Enpresan egoteko modu kooperatiboa
Handik eta hemendik entzuten dugunez, gazte belaunaldiek balio ikuspegi berriak dakartzate. Horiek bereziki agerikoak omen dira lana ulertzeko moduan eta lanarekiko aurreikuspenetan. Eskakizun indartsuekin hurbiltzen omen dira enpresa mundura. Eta, aipatzen denez, lehen enpresek bazuten nor hautatu erabakitzeko ahalmena; orain, aldiz, gazteek dute aukera zabal baten baitan enpresa hautatzeko indarra beren alde.
Joko-zelaia bereziki zaila da kooperatibentzat. Izan ere, gazte belaunaldi berri horiek ez omen dute enpresara sendo lotzeko motibaziorik eta, ondorioz, bazkidetzaren bidez egonkortasuna izatea kooperatiben elementu bereizgarria izan bada ere, orain ezer gutxi balio duela dirudi. Kooperatibak zurrunegiak omen dira gazteen malgutasun nahiari erantzuteko, eta, halabeharrez, kooperatibek modernizatzeko premia larria dute, besteak beste, beren balio eta printzipioetako batzuk eraberrituz.
Kooperatiben gure mundu honetan, inertzia indartsuak sortzen ditu enpresa-dimentsioaren larritasunak; baina, ikerketetan eta prestakuntza saio desberdinetan entzun ahal izan dugunez, ñabardura garrantzitsuak daude gazteen ikuspegietan.
“Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka da, zalantzarik gabe, indarrez nagusitzen ari den aldarrikapenetako bat”
Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka da, zalantzarik gabe, indarrez nagusitzen ari den aldarrikapenetako bat. Gazteak bereziki sentikorrak dira itxaropen horrekiko. Baina alde handiak daude profilaren arabera. Profil nagusi baten kasuan, bizimodu esanguratsu bat eraikitzeko unean, lanak lehen zuen garrantzia galdu du. Horientzat, enpresa lan egiteko tokia baino ez da; bizi proiektu pertsonalari eusteko dirua eskuratzeko tokia, alegia. Aditzera ematen dutenez, bizitzea merezi duen bizitza lantokiko paretetatik at kokatzen dena da. Kooperatiban egoteko modua baldintzatzen du ikuspegi horrek: lan baldintzetan eta eskubideetan aurreratua izatea dagokio kooperatibari.
Baina bestelako profil bat ere aurkitzen dugu gazteen artean. Horientzat, lanaren eta bizitzaren arteko oreka garrantzi handikoa den arren, lanak eta enpresaren eremuak beren bizi proiektuaren dimentsio garrantzitsua izaten jarraitzen dute. Enpresan egoteko modu kooperatiboaren aurreikuspenak dakartzate: lana ondo eta kalitatez aurrera ateratzeko ardura partekatzen duen lantaldea, elkarlan dinamika osasuntsuan garatzen dena, bai eta lankideen arteko ardura eta elkarlaguntza ere. Horiek dira, besteak beste, kooperatiban aurkitu nahi luketen lan giroa.
Ez gaitezen, baina, idealizazio zaharkituetan murgildu. Gazteek (guztiek) sakrifizio pertsonalean oinarritutako konpromiso kooperatiboaren narratibatik ihes egiten dute. Proiektu kooperatiboak berritu beharra dauka. Baina, agian, indarrean dauden usteen aurka, norabidea bestelakoa da: enpresan egoteko modu kooperatiboaren eskaintza da, beharrezkoak ditugun gazteak erakartzeko, kooperatibok indartu beharko genukeen ildoa.