Más leído
- 1. 10 proyectos premiados en los MONDRAGON TFG-TFM Sariak 2024
- 2. Fagor vuelve al mercado del Confort
- 3. La XII edición del Foro MONDRAGON reúne en el Kursaal a más de 400 personas de las cooperativas
- 4. Javier Amezaga, nuevo director general de la División de Equipamiento de MONDRAGON
- 5. MONDRAGON y Mondragon Unibertsitatea México fortalecen su colaboración para la innovación y el desarrollo de talento en América Latina
- 6. La campaña de ayuda a las personas damnificadas por la DANA sigue activa en Eroski
- 7. Pello Rodríguez se reúne con el lehendakari Pradales
- 8. MONDRAGON celebra su Foro de Finanzas
- 9. Matrici solicita la apertura de la fase de liquidación
- 10. “Estoy muy ilusionado, MONDRAGON es un proyecto apasionante”
Aitor Lizartza eta Liher Pillado: "Pertsona arruntek proiektu bikainak jar ditzakete abian elkarlanean aritzen badira"
Noiz hasi zen MU LEINN gradua eskaintzen?
Aitor Lizartza: Orain dela hiru urte hasi ginen Team Academyrekin ofizialki lanean, 2008ko apirilean, baina gure eta haien arteko harremana aspaldikoagoa da. Duela bost urte hasi ginen Finlandiako Team Academyrekin hartu-emanetan, berteko metodologia erabilita tailer batzuk antolatu genituen, eta ondoren ikasle-trukea egin genuen, eta bertan parte hartu zuen Liher Pilladok. Gerora, Team Academyren filosofian oinarrituta Leinn gradua eskaintzen hasi ginen, 2009ko irailetik aurrera Bidasoako Campusean eta 2010eko irailetik aurrera Oñatikoan.
Liher Pillado: Enpresagintza ikasketak egin nituen Bidasoako Campusean eta laugarren urtean sei hilabeteko egonaldia egin nuen Finlandian. Bertara iritsi bezain pronto esan zidaten ea zer nahi nuen egin, eta ez nuen metodologia ulertzen, baina hasieratik erakarri ninduen.
Zein da LEINN-en filosofia nagusia?
A.L.: Funtsean LEINN-en filosofia da eginez ikastea. Benetako proiektu eta bezeroekin egiten da lan, eta ez da ezer simulatzen. Horrek guztiak balio erantsia ematen dio. Hasieran ikasleak proiektu txikiekin hasten dira, eta poliki-poliki saltsa handiagotan sartzen dira. LEINN-ek akatsak egiteko espazioa eskaintzen die ikasleei eta hori ere oso garrantzitsua da. Gurera ongietorriak izaten dira proiektuak abian jartzeko desioa dutenak.
L.P.: Ekintzailea izan daiteke, ideia bikainak dituena eta ekosistema zailean enpresa proiektu bat aurrera ateratzeko gai dena. Hori da ekintzailearen definizio tradizionala, baina gure graduaren filosofiarekin pertsona arruntak bikain bilakatzen ditugu, talde lanean oinarrituta posible da pertsona arruntek emaitza bikainak lortzea. Taldean eginez, agian bakarka lortu ez zitekeena lor dezakete pertsona horiek.
Zein izan behar da ikasleen profila?
A.L.: Matrikulatu aurretik ikasleekin egoteko aukera izaten dugu eta casting antzeko bat egiten diegu jakiteko zeintzuk diren euren nahiak eta helburuak. Egia da ez dugula aurre baldintzarik jartzen, baina baditugu printzipio batzuk.
L.P.: LEINN-en matrikulatzen dena mugitzeko prest egon behar da eta talde lanean aritzeko gai. Akatsak egiteari beldurrik ez dio eduki behar eta bidaiatzea gustuko izan behar du. Edozeinek ikasi dezake ekintzaile izaten, ez da jaiotzetik datorren zerbait, baizik eta ikasi daitekeen zerbait da.
Graduak zergatik izan du horrelako arrakasta?
A.L.: Lehenengo belaunaldietako ikasleek egindako lanari esker eta metodologia berezia aintzat hartuta, LEINN gradua hedatuz joan da. Gaur egun 75 ikasle daude eta asmoa da 2012tik aurrera 60 ikasle berri edukitzea, beraz, komunitatea 130 pertsonakoa izango da. Masterra ere martxan jarri zen aurreko urtarrilean, Master en Intraemprendizaje, Openinnovation y Aprendizaje en Equipo izenekoa. Horrela, bi profil izango ditugu; gazteak eta enpresa arloan esperientzia dutenak. Zentzu honetan aipatu beharra dago enpresek badutela interesa, eta garatu nahi dituzten proiektuak proposatzen dizkigute.
Zenbat enpresa proiektu sortu dira dagoeneko?
Liher Pillado: Nik ikasleen bidaiak kudeatzen duen enpresa eratu nuen eta Mondragon Unibertsitateari zerbitzua eskaintzen diot. MUren eta atzerrira doazen ikasleen beharrak asetzen ditugu, baina unibertsitatetik kanpo dauden pertsonei ere eskaintzen diegu zerbitzua. San Frantziskon zer ari da gertatzen? Hori erakusten diegu enpresa arloko pertsonei, eurek euren erakundeetan aldaketa horiek bultzatu ditzakete.
Aitor Lizartza: Guztira 7-8 enpresa sortu dira: Akkua, taZEBAez, Smart Way, Ego, Snatu eta Jump in, eta baita Liher Pilladoren enpresa ere, eta laster Trendtrotters-ekoak etorriko dira eta guztira 8 enpresako komunitatea osatuko dugu. Gaur egun, LEINN-eko enpresak elkarte bezala daude eratuta, baina laister kooperatiba eran sortuko ditugu..
Zeintzuk dira LEINN-en eskaintzaren arlo erakargarrienak?
A.L.: Hiru ikasketa bidai antolatzen dira eta horrek oso erakargarri egiten du gradua. Finlandia da lehenengo helmuga, bertako metodologia barneratzeko. Bigarrena da Silicon Valley, ekintzaileen ekosistema erreferentea delako munduan, oso osagai beraziekin eta ekosistemak ingurunea garatzen laguntzen du, eta hirugarren bidaia Txina edo Indiara da, mendebaldea ez delako munduko zentroa eta Asiak protagonismo berezia hartu duelako. Hiru bidaiak programan sartuta daude.
Ekintzaileen ekosistema sortu nahi duzue Mondragon Unibertsitatean?
A.L.: Bereziki ekintzailetasuna bultzatu nahi dugu eta helburua da ekintzaile komunitate bat sortzea MUn, eta horrek eragina izan dezala MONDRAGON taldean. Hori da asmo nagusia, enpresetatik eskatzen diguten perfilari erantzun eman nahi diogu LEINN graduarekin.
Zeintzuk dira LEINN graduaren indarguneak?
A.L.: Proiektu txikiekin hasten badira ere, ikasleek berehala dute proiektu handiagoak lantzeko aukera eta horrek oso erakargarri bilakatzen du. Akatsak egiteko espazio bat sortu dugu eta akatsak modu naturalean ulertzen ditugu. Hori ere oso inportantea da.
Hemen, Euskal Herrian, edo Europa osoan, akatsak oso gaizki ikusita daude, baina, aldiz, San Frantziskora joanez gero, saiakeretatik eta akatsetatik ikasi duten pertsonak baloratzen dituzte, egindako porrotak curriculumean jartzen dituzte eta enpresarientzat oso inportantea izaten da zenbatetan ahalegindu zaren ikustea.
L.P.: Benetan zerbait egiteko desioa baduzu, saiatu.