2017-10-21T21:33:55+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Nazioartekotzea eta berrikuntza, MONDRAGONeko kooperatiben bilakaeraren giltzarriak 2013an

2014/09/05

Kooperatibetako negozioen nazioartearen ezaugarria areagotu da. Nazioarteko salmentak %6,7 igo dira eta dagoeneko salmenta guztien %71,1 dira. Horretaz gain, kooperatibek 136 milioi euro bideratu zituzten I+G+Bra, eta 467 asmakuntza patente dituzte, produktu eta zerbitzu berrietan 628 milioi euro fakturatzea ahalbidetu dietenak. Inbertsioei dagokionez, 2013an egindako inbertsioak 394 milioi euro izan ziren, hau da, soilik bi urte lehenago egindakoak halako bi. Eta negozioaren nukleoaren indarra adierazten duen Ebitda adierazlean 1.272 milioi euro zeuden, salmenta zifra totalaren %10,9. Oro har, kooperatibek, batez besteko langile kopuruari eusten diote, eta 74.000 lanpostu baino gehiago dira, termino homogeneoetan.
Nazioartekotzea eta berrikuntza, MONDRAGONeko  kooperatiben bilakaeraren giltzarriak 2013an

Estatu mailan oso testuinguru zailak markatu du urtea, eta horren ezaugarriak izan dira kontsumoaren atonia eta BPGaren jaitsiera, %1,2; gainera, nazioarteko ekonomien aurrerapen motela aipatu behar da; eta, barne mailan, Fagor Etxetresnen jarduera etetea. Egoera horretan, MONDRAGON Korporazioak, 2013ko ekitaldiaren amaieran, aurreko urtearekin alderatuta %2ko jaitsiera izan zuen salmenta mailan, termino homogeneoetan, salmentak 11.582 milioi euro izan baitziren.

Merkatu nazionalaren atonia ere nazioarteko merkatuen portaera hobearekin konpentsatu da berriro ere, kanpoko salmentak %6,7 hazi baitira.

Nazioartekotzea
Hain zuzen ere, kooperatiben jarduera nazioartekotzeko apustu estrategikoa elementu erabakigarria izan da 2013ko bilakaeran. Industri arloak salmenta guztien %71,1 egin zituen nazioarteko salmentetan (3.411 milioi euro), eta horrek berretsi egiten du taldearen jarduera internazionala gero eta handiagoa dela. Gainera, kooperatibek atzerrian duten presentzia nabarmen areagotu zuten, 17 ezarpen berri egin baitzituzten –dagoeneko 122 dira–, Txina, India, Brasil, Mexiko, AEB eta Saudi Arabia bezalako herrialdeetan. Kooperatiben multzoak 11.000 pertsona inguru enplegatzen ditu jada atzerrian.

Berrikuntza
Nazioarteko jarduerak markatutako ekitaldiari kooperatibek berrikuntzaren alde egindako ahaleginak gehitu behar zaizkio, merkatuetan duten ahalmen lehiakorra hobetzera zuzenduta. I+G+B atalarekin dagoen konpromisoa 136 milioi eurora igo zen, %8,5 balio erantsiarekiko.
Korporazioak 15 erakunde elkartzen dituen zentro teknologiko eta I+G unitateen sare bat dauka, eta esklusiboki I+G gaietan diharduten 1.700 pertsona enplegatzen ditu. Horrez gain, kooperatiben multzoak asmakuntzako 467 patente familia ditu, eta horiekin 2013an 628 milioi fakturatu ziren produktu eta zerbitzu berrietan.

Industri arloa
Industri arloaren salmentak guztira 4.796 milioi eurora iritsi ziren, eta horrek, termino homogeneoetan, esan nahi du aurreko urtean baino %1,2 gehiago saldu zela.
Halaber, testuingurua aurkakoa izan arren, Industri arloak gauzatutako inbertsioak 305 milioi euroren zifrara iritsi dira, hau da, %3,9ko hazkundea izan da 2012an ere inbertsioetan jarritako diru kopuru handiekiko.

Ebitda
Industri arloaren Ebitda 517 milioi eurora iritsi zen, aurreko urtean baino %5,3 gehiago, eta %10,8 esanguratsua ematen du salmenta zifrari dagokionez.

Korporazioko zifra globalak
Korporazioaren zifra globalei erreparatuta, termino homogeneoetan, adierazi behar da salmentetan 11.582 milioi euro lortu zirela, %2ko uzkurdurarekin 2012arekiko, batez ere barne merkatuaren atoniaren ondorioz, nahiz eta hori nazioarteko salmenten hazkundearekin konpentsatu den (%6,7). Ebitda 2013an 1.272 milioi eurora iritsi zen, aurreko urtean baino %3,6 gutxiago, baina %10,9ko zifra sendoa erakutsiz salmenta zifra totalarekiko.

Enplegua
Enpleguari buruz, 820 lanpostu sortu dira, gehienak kanpoko lantegietan, baina %15a gure inguruneko lantegietan.
Enpleguari dagokionez, urrian jarduera eten zuten Fagor Etxetresnei lotutako lanpostuak alde batera utzita, kooperatiben multzoak bere batez besteko langile kopurua handitzea lortu du (%0,1), 74.061 lanpostura iritsita.
2013ko beste datu esanguratsu bat urtean zehar egindako inbertsioak izan ziren, 394 milioi euro inbertitu baitziren, 2012an baino %24 gehiago, bi urte lehenago egindakoak bikoiztuz.
Industria arloak 2014ko lehen seihilekoan izan duen bilakaerari buruz, iazkoak baino zertxobait txikiagoak izan direla aipatu behar da, batez ere esportazioek atzera egin dutelako, nahiz eta atzerriko produkzioaren igoerak (%6) orekatu dituen.

Etorkizunari buruzko hausnarketa
Azkenik, aipa daiteke organo korporatiboek azterketa prozesu eta etorkizunari buruzko hausnarketa etapa baten murgilduta daudela. Prozesuan, MONDRAGONeko Batzorde Kudeatzaileak zuzenduta, abiapuntuko egoeraren balorazioa egiten ari da eta datozen urteotarako jarduteko ildo nagusiak identifikatuko dira. Hausnarketa honi buruzko txostena hurrengo oraindik fetxarik zehaztuta ez duen 2014ko kongresuan aurkeztuko da.

Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak