2017-12-12T11:12:31+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

LABORAL Kutxak 100 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Ekonomiako enpresen finantzaketara

2014/09/11

CEPESek (Espainiako Gizarte Ekonomiako Enpresen Konfederazioa) eta LABORAL Kutxak sinaturiko 100 M€-ko hitzarmenak, dauden gizarte-ekonomiako enpresei ez ezik, ekintzaileei ere lagunduko die. CEPES konfederazioak 44.500 enpresa baino gehiago hartzen ditu barne eta Espainiako BPGaren % 12 sortzen du.
LABORAL Kutxak 100 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Ekonomiako enpresen finantzaketara

Josu Arraizak (LABORAL Kutxako Enpresen Areako zuzendaria) eta Juan Antonio Pedreñok (CEPESeko lehendakaria) berritu egin dute bi entitateek 2012. urtean sinaturiko hitzarmena, gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketa errazteko. Horrela, gizarte- eta enpresa-eredu parte-hartzaileagoa, gardenagoa eta lehiakorragoa osatzen duten erakunde eta pertsonentzako babesa berretsi egin du LABORAL Kutxak.

Hitzarmenaren helburu nagusia da enpresa horiei likidezia emango dieten partidak eskaintzea, inbertsio berriak errazteko. Partida horien artean azpimarratzekoak dira, beren garrantziagatik, ekintzailetzara eta kapital sozialerako ekarpenetara bideraturikoak, horiek oso finantzaketa-baldintzak egokiak izango dituztelako. Horrela, sozietate berriek eskura izango dituzten maileguek % 1eko irekiera-komisioa eta % 4,5eko interes finkoa izango dute. Gainera, eskatutako zenbatekoa 25.000 eurotik beherakoa bada, Europako Inbertsio Fondora (EIF) jotzeko aukera izango dute bost urterako. Horri esker, interes-tasa are txikiagoa izango da (% 3,95ekoa).

Enpresen kapitalerako ekarpenen kasuan, bazkideek 7 urterainoko maileguak eskuratu ahalko dituzte, % 0,5eko irekiera-komisioarekin eta Euriborra + % 2,50eko interes tasa hobarituarekin. Tasa hori ere txikiagoa izan liteke (+ % 1,75ekoa), Europako dirulaguntza bat eskuratuz gero.

Entitateak behar besteko baliabide ekonomikoak eskaintzeaz gain, bezeroek entitateko profesionalen laguntza eta esperientzia ere izango dituzte lagungarri beren negozioa diseinatzeko.

Finkatutako enpresentzako irtenbideak

Gizarte-ekonomiako enpresen premia nagusiak betetzeko diseinatu da hitzarmena. Hala, ekintzaileentzako finantzaketa-lerro berriak ez ezik, zirkulatzailea finantzatzeko produktuak (kreditu-kontuak, deskontu komertziala edo kreditu-aurrerakinak) eta mailegu edo leasing eragiketen bidez inbertsioak finantzatzeko produktuak ere izango dira finkatutako enpresentzat. Hitzarmenaren helburua da proiektu on eta bideragarriak dituzten enpresa guztiek finantzaketa eskuratzea.

Gainera, LABORAL Kutxak behin betiko bultzada eman nahi die gizarte-ekonomiako erakunde horien internazionalizazio-prozesuei, mugak irekiz lehiakortasuna hobe dezaten.

LABORAL Kutxak ekintzaileen alde egiten du

Espainiako Gizarte Ekonomiako Enpresen Konfederazioarekin sinaturiko hitzarmena erakundea osatzen duten 44.500 enpresei eta horietan lan egiten duten 2.215.000 langileei eragiten die. Erakundeak Espainiako BPGaren % 12 sortzen du eta 150.000 milioi eurotik gorako fakturazioa du. LABORAL Kutxaren laguntzari esker, hazten jarraitzeko asmoa du, enplegua sortu eta proiektuak aurrera ateratzeko.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak