Irakurriena
- 1. Andoni Jimenezek hartu du Tajoren zuzendaritza nagusia
- 2. Gustavo Belizek eta Daniel Innerarityk MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboa ezagutu dute Otaloran
- 3. Arrasateko Olandixo eremuaren berrurbanizazioa
- 4. Eroskik abian jarriko du ‘Rojo con Rosa’, enpresa lidergoaren erronka handiez gogoetatzeko bideopodcast berria
- 5. Silizio Karburoaren alorreko soluzioekin, erdieroaleen merkatuko eskaintza indartu du Fagor Electronicak
- 6. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
“Ez da sorpresa bat izan. PISAk irakurketaren ulermenari buruz dioena, adibidez, Ikastolan behin baino gehiagotan partekatu izan den kezka da"
Zein iritzi du Arizmendi Ikastolako zuzendaritzak PISAren emaitzen inguruan?
Oraindik Arizmendi Ikastolan ez ditugu gure datu propioak jaso eta beraz ezinezkoa egiten zaigu gure emaitzen balorazio bat egitea. Datu orokorrak txarrak dira, hor ez dago zalantzarik.
PISA txostena hiru urtean behin egiten da, baina 2022an ez genuen egin. 2018an egindakoen emaitzak berriz 2020an jaso genituen. 2025eko datuak dira orain, modua orokor batean, argitaratu dituztenak, 2009an jaiotako ikasleei egindako frogetatik ateratako ondorioak.
PISAk konpetentzia batzuk soilik eta modu jakin batean ebaluatzen ditu. Gure ebaluazio eredua integralagoa da
Berez, gure datuak ditugunean tentuz aztertuko ditugu beste kanpo eta barne neurketa batzuen datuekin gurutzatuz. PISAk konpetentzia batzuk soilik eta modu jakin batean ebaluatzen ditu. Gure ebaluazio eredua integralagoa da. Konpetentzia eta gaitasun gehiago barnebiltzen ditu, ebaluazio sistema jarrai eta hezitzaileago batean.
PISAk ebaluatzeko duen eredua ere kritikoa izan daitekeela esan nahi duzue?
PISAko emaitzak kontuan hartzen ditugu baina ematen duen emaitza oso partziala dela esan nahi dugu. Ikaslearen ebaluazio prozesua PISAk ebaluatzen dituen esparruak baino zabalagoa delako.
Azterketa horiek aurretik ez dira lantzen eta ikasleen motibazioa ere erdipurdikoa izaten da. Alegia, ez da ikastolaren froga ofiziala eta horrek ere eragina du. Beraz, inongo balorazio sakonik egin aurretik, aipatu nahiko genuke faktore edo aldagai asko daudela kontutan hartu behar ditugunak.
Oraingo hezkuntza sistemak ez die erantzuten gaurko gazteen behar guztiei
Argi dagoena da, eta Arizmendi Ikastolak behin baino gehiagotan adierazi du, hezkuntza sisteman aldaketa sakonak egin behar direla, edo?
Ez dago zalantzarik, hezkuntza sistemak aldaketak behar ditu. Oraingo hezkuntza sistemak ez die erantzuten gaurko gazteen behar guztiei. Hau da Hezkuntza Komunitateak gure buruari egin beharko genioeken galdera: Zer behar dute gure ikasleek egungo eta etorkizun hurbileko beharrei eta erronkei erantzuteko? Galdera horri erantzuna eman nahian osatu dugu Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra. Konpetentzia espezifiko batzuetatik haratago, pertsonen balio sistema oso bat definitzen duena, besteak beste.
Agerikoa da Euskal Herriko gizarteak orokorrean, baita gazteek ere, gutxiago irakurtzen dugula eta horrek testuen ulermenean eragin zuzena du
Bueltatu gaitezen PISAra. Espero ziren horrelako datu kezkagarriak?
Ez da sorpresa bat izan. PISAk irakurketaren ulermenenari buruz dioena, adibidez, Ikastolan behin baino gehiagotan partekatu izan den kezka da. Gizartearen isla da, gailu digitalen (pantailak, sare sozialak, adimen artifiziala…) gehiegizko erabilera errealitate bat da. Horrek patxadazko irakurketa eta hausnarketa sakonetarako hartzen ditugun denborak murriztu ditu. Agerikoa da Euskal Herriko gizarteak orokorrean, baita gazteek ere, gutxiago irakurtzen dugula eta horrek testuen ulermenean eragin zuzena du. Eta aldi berean, ulermenean zailtasunek eragin zuzena dute gainontzeko konpetentzia gehienetan. Baina ez da ikastetxeon ardura soilik. Hezkuntza komunitateak, baita familiek ere, gai honetan badugu zeregina bestelako erakundeekin batera.
Baliabide digitalen gehiegizko erabileraz jabetuta, neurriak hartzen hasiak ginen, bai. Zentzu horretan garatu genuen Arizmendi Ikastolako marko teknopedagogikoa
Arizmendi Ikastolan gailu digitalen erabilera doitzeko neurriak hartzen hasiak zineten?
Azken urteotan eta batez ere pandemiaren osteko testuinguruan, baliabide digitalen gehiegizko erabileraz jabetuta, neurriak hartzen hasiak ginen, bai. Zentzu horretan garatu genuen Arizmendi Ikastolako marko teknopedagogikoa. Bertan ikaskuntza prozesuan gailu digitalen erabilera osasuntsu baterako irizpideak finkatzen dira, ebidentzia zientifikoetan oinarritzen direnak. Alde batetik ikasleen konpententzia digitalaren garapena bermatzea eta bestetik, teknologia hauek ematen dizkiguten balio erantsiak identifikatzea nahi izan dugu. Honek aldaketa batzuk egitera eraman gaitu azken hilabeteetan, hala nola, gailu digitalen erabilera atzeratzea eta doitzea.
Hego Euskal Herriaren kasuan, hizkuntzaren erabilerak baldintza dezake PISA txostenaren emaitza?
Bai, eragin dezake noski. Gure herrietan euskara ondo menderatzen ez duten pertsona asko dago, baita gaztelera menderatzen ez dutenak ere. Eta horrek eragin zuzena du azterketa bat ulertzerako momentuan.
PISA txostenaren alderdi positiborik bai?
Konpetentzia konkretu horietan eredu arrakastatsuak zeintzuk diren idetinfikatzeko aukera ematen digu PISAk. Gure kasuan, Ikastolen Elkarteko kide gisa, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko ereduak aztertu eta elkarrekin emaitzen hausnarketa sakonago bat egiteko aukera daukagu, ondoren, identifikatutako eredu arrakastatsuen praktika onak partekatuz.