresa batzuekin elkarlanean, arnasgailuak ekoizten hasi zen. Fagor Elektronika izan zen hainbat osagai elektronikoren hornitzailea. Bukatzeko, gure aktibitate bat, Fagor Healthcare, aipatu nahiko nuke. Osasun mundura bideratutako aktibitate txiki honek milioi bat mantal ekoiztu ditu arlo sanitariora bideratzeko. Beraz, kooperatiba ezberdinak egoerari erantzuten egon dira, eta, aurrera begira, gainera, garapen bat izan dute, eta batzuk aktibitate moduan gelditu dira.

Aurreko krisia aipatu dugu lehen... Edesa Industrialen itxieraren ondoren, zein da, gaur-gaurkoz, Fagor markaren egoera etxetresnen sektorean?

CNA enpresari marka utzi egin zitzaion enplegua bailaran mantentzearen truke; 350 enplegu mantentzea. Horren truke utzi genion marka, eta lehentasuna bailaran sortu zen behar soziala izan zen guretzat, nahi ekonomiko batzuk alboratuz. Beraz, Edesa Industrialen proiektuak 3-4 urte iraun zuen, eta gero, porrota izan zuen. Ostean, Fagor Taldeak marka berreskuratu zuen. Marka horren inguruan kontaktuak egin ziren, ea beste enpresaren bat prest zegoen enpleguaren truke marka garatzeko. Ez genuen inor aurkitu, baina royaltie ekonomiko baten truke etxetresnen munduan marka garatzeko jenderen interesa aurkitu genuen. Gure analisia egin genuen, ea Fagor markak etxetresnen sektorean jarraitu behar zuen edo ez erabakitzeko, eta ondorioa baiezkoa izan zen. Horrela, negoziaketak egin ditugu hainbat enpresarekin, eta gaur da eguna hiru azpilizentzia eman ditugula –hiru enpresa ezberdinei– Fagor marka erabili dezaten. Amica Electromenagere, Amica poloniarra eta Cantra kantabriarra dira; eta martxan jarri dira. Hori guztiori, royaltie ekonomikoen truke. Eta diru horrekin zer egingo dugun? Ba, dagoeneko erabaki batzuk hartu ditugu. Erabiliko ditugu Fagorren etorkizuna garatzeko. Kooperatibek beharko duten garapenean laguntzeko eta eraldaketa sozialean laguntzeko. Badakigu gure eskualdeak, Debagoienak, datozen urteetan eraldaketa garrantzitsuak izango dituela, eta hor baliabideen zati bat erabiltzeko bokazioa dugu.

Datorren hamarkadan Debagoienak izango dituen eraldaketak eta erronkak aipatu dituzu. Nola kokatzen da Fagor hor?

Fagorren analisi sakona egin dugu, eta analisi horren ondorioetako bat da mundua, Debagoiena eta gure kooperatibak ikaragarri aldatuko direla datozen urteetan.

Konturatzen ari gara dugun eredu sozial eta ekonomikoa ez dela jasangarria. Beraz, ezingo du iraun, eta mundu mailan ere geroz eta mezu argiagoak ematen ari dira, adibidez, aldaketa klimatikoarekin lotuta. Aldaketa bi adarretatik etorriko dela identifikatu dugu. Bat, digitalizazioa; ikaragarrizko iraultza ari da gertatzen dagoeneko, baina datozen urteetan hori bizkortu egingo da. Eta bestea energia mundutik etorriko zaigu, deskarbonizazioa burutu beharko dugulako. Petrolioaren aroa uste duguna baino azkarrago bukatuko da, eta energia berriztagarriek beste iraultza bat ekarriko dute. Beraz, analisi horretatik abiatuta, Fagorrek, eta Mondragonek ere, bere kooperatibei erreparatu behar die. Zer eragin izango du gure kooperatibetan? Eragina itzela izango da. Digitalizazioak lan egiteko beste era bat ekarriko du, eta langileok ditugun funtzioak aldatu egingo dira. Eta lanpostu berri horiek aurrera eramateko formakuntza berri bat eskatuko da. Eta, energiekin lotuta, gure aktibitateak, gure negozioak, kooperatiben antolakuntza produktiboak... Aldaketa garrantzitsuak etorriko dira, eta antolaketa planean jasangarritasunaren aldeko apustu garbia txertatuko dugu.

Bukatzeko, gaia aldatuta, euskararen Urrezko Bikain Ziurtagiria lortu zenuten iaz. Euskararen normalizazioan Fagor Taldea erreferente bihurtu da enpresen munduan?

Euskara izan da Fagor Taldean eraldaketa sozialeko beste ardatz nagusi bat. Euskara planarekin 1999an hasi ginen, eta erreferente bihurtu gara, batetik, urte asko daramagulako eta gure garapena nahiko altua izan delako, eta, beste aldetik, gure planak 5.000 langileri eragiten dielako. Euskal Herri osoan, seguru aski, ez dago lan munduan hainbeste jenderengana heltzen den euskara planik. Lan ikaragarria eta inbertsio garrantzitsua egin da, beraz: 22-24 milioi euroko inbertsioa. Hala ere, jabetzen gara oraindik bidea luzea dela, baina animaturik gaude eta garbi dugu egin behar dugun urrats bat dela.