Mondragon Unibertsitateko ikasleek lur orotarako monopatin jasangarriak diseinatu eta ekoizten dituzte

Lur orotako monopatin hau, Mountainboard izenez ere ezaguna dena, arina eta erresistentea da, eta ingurumena errespetatzen du, kortxoz eta kartoiz egina dago-eta.
Card image cap
2023/01/30

Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako (Green Manufacturing) graduko hainbat ikasle gogor ibili dira lanean azken seihilekoan. Izan ere, erronka hau izan dute: lur orotako monopatin bat egitea, ohikoa baino arinagoa, erresistenteagoa eta ingurumenarekiko jasangarriagoa. Kortxoa eta kartoia izan dira horretarako erabilitako materialak. Material horiekin prototipo bat egin dute, eta, amaitu ondoren, Gros auzoan probatu dute —Sagues aldean, zehazki—, nola funtzionatzen duen ikusteko. Lanean emandako zortzi asteetan, ikasgelan eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jarri ahal izan dituzte. Esperientzia horrek manufaktura industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, etorkizuneko lanetan ere antzeko erronkak izango baitituzte aurrez aurre.

Lur orotako monopatina, Mountainboard izenez ere ezaguna dena, arina eta erresistentea da, eta ingurumena errespetatzen du, kortxoz eta kartoiz egina dagoelako. Ekimena «ekoMountainboard» proiektuari dagokio, eta lau ikasleko taldetan garatu dute Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasleek, Galarretako «ekocampusean».  

 

Lan-prozesua

Lehenik eta behin, hiri-ingurunera egokitutako diseinu kontzeptualak egin zituzten; eta, ondoren, oholetarako materialik egokienak aukeratu zituzten. Lehen monopatinak egiteko, astigar, urki, zedro eta lizar zura erabili zuten, zur malguak direlako. Hala ere, horrelako oholak zailak dira fabrikatzen, ez dira oso iraunkorrak eta erraz hondatzen dira eguraldiaren ondorioz. Gauzak horrela, oholak hobetzeari ekin zioten ikasleek, material konposatu, arin eta erresistenteak erabiliz. Azkenik, kartoiez eta kortxoz egindako eta zuntzez (liho, beira eta/edo karbono zuntzez, hain zuzen) estalitako ohola aukeratu zuten.

Horrez gain, ingeniarigaiek oholen simulazio-ereduak egin behar izan zituzten ordenagailuz, materialak aukeratzeko, irakasleek ezarritako zehaztapenak betetzeko zenbat geruza jarri beharko zituzten jakiteko eta, azken buruan, mountainboard ohola ahalik eta modurik jasangarrienean egiteko. «Mountainboard bat diseinatzea eta fabrikatzea egokitu zaidan arte ez nekien zenbateko lana dagoen nire zaletasunik handienetako baten atzean. Asko ikasten da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren bidez, eta honetaz ohartzeko balio du: kalkuluetan eta diseinuan akatsen bat eginez gero, pikutara joan daiteke zenbait egunetako lana. Kasu honetan, adibidez, guk diseinatu eta fabrikatutako oholak behar baino gehiago pisatzea eragin zuen akatsak. Horrek guztiak lanean arduratsuago bihurtzen zaitu», adierazi du Asier Arostegik, «ekoMountainboard» proiektuan parte hartu duen Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleak.

Lehenago beste proiektu batzuk ere gauzatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasleek Galarretako «ekocampusean»; hala nola kartoizko barrualdea duen surf-ohola egitea, haize sorgailu eramangarri txiki bat eraikitzea eta industria prozesuetan sortutako beroa berreskuratzea. Proiektu horien bidez, etorkizun hobea irudikatzeko eta eraikitzeko prestatzen dira ikasleak. «Mondragon Unibertsitatea aitzindaria izan da ingeniaritzaren alorrean proiektuetan oinarritutako ikaskuntza erabiltzen, eta Galarretako «ekocampusean» ematen ditugun bi graduek ere ingeniaritzako gainerako graduetan erabiltzen dugun eredu arrakastatsu berari jarraitzen diote» azaldu du Nuria Herrerok, Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako (Green Manufacturing) Graduko koordinatzaileak.

Patraseko Unibertsitateko (Grezia) eta Milango Unibertsitateko (Italia) zenbait ikaslek ere hartu dute parte prototipoaren diseinuan, simulazioan eta fabrikazioan.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa