2017-08-20T02:27:57+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Mondragon Unibertsitateak ingeniaritzako ikaskuntzari buruzko munduko biltzarra antolatuko du uztailean

2015/03/20

Biltzarra Donostialdeko campusean (Orona Ideon) egingo da. Bertan, arazoetan eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzako esperientziak partekatuko dira, ingeniaritzako prestakuntzaren ildoak finkatzeko. Arazoetan eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzak (PBL) benetako bizitzan oinarrituriko arazoei konponbidea aurkitzeko lantaldeen arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten du. Biltzarreko gai nagusia ingeniaritzako ikasleen prestakuntza eta horiek bizitza osoko lanbide-ibilbiderako prestatzearen garrantzia izango da.
Mondragon Unibertsitateak ingeniaritzako ikaskuntzari buruzko munduko biltzarra antolatuko du uztailean

Eginez ikastea eta benetako arazoak konponduz ikastea da prestatzeko metodorik onena, baita Mondragon Unibertsitatearen bereizgarritasuna ere. Unibertsitatea aitzindaria da estatuan bere fakultateetan arazoetan eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza (PBL) ezartzen. Metodo horren helburua ikasleek benetako arazoei aurre eginez eta konponduz ezagutzak eskuratzea da. Hori ikasteko eta ikasleek bizitza osoko lanbide-ibilbiderako prestatzeko era praktikoa da. Estatuan duen lidergoari esker –unibertsitatea eta bere fakultate guztiak ikaskuntzako metodologia berritzaile horren babesle izateagatik ezagunak dira–, Mondraogn Unibertsitatea IJCLEE 2015 mundu biltzarra egiteko aukeratu dute. Ekitaldia unibertsitatearen Donostialdeko Orona Ideo campusean egingo da uztailaren 6tik 9ra, eta horretarako ikaskuntzako metodologia horren alorreko elkarterik nabarmenenen laguntza izango du. Horien artean dago Alborgeko unibertsitatea (Danimarka). Unibertsitate hori Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzako UNESCO Zentroa da Ingeniaritzako Zientzien eta Iraunkortasunaren alorrean, eta erreferentzia da Europan. Gainera honako hauen babesa ere badu: Universitat Politécnica de Cataluña (UPC), Universidade do Minho (Portugal) eta Saxion University of Applied Sciences (Holanda).

Donostialdeko Orona Ideo campusean egingo da uztailaren 6tik 9ra

Puntako esperientziak

Biltzarrean Ingeniaritzaren alorreko Arazoetan eta Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntzaren puntako esperientziak erakutsiko dira, ondoren ingeniaritzako prestakuntzaren ildoak finkatzeko. Topaketari esker, MUk metodologiaren inguruko bere esperientzia ezagutzera emateko eta nazioartean posizionatzeko aukera izango du, baita ikerketa-proiektuetarako ezagutza-sareak sortzeko aukera ere. Arazoetan eta Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntza da Mondragon Unibertsitatearen bereizgarritasuna.

Ingeniaritzen alorreko ikaskuntzako mundu biltzarra egiteak unibertsitateari aukera ematen dio ikaslea helburu duten metodoetan esperientzia handiko ingeniaritza-alorreko sarerik aurreratuenetan egoteko.

Arazoetan oinarrituriko eta proiektuetan antolaturiko Ikaskuntzaren ikasteko metodoan ikasleek, taldeetan antolatuta, benetako arazoei –adierazgarriei– aurre egiten diete, ikuspegi kritiko batetik aztertuz eta arazoa bere osotasunean konpontzeko konponbiderik egokienak identifikatuz eta eraikiz. Gainera, bizitza osorako eta edozein egoeratarako baliagarria da estrategia hori. Ingeniaritzaren kasuan, arazoek energiarekin, osasunarekin, lehengaiekin, iraunkortasunarekin eta abarrekin dute zerikusia.

Ingeniaritza-alorreko ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, enpresei eta erakundeei zuzendurikoa

Programa

Biltzarra hiru egunetan egingo da, uztailaren 6tik 9ra. Askotariko publikoari dago zuzenduta, hala nola ingeniaritza-alorreko ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, enpresei eta erakundeei. Mundu mailako ingeniaritzako ikaskuntzako hiru ikuspegi handi bilduko dira. Horri esker, hainbat ikuspegitatik komunitateen arteko eztabaida gurutzatua sortu ahal izango da, baita hezitzaileen arteko sareak ere. Lehen egunean, uztailaren 6an, “Ingeniaritzaren irakaskuntzan ikaskuntza aktiboa" izeneko lantegia egingo da. Hori ingeniaritzako ikasleei eta irakasleei zuzendurik dago eta ALErekin (ikaskuntza aktiboaren bitartez ingeniaritzako hezkuntza hobetzea xede duen ingeniaritzako irakasleen nazioarteko sarearekin) batera antolaturik dago. Uztailaren 7an Ingeniaritzako Hezkuntzaren inguruko Proiektuen Ikuspegiei buruzko Nazioarteko Sinposioa egingo da, eta uztailaren 9an Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzari buruzko Ikerketaren Nazioarteko Sinposioa, Alborgeko Unibertsitatearekin batera antolatua. Hori Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzako UNESCO Zentroa da, hain zuzen. Biltzarraren arduradunak, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Nestor Aranak, dioenez, “egoera berrietara egokitzeko gizarte-inguruneetan sarean ezagutza sortzeko estrategiak behar ditugu, ezagutza transmititzeko erabili ohi diren estrategien bestelakoak”.

Biltzarrari esker, munduan unibertsitate-hezkuntza ikusteko moduaren aldakuntzan eragile aktiboa izango da unibertsitatea. Horretaz gain, Espainiako unibertsitateen artean erakunde-eremuan metodologia aktiboak erabiltzen dituen bakarrenetarikoa da.

Biltzarrak, azken finean, aukera emango du jardueretan eta lantegietan parte hartuz ikasteko, esperientziak eta emaitzak beste unibertsitate batzuekin partekatzeko, unibertsitatearen ereduan aurrera egin ahal izateko ingeniaritzako hezkuntzan ikerketarako oinarriak finkatzeko eta gure ereduaren egoerari buruz gogoeta egiteko nazioarteko foroa izateko. Eredu hori, hain zuzen, buru-belarri sartuta gauden etengabeko eraldaketa-prozesua bultzatzeko funtsezkoa da.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak