2017-12-18T07:55:19+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Mozambikeko nekazariak lagundu nahi?

2016/12/13

Mundukidek kanpaina berria jarri du abian Mozambikeko nekazariei laguntza helarazteko. Ekarpen ekonomikoak mikrokredituetan bihurtzeko aukera eskainiz.
Mozambikeko nekazariak lagundu nahi?

Mozambikeko iparraldean dago Marrupa distritua eta munduko hamar herrialde pobretuenen artean kokatzen da. 58.700 biztanle ditu eta bizi itxaropena 55 urtekoa da. Nekazaritza da ekintza nagusia Afrikako eskualde honetan, eta estatistiken arabera familia askok urtean 100€ baino gutxiago irabazten dute.  

Zertarako kreditua?

Jasotako dohaintza Mozambike iparraldeko nekazariei kreditua emateko erabiliko da. Kreditu horren bitartez nekazariek materialak erosi ahal izango dituzte lurrak landu eta ureztatzeko, baita lurra ereiteko behar duten hazia erosteko ere. Behin uzta jasotakoan kreditua itzuli beharko dute. 2016an Mundukidek 80.000 nekazariri eskaini die laguntza Mozambiken.

Ekarpena nola egin?

Ekarpena Laboral Kutxako edozein bulegotan egin daiteke. Bertan aurkitu daitezkeen esku orriak bete ondoren eskatu ekarpenak Mundukideko kontura ingresatzeko eta dagokion ordena sortzeko.

Mozambike - Mundukide

Mikrokredituak Tusha bezalakoentzat

Tusha Balamako nekazari bat da, alarguna, bere zaintzapean hiru seme-alaba dauzkana. Nekez lortzen du, euri garaian, behar adinako arto saila ereitea urte guztirako jana edukitzeko. Ezustekoren bat gertatzen bada, alegia, euri gutxi, gaixotasunen bat… odisea bat bihurtzen da goseari aurre egitea. 

Inguruko labore tradizionalak kontuan hartuta eta emakumeengan pentsatuta, Mundukidek sesamoaren laborantza jarri zuen martxan. Sesamo hazia oso estimatua da barne eta kanpo merkatuetan; gainera, ez du ariketa fisiko handirik eskatzen ez lurra prestatzerakoan ez uzta bildu arteko prozesu osoa ere.

Horretarako, Mundukidek laguntza teknikoa ematen die nekazariei, ezer oparitu barik baina. Horrek esan nahi du interesa daukatenek inbertitu egin behar dutela haziak eta lurra lantzeko materiala erosteko. Hor sartzen da, hain zuzen ere, Mundukideren mikrokredituen programa.

2002an 20 euroko zenbatekoa ematen zen urte baterako, eta dirutan nahiz jenerotan itzul zitekeen. Konpromisoak betetzen baziren, emandako zenbatekoak handitu egiten ziren; horrez gain, familiartekoak eta lagunak gomendatu eta horiek hartzaile izateko aukera ere bazegoen.

2009tik hona, nekazaritzako jarduerak finantzatzeko ematen da kreditua, hau da, haziak, ongarria, laborantzarako tresnak eta halakoak erosteko, eta azken urteetan areagotu egin dira ureztatze sistemak eta bereziki motoponpak erosteko kredituak.

2011tik aurrera, mikrokredituen programan, onuradunen %50 baino gehiago emakumeak dira, izan ere, kopuru osoaren %55 jasotzen dute dagoeneko. Tusha bezalako emakumeek haziak eta beharrezko materiala erosteko mikrokreditu bat jasotzen dute, eta uzta saldu ostean itzultzen dute.

2015ean 46.000 € batu ziren guztira mikrokredituetan. Horri esker, 134.472 €-ko intsumoak erosi ziren, produkzioan 4.000.000 € bihurtu zirenak. Kopuru horretatik 500.000 €, 2.200 hektareatan landutako sesamo produkzioari zegozkion.

Etorkizunera begira, erronka da kreditua bakarrik ematea programan hasten diren nekazariei, eta beteranoak kontzientziatzea aurreko kanpainan lortutako zati bat aurreztu dezaten, hurrengo urteko erosketak egin ahal izateko. Eta hala, mendekotasuna txikitzea eta nekazarien autonomia sustatzea. 

Errenta aitorpenean kenkaria

%20 eta %75 arteko kenkaria izan dezakete diru-laguntzen emaileek euren Errentaren gaineko aitorpenean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 772 010 telefonora edo idatzi uurizar@mundukide.org helbidera.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak