2017-12-15T22:50:00+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Jesus Mari Herrasti: "Gerora begira, erabili beharreko metodoa da karbono-aztarnarena"

2011/07/13

Uztailaren 1ean karbono-aztarnaren gaineko lehen jardunaldia antolatu zuen Aliatec-ek Garaia Berrikuntza Gunean. Jardunaldia bukatzeko bertan parte hartutako adituekin mahai-ingurua egin zen eta Jesus Mari Herrasti Garaia Berrikuntza Guneko lehendakaria aritu zen moderatzaile lanetan.
Jesus Mari Herrasti: "Gerora begira, erabili beharreko metodoa da karbono-aztarnarena"

Jesus Mari Herrasti (Argazkia: © cc-by-sa goiena.net)

Noiz entzun zenuen lehenengo aldiz karbono-aztarna*?

Lehenengo aldiz duela lau urte entzun nuen, amerikar batek esanda. Hemen zero gunea eraikitzea pentsatu zuten, Garaia gunea, eta orduan horri buruz irakurtzen hasi nintzen. Informatu nintzenean oso interesgarria iruditu zitzaidan, bizi osoa neurtzeko tresna bat da, produktu batek duen inpaktua jaiotzen denetik hiltzen den arte. Beste metodo batzuk baino samurragoa da neurketa egiterakoan.

Zein egoeratan dago karbono-aztarna mundu mailan?

Estatu Batuetan eta Ingalaterran hasi ziren, eta gero Europako iparraldera zabaldu zen metodoa. Gero eta produktu gehiago daude, baita erakunde gehiago ere metodo hau aurrera eramaten dutenak. Mondragon taldeak ondoan ditu MU, diseinu aldetik bereziki, eta Ondoan ere gurekin dago. Beste enpresa, administrazio eta zerbitzu asko gerturatzen dira informazio bila eta zer egin daitekeen ikustera.

Zein da arrazoi nagusia karbono-aztarna erabiltzeko?

Lehenengo arrazoia, ingurumenarekiko sentsibilizazioa da. Horretarako, gauzak neurtu egin behar dira, ez bada neurtzen ezin da ez baloratu ezta konparatu ere. Garrantzitsuena da, norberak zerbait hobetzeko helburuak jartzen dituenean, hobekuntza horretarako aldaketak egitea. Desafio bat hartzea beti da ona aurrera egiteko. Leku berri batean sartzen zarenean, zailtasunak daude eta aldaketak egitea beti kostatzen da, baina gure enpresa betirako izatea nahi badugu, gizartearekiko erantzukizun bat izan behar dugu, sentsibilizazio bat.

Zertifikazioa, izen ona mantentzeko ala ingurumena zaintzeko tresna?

Zertifikazioa modu askotan erabili daiteke; norberak zer moduz dagoen jakiteko, gainontzekoei gauzak nola egiten dituen azaltzeko, hau da, gardenak izateko edota askotan argumentu komertzial moduan erabiltzeko. Jendeak hori baloratzen badu, merkatuan abantaila bat izan daiteke.

Nolako etorkizuna ikusten diozu karbono-aztarnari?

Lehenago edo beranduago etorkizuna badu, denoi kaltetzen digun arazoa da aldaketa klimatikoa eta CO2ren isurketa. Nahiz eta gaur egun jendeak beste arazo batzuk eduki, gerora begira, erabili beharreko metodoa da.

-----

*Karbono-aztarna da norbanako, erakunde, ebentu edo produktu batek zuzenean edo zeharka berotegi efektua eragiten duten gasen kopurua.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak