Gobernantza: gimnasiora edo medikuarenera
Batetik daude beraien gobernantza praktika hobetu, indartu nahi duten kooperatibak, beraien garapen prozesuan laguntzeko eskatzen digutenak. Horiek gimnasio lana egin nahi dute, gobernantzaren muskulua lantzeko. Eta bestetik gobernantza minez datozenak ditugu, hainbat eratako patologiekin, beraien barne arazoei konponbidea eman nahi dietenak.
“Gobernantza: azken urteetan kooperatiba gehienetan ari gara gai honi dagokion garrantzia ematen eta lanketa egiten”
Lan saioetan parte hartuko duten kideen aldartean eta jarreran aldea nabarmena izan daitekeen arren hurbilketa modu batean zein bestean egin, aztertu eta landu ohi ditugun gaiak antzerakoak dira. Zeintzuk dira kooperatiba batean gobernantza dinamika egoki bat mantentzeko jarduera osasuntsuak? Zer egin/kudeatu behar dugu?
1. Hautaketa prozesuak landu. Kontseilu Errektore, Zuzendaritza eta Kontseilu Sozialetan profil egokiak (konpetenteak eta kooperatibistak) izateko baldintzak landu behar ditugu.
2. Funtzio eta rolen argitasuna. Organoetako kide berrientzako harrera/formazio plan egoki bat egin eta organoen artean bakoitzak bete beharreko funtzio eta rolen inguruko adostasuna landu.
3. Proiektu partekatua. Kooperatibaren etorkizuna bermatzeko ildo estrategikoak sakon eta behar beste landu eta adostu organoen artean, edozein zalantza edo dilemaren aurrean iparra argi izan dezagun.
4. Konfiantzan oinarritutako harremanak. Presidente eta Gerentearengandik hasita, organoen arteko harreman zintzoa landu behar da, gertutasuna eta exijentzia uztartuz, desadostasunei aurre egin eta kudeatuz, elkar zainduz.
5. Prozesu sistematikoak. Gobernantza ona ezin da kasualitatearen ondorio izan, momentuan tokatu diren pertsonen araberakoa. Gobernantza, kooperatibako prozesu garrantzitsuenetariko bat den einean, sistematikoki kudeatu behar da, metodo eta prozedurekin. Eta aldiro ebaluatu hobetu ahal izateko.
Azken urteetan kooperatiba gehienetan ari gara gai honi dagokion garrantzia ematen eta lanketa egiten. Berez, gauzak ondo doazenean ikusgarria ez den zerbait da. Eta hor dago bere arriskua. Ikusten ez den einean hain presente ez egoteko eta behar den bezala ez kudeatzeko arriskua egon daiteke. Goian aipatutako bost puntuak sistematikoki ez baditugu kudeatzen edozein momentutan alda daitezke baldintzak eta krisi bat sortu. Gutxien espero dugunean eta hainbat arrazoigatik. Eta mina eragiten diogu gure buruari eta kooperatibari. Askotan ekidin zitekeen alperreko mina.
Hortaz, hobe dugu ohitura osasuntsuak zaindu eta gimnasioan entrenamendu plan on bat egiten ahalegindu medikuarenera joan beharra izan baino. Kooperatibak eskertuko digu.