MONDRAGON. Euskaraz gara

Gaur, abenduak 3 eta Euskararen Nazioarteko Eguna, ekimen ugari ari dira egiten kooperatibetan, lan munduan ere euskaraz bizitzeko hautua berresteko eta euskarara lagun berri gehiago erakartzeko asmoarekin. Egin klik eta ikusi argazkiak! (Egunean zehar osatzen joango gara).
Card image cap
03/12/2025

Sorreratik egon da euskara MONDRAGONen izatean. Zortzi hamarkada beranduago, 70.000 laguneko korporazio globala gara, eta erabakiak euskaraz hartzen jarraitzen dugu. MONDRAGONen Kongresua, kooperatibetako ordezkariez osatutako organo gorena, euskara hutsean burutzen dugu.

MONDRAGONeko kooperatiben %68k dituzte euskara planak eta 34 Bikain euskara-ziurtagiri denen artean, eta urtero milioi eta erdi euro bideratzen dira MONDRAGONeko kooperatibetatik euskalgintzara.

Izateko egin!

ZENTRO KORPORATIBOA

Zentro_Korporatiboa.JPG

Lankide berri bati ongietorria eginez ekin diote egunari Zentro Korporatiboan. Ane du izena, eta txatbot bat da. Online dagoen aplikazio honek euskaraz mintzapraktika egitea ahalbidetzen du, oso egoki gainera; Anek elkarrizketa bikain jarraitzen duela ikusi dute guztiek!

Bestalde, Liburu biziak ekimena martxan jarri dute. Euskaraz idatzitako hamar liburu on ekarri dira Zentro Korporatibora, denen eskura egongo dira, nahi duenak etxera eraman eta irakurtzeko.

Eta bukatzeko dei bat ere bai, Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arenan antolatu duen Pizkundea jaira joateko.

Eta bai… gero… eguna merezi moduan ospatzeko patata tortila jateko ‘lana’ hartu dute.

COPRECI

Copreci.png

Fagor Euskara Lehiaketako finala egingo da gaur eta Fagor Taldeko kooperatiba guztietako ordezkariek parte hartuko dute. Lehiaketa zuzenean jarraitu ahal izango da mugikorretik QR kodea eskaneatuz.

Gainera, euskarak lo har ez dezan (edo), kafea doan jarri da. Eta bide horretatik, Tximeletaren dinamika egiten ari dira. Kafe orduan euskaraz hitz egiten dutenek pegatina berdea jarriko diote tximeletari, erdaraz ari direnek, berriz, gorria. Egunaren bukaeran tximeleta guztiak jasoko dira, eta erabilera nolakoa izan den zabalduko da. 

EIKA

Eika.png

Egun osoan zehar kafea doan izango dute. Gainera, lankideen arteko argazki lehiaketa antolatu dute.

FAGOR ELECTRÓNICA

Euskararen Egunean, hainbat ekimen antolatu dira Fagor Electronican. Batetik, Elektrolore sariarekin euskararen aldeko bidea egin duten pertsonei aitortza egingo zaie.

Bestetik, atseden guneetan kafea eta pastak doan eskainiko dira. 

Hirugarrenik, euskararen erabilera sustatzeko dinamika bat egingo da: Tximeletaren dinamika. Horrez gain, Fagor Electronican urtero egiten den argazki lehiaketaren sari banaketa egingo da. 

Fagor Taldeko kooperatiba guztietan bezelaxe, Fagor Euskara Lehiaketako finala egingo da, eta langileek mugikorretik zuzenean jarraitu ahal izango dute. 

ERREKA

Errekari dagokionez hainbat ekimen egingo dira. Batetik, egunean zehar kafea doan egongo da. Bestetik, Hamaika Telebistak egindako bi bideo partekatuko dira: euskarak bizi duen egoera eta arazoak azalduz eta etorkizunera begira hartu beharreko neurriak azalduz

MU - ENPRESAGINTZA

Enpresagintzan barne egitura eta dinamiketan jarri dute aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean fokua, 2025-2028 aldirako onartutako Euskara Plana ardatz hartuta: barne egituretan plana txertatzea, hizkuntza baliabideak langileen esku jartzea eta hizkuntza ohituretan eragiteko dinamikak martxan jartzea. Hala, abenduan zehar aipatutako hiru lanketak egingo dira, bakoitzari dagokion maila eta espazioan.

TAJO

Tajon Euskararen egunaren harira Egunean Behin lehiaketa antolatu dute. Gainera, promozio kartelak jarri dira lantokiko ohar tauletan kolektiboari euskaraz hitz egitera animatuz eta kafea doan eskaini da.

EROSKI

Eroski.png

Eroskin ere Euskararen Eguna ospatzen ari dira. Adibidez, Eroskiren Elorrioko egoitzako barneko kanaletan kartelak eta mezuak jarri dira, Eroskik euskararekiko duen konpromiso historikoa erakutsiz.

LAGUNARO eta OSARTEN

LagunAro eta Osarten.jpg

LagunAro eta Osartenek elkarrekin Kepa Diegezen hitzaldia antolatu dute. Halaber, luntxa ere izan dute bertaratutakoek.

LABORAL Kutxa

LaboralKutxa.png

Laboral Kutxan bi ekintza nagusi egin dituzte. Batetik, 10:00etan Garikoitz Goikoetxearen hitzaldia izan dute, “Esnatu ala hil” liburua aurkezteko. Bigarrenik, “Misio sekretua” jokoa izan dute martxan. Egunero gai bat landu dute joko formatuan: lehenengo hitza euskaraz, euskararen egoera eta hiztegia. Gainera, beste urteetan bezala, kafe makinetan “kafea debalde euskararen alde” mezua jarri dute.

FAGOR AUTOMATION

automation_2.jpg

Fagor Automationen kafea doan izango da eta kafea hartzen duten bitartean euskararen aldeko mezuak idatziko dituzte kafe makinaren bueltan jarri dituzten paneletan. Horretaz gain, Arrasateko Areto Nagusian, Fagor Euskara Lehiaketako finala streaming bidez ikusteko eta Fagor Automationen ordezkariak animatzeko hitzordua egin dute.

Bestalde, asteartetik ostiralera pilula bereziak zabaldutzen ari dira Euskararen Eguna ardatz hartuta.

FAGOR ARRASATE

Fagor_Arrasate1.JPG

FagorArrasate2.JPG

Fagor Arrasateko Euskara Batzordeak madalenak banatu ditu kafe makinen inguruan ahoa euskaraz gozatzeko eta 11:30ean Euskararen Eguneko ekitaldia izan da sari banaketa eta guzti.

Euskaraz ikasi eta lanean erabiltzeko jauzia emateagatik Alberto Lizarduyk jaso du Euskara Batzordearen Errekonozimendu saria eta Egunean Behin lehiaketako sariduna Iñigo Aranzabal izan da.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA

Euskarazko ikerketaren erronkei buruzko hausnartu dute Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean

INGUMA datu-baseak 25 urte bete ditu aurten, unibertsitate mailako euskarazko produkzioaren bilgune eta erakusleiho izaten. INGUMAren ekarpena ikertzeko ikerketa-beka irabazi zuten Amaia Torrealday eta Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileek, eta gaur emaitzak aurkezteko hitzaldia eman dute Eskoriatzako campusean. Ostean, hurbildutako lankideekin hausnartu dute ikerketak euskarak duen tokiaren inguruan.

“Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik” da ikerketa. Lanaren helburuak izan dira euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera historikoa ezagutzea, eragina neurtzea, lankidetza- patroiak identifikatzea eta etorkizuneko aukerak esploratzea.

Ondorioztatu dutenez, Inguma da euskarazko ekoizpena neurtzeko tresnarik osatuena, euskarazko ekoizpenak beheranzko joera du, gero eta gutxiago argitaratzen da euskaraz (2000. urtetik aurrera), argitaratzen dena, Giza eta Gizarte Zientzien arloetan egiten da (%78), batik bat, artikulu formatuan, euskal egile eta erakundeen arteko lankidetza baxua da, nazioarteko datu-base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dute eta ia ikusgaitza da. Ikertzaileen arabera, “Inguma, baliabide estrategiko gisa, ezinbesteko pieza da eta hemendik aurrera ere horrela izan daiteke euskarazko ezagutzaren transmisioa eta biziraupen akademikoa bermatzeko”.

54961361135_c6909e54ea_h.jpg
Inguma1.jpg