Mikel Lezamiz, Hedapen Kooperatiboko arduraduna: "Helburua da kooperatibista izaera aldarrikatzea eta harrotasunez munduari gure sistemaren alderdi positiboenak zeintzuk diren helaraztea"

Hedapen Kooperatiboaren arduradun Mikel Lezamizekin hitz egiteko aukera izan dugu, urtean zehar MONDRAGONek egingo eta bultzatuko dituen ekintzen gainean. Lezamizen esanetan, "Nazioarteko urtearen helburua da kooperatibista izaera aldarrikatzea eta harrotasunez munduari gure sistemaren alderdi positiboenak zeintzuk diren helaraztea".
Card image cap
Mikel Lezamiz.
04/01/2012

Zein eragin izango du Nazioarteko Urteak MONDRAGONen?

Gure ikuspena hobetzen lagunduko digu. Oro har, irudia hobetzeko eta modeloari prestigioa emateko ahalbidetu beharko dugu  2012 urtea. MONDRAGONentzat zoramena izango da, izan ere, leku askotatik gerturatuko dira eta leku askotara joan beharko gara munduan erreferente baikara. Era berean, Nazioarteko urteak balioko du sistema kooperatiboa unibertsora hedatzeko. Iraultzarik ez da izango, baina mugimendu handia aurreikusten da kooperatiben inguruan.

Zein esangura izango Korporazioarentzat?

MONDRAGONentzat garrantzitsua izango da barrura zein kanpora begira. Kanpora begira esango nuke estrategia komertziala hobetzen lagunduko duela. Salmentak areagotu egingo dira. Fagor, Eroski, Orona, Orbea… kontsumoko produktuak dituztenek aprobetxatu beharko dute urtea euren salmentak hobetzeko.

Eta barrura begira ere balio beharko luke?

Kooperatibako kideei gogorarazi beharko diegu erreferenteak garela gure mugetatik kanpo, eta gure sistema balizkoa dela esan beharko diegu. Kooperatibismoak garatzeko eta hobetzeko tresnak eskaintzen dizkigu, eta barruko kritiko asko konturatu beharko dira gure modeloa ona dela. Hobetu daiteke, argi dago, baina ona da. Harrotasun hori berreskuratzeko balio behako luke 2012 urteak.

Administrazioak ere bat egingo du kooperatibekin, ezta?

Gobernuek, udal administrazioek, mundu mailako erakundeek… hamaika aitortza izango ditu kooperatibak eta horrek eragin beharko luke gu guztiongan. Harroago sentitzeko balio beharko luke.

Arestian aipatu duzu MONDRAGON erreferentea dela munduan. Zergatik?

Gure kooperatiba erreferentea da interkooperazioa lantzen duelako. Taldean lan egiten dugu eta talde lan egiteko gure eredua kanporatu beharko genuke. Krisi egoerei aurre egiten laguntzan digu, ikerketa zentroak eta unibertsitateak sortzeko, negozio berriak abian jartzeko… oro har, interkooperazioak balio digu munduan hobeto kokatzeko. Harro sentitu beharko ginateke eta gure erronkatxo bat da hori. Nola barnerazi barruko bazkideei balizko sistema dugula eta kooperatiba batek beste edozeinek baino hobeto funtzionatzen duela?

MONDRAGONetik kanpo dauden kooperatibentzat ere baliagarria izango da Nazioarteko Urtea, ezta? Kooperatiba mapan kokatzen lagunduko du?

Balio beharko luke, baina hori guztion artean landu beharko dugu: Konfekoop-en, COCETAn… aurreikusita dauden ekintzekin, gure asmoa da harrotasuna erakustea, ez harrokeria, baina bai gure modeloaz arro gaudela munduari esatea. Estatuan, esaterako, Galizian, Andaluzian… kooperatiba asko dago eta sortu beharko lituzkete MONDRAGON txikiak euren eskualdeetan, hobeto funtzionatzeko era eraginkorragoak izateko kooperatibaren mesedetan. Kooperatibak eta kooperatibistak sareak eginez batu beharko genuke, elkarrekin bizi-iraupenerako aukera gehiago izango baitugu. Bakarrik mantenduz gero, desagertzera kondenatuta gaude. Eroski, MONDRAGON… denak dira kooperatiba ezberdinen batuketaren emaitza. Eta batura hori da arrakastaren giltza.

Zeintzuk dira MONDRAGONek antolatu dituen ekitaldiak 2012 urteari begira?

Batez ere Konfekoop erakundearekin batera antolatu ditugu ekintzak. Azpimarragarrienak izango dira, 2012ko azaroaren 29ko klausurako kongresua. CIRIEC erakundearen kongresua eta kooperatiben jaia azaroaren 11an, Landako gunean, Durangon. Horiek guztiak antolatzen ari gara. Era berean, Lip-dub bat ere egingo dugu, kooperatibismoa mundura hedatzeko eta ikuspena handitzeko. Barrura begira komunikazio arloan jarriko dira abian ekimen batzuk, baina ez dago ezer berezirik iragarrita. Batzordeetan hitz egingo da Nazioarteko urtearen gainean.