2017-12-18T19:41:26+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritzako bost master eskainiko ditu datorren ikasturtean

2013/05/03

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritzarekin lotura duten bost unibertsitate-master eskainiko ditu datorren ikasturtean. Horietako bat, hain zuzen, Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako unibertsitate-masterra Donostialdeko kanpusean, Orona IDeO-innovation cityn eskainiko da.
Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritzako bost master eskainiko ditu datorren ikasturtean

Mondragon Unibertsitateko unibertsitate-masterren ezaugarri nagusiak hauek dira: espezializazio maila handia eta praktikotasuna. Izan ere, eskaintzen diren edukiak enpresen eta erakundeen beharretara egokiturik daude, eta horiekiko harremana eta ikasleen enplegagarritasuna sustatzen dute. Nazioartekotzea eta ikerketa ere badute helburu. Hain zuzen, etorkizuneko ikertzaileena da unibertsitate-master horien profiletako bat, doktoregoa egiteko aukera ematen duen ibilbidea eskaintzen baitute. Unibertsitate-master ofizialak dira eta unibertsitateetan baino ezin dira eman, ziurtatze-agentzien ebaluazioak gainditu eta Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso ondoren.

Maiatzean Mondragon Unibertsitateak informazio-saioak antolatuko ditu Bilbon, Gasteizen, Arrasaten eta Donostian, bost master horiek ezagutzera emateko. Saioak doakoak eta interesatu guztientzat dira. Zehazki, maiatzaren 8an, asteazkenean, 19:00etan, Gipuzkoako Peritoen eta Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialean izango da; maiatzaren 16an, ostegunean, ordu berean, Bilboko Merkataritza Ganberan; maiatzaren 22an, asteazkenean, 19:00etan, Arabako Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialean; eta maiatzaren 29an, asteazkenean, 17:30ean, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan. Hitzaldietan, gainera, enpresetako hizlariek hartuko dute parte, besteak beste honako enpresa hauetakoek: Ingeteam, Innobasque, Orona, CAF, Ibermática eta Aernnova Aerospace. Horiek masterrek enpresa-munduarekin dituzten loturak azalduko dituzte, baita zer lan-aukera eskaintzen duten ere.

 

    1. Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Kudeaketako Unibertsitate Masterra.

Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Donostialdeko kanpus berrian eta Arrasateko kanpusean. Iraupena: urtebete/ Presentziala/ Gazteleraz eta ingelesez.

Ekonomia berrian enpresen funtsezko erronkei erantzutera bideraturik dago Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako Masterra. Testuinguru horretan lehiarako abantaila lortzeko erabakigarriak dira ideiak azkartasunez gauzatzea eta eraginkortasunez garatzea. Gainera, erakundeen jarduera optimizatzeko, berrikuntza eta proiektuen zuzendaritza nahitaezkoak dira.

    2. Lotutako Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra

Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean. Bi urte/ Presentziala/ Ingelesez eta gazteleraz

Tituluaren helburu nagusia, iraunkortasunean oinarrituriko diseinu estrategikoaren eta pertsonak ardatz dituen diseinuaren bitartez, gizarterako produktu, zerbitzu eta prozesu teknologikoen berrikuntza sustatzeko eta sortzeko gai izango diren profesionalak prestatzea da.

3. Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra.

Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean. Iraupena:Bi urte/ Presentziala/ Ingelesez eta gazteleraz/euskaraz.

Industria Ingeniaritzako Masterra industria-teknologiaren arloan prestakuntza aurreratua eta espezializatua emateko diseinaturik dago. Diziplina anitzeko masterra da eta teknologia berritzaileak sustatzeko, planifikatzeko eta integratzeko gaitzen ditu ikasleak. Masterrak enpresetako eguneroko kasuak ditu oinarri. Gainera, masterrean benetako proiektuak abian jarriko dira, berrikuntzari loturiko ikerketara bideratuak eta nazioarteko ikuspegia dutenak.

    4. Sistema Txertatuetako Unibertsitate Masterra.

Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean. Iraupena:Bi urte/ Presentziala/ Gazteleraz eta ingelesez.

Sistema txertatuetan oinarritutako produktuak berritu, diseinatu, garatu, ebaluatu eta mantentzeko eta bizi-ziklo osoan zehar horien fidagarritasuna bermatzeko gai izango diren profesionalak prestatzea da tituluaren helburu nagusia.

    5. Energia eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterra.

Tokia: Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko kanpusean. Iraupena:Bi urte/ Presentziala/ gazteleraz/euskaraz eta ingelesez

Honako hauetan profesional trebatuak prestatzea da tituluaren helburu nagusia: potentzia-elektronikaren aplikazioak aztertu eta analizatzen —energia-sorkuntza, berriztagarriak, industria-aplikazioak, trakzioa…—, potentzia-bihurgailu elektronikoak aztertu eta analizatzen —diseinua, modelaketa, kontrola eta azterketa— eta makina elektrikoak aztertu eta analizatzen —diseinua, modelaketa, kontrola eta azterketa—.

Industria Ingeniaritzako, Sistema Txertatuetako eta Energia eta Potentzia Elektronikako masterretako ikasleek 2. ikasturtean atzerrian ERASMUS egonaldiak egiteko aukera izango dute, edo atzerriko unibertsitateekin Diploma Bikoitzak Programan parte hartzekoa. Horrela, diplomatura bikoitza lortuko dute, Frantziako Ingeniaritzako Eskoletan, hala nola, Tolosako INSAn, Nanteseko ECN-n eta Tolosako ENSEEIHTn.

Masterrei buruzko informazio gehiago honako helbide honetan duzu eskura: http://www.mondragon.edu/es/estudios/masteres-universitarios

Egokitze-ikastaroak eta graduak

2012-2013 ikasturteari begira, Mondragon Unibertsitateak ingeniarientzako egokitze-ikastaroa –‘zubi-ikastaroak’ ere deitzen zaie– jarri du martxan. Horiek beren egungo diplomatu edo ingeniari tekniko tituluari eusteaz gain, Goi Irakaskuntzako Europar Eremura egokituriko gradu-titulua ere lortuko dute. Horrela, batetik, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gradu ikasketetara egokitzeko ikastaroak egiteko aukera eskaintzen die ingeniariei ingeniaritzako titulu guztietan: Mekanikan, Industria Elektronikan, Informatikan eta Telekomunikazio Sistemetan. Gainera, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, Arrasaten kanpus bat duenak eta beste bat Goierrin, 2013-2014 ikasturtetik aurrera hiru gradu berri izango ditu: Ingeniaritza Biomedikoa, Energiaren Ingeniaritza eta Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza. Azken bi horiek Donostialdeko kanpus berrian emango dira.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak