2017-10-19T01:59:08+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Fagor Arrasatek “Made in Euskadi” saria jaso du

2012/12/04

Fagor Arrasatek “Made in Euskadi” saria jaso zuen atzo Gugenheim Museoko gela nagusian ospatu zen ekitaldi bikainean. Euskal Enpresaren Gaueko XXI. edizioa izan zen, Enpresa Vasca y Sociedad izeneko fundazioak antolatua. Errekonozimendu honek euskal industria munduan zehar kokatzen nabarmentzen diren enpresak saritzen ditu.
Fagor Arrasatek “Made in Euskadi” saria jaso du

Jose Mari Balzategi, saria jasotzeko unean atzo Bilbon.

Ospakizunera Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailburua, Carlos Aguirre, eta ekonomia alorreko eta erakundeetako ordezkari asko bertaratu ziren. Ohorezko sari honek Fagor Arrasatek ia 60 urtean zehar izan duen nazioartekotze historia luzea, arrakastatsua eta saiatua saritzen du, makina erremintako deformazioko sektorean mundu mailan erreferentziazkoa bilakatu delako. Enpresako zuzendari gerenteak, Jose Mari Balzategik, iazko irabazlea izan zen Gestamp enpresako Barrenetxea jaunaren eskutik jaso zuen saria. Epaimahaiak bereziki baloratu zuen egindako kalitatezko lana, hasieratik izandako negoziorako bisio globala eta munduko merkatu bakoitzera egokitutako kudeaketa multinazionala.

Premiio Made in Euskadi para Fagor Arrasate.

Sektoreko enpresa garrantzitsuenen artean

Saria eskertzeko egindako diskurtsoan, sarituek Fagor Arrasate sektoreko enpresa global garrantzisuenetako bat izateko eta euskal industriaren lan onaren nazioarteko mezulari izateko  historian zehar izandako mugarririk garrantzitsuenak birgogoratu zituzten. Hala nola, hirurogeigarren hamarkadan Mexiko eta Frantziara egindako lehen esportazioak gogora ekarri ziren, hasierako azoka-lan handia eta denbora asko kanpoan igarotzen zuen giza talde kosmopolita, dinamiko eta eleanitza abian jartzeko bisio argia, garai haietan ez ohikoa. Ondoren, hirurogeita hamar eta laurogeigarren hamarkadetan garatutako delegazioak gogoratu zituzten, hain zuzen, garairako erreferentziazkoak izan ziren instalazio hauek: Libian tutuak fabrikatzeko lantegia eta auto fabrikatzaile handienen lantegietan instalatutako lehen prentsa linea robotizatuak. Azkenik 90. hamarkadan Txinan sartzearekin lortutako  inplantazio globala aipatu zen. Prozesu horrek Kunshanetik gertu lantegi berria eraikitzea ekarri zuen orain dela urte batzuk eta gaur egun Fagor Arrasatek dituen ia 800 langiletik 150 pertsona inguruk egiten dute lan Txinan.

Etengabeko lan honek bere fruituak eman ditu Fagorreko instalazioak 70 herrialdetan daudelako, nazioarteko salmentak guztizkoaren %90era iristen direlako, ia 20 herrialdeetan egiten duelako lan eta 230 milioi euroko fakturazioa lortu duelako. Gainera bere ohiko bezeroen artean munduko auto fabrikatzaile handienak ditu (Volkswagen, Ford, General Motors, Daimler, BMW, Renault, PSA, Tata, Mitshubishi, eta abar), estanpatzailerik handienak (Gestamp, Magna, Benteler, Polynorm, eta abar), siderurgia handiak (ArcelorMittal, ThyssenKrupp, Baosteel, Salzgitter, Tata Steel, Jindal, Acerinox, Ruuki, Jindal, Bushan, Tisco, Wisco, eta abar) eta etxetresnetako fabrikatzailerik nagusienak (Bosh-Siemens, Fagor, Electrolux, Whirlpool, General Electric, eta abar). Fagor Arrasateko komunikazioa ere mundura begirakoa da, guztiz globala eta nazioartekoa: sektorean erreferentea den website bat du, sare lokaletan presentzia du,  munduko hainbat lekutan urtero ekitaldi eta jardunaldiak egiten ditu, goi mailako erakustokiarekin joaten da azoketara, nazioarteko aldizkari nagusienetan artikuluak idazten ditu, Taldeko fabriketan aldizkako aurkezpenak egiten ditu, barneko sare global bat du langile guztien arteko koordinazioa eta lotura ahalbideratzen duena eta abar.

Nazioarteko ikuspegia

Gainera azpimarratu zuten Fagor Arrasateren nazioarteko bisioa beti garapen teknologiko handiko helburuekin batera joan dela eta testuinguru honetan I+G+Bn baliabide handiak jartzen dituela KONIKER Zentro teknologikoarekin lan eginez, Unibertsitateekin eta munduko hainbat lekutako Ikerketa Zentroekin. Horren erakusgarri izan dira azken hamarkada honetan Fagor Arrasatek garatu dituen berrikuntza iraultzaileak: servoprensa aurreratua, WAVELIN prentsa linea robotizatu eta sinkronikoa, STRETCH-LEVELLER tenkatze bidezko lautzailea, zizaila oszilatzailea, belaunaldi berriko tentsiopeko lautzea edo kuxin hidrauliko adimentsua.

Fagor Arrasatek nazioartekotze estrategian egitasmo ilusionagarriekin jarraitzen du. Orain dela 10 urte, hegazkin istripuan hil ziren Fagor Arrasateko 4 zuzendaritzako kideen oroitzapena ere ez zen falta izan, hain zuzen, laurek Fagor Arrasatek mundura zabaltzeko ahaleginean galdu baitzuten bizia.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak