2017-08-22T15:01:15+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Bernabé Unda Industria sailburua Fagor Arrasaten

2012/01/25

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua Fagor Arrasate kooperatibako instalakuntzak ikusten izan da gaur. Besteak beste, autoen piezak fabrikatzeko prentsa robotizatuen linearen garapen iraultzailea ezagutu du. Wave Line kontzeptua da eta produkzioan %40ra arteko igoera ahalbidetzen du. Egun hauetan, autogintzako ekoizlerik garrantzitsuenen ordezkariek eta erakundeetako kargudunek bisitatuko dute Arrasateko planta. Ia 100 espezialista eta zuzendariren bisita espero dute.
Bernabé Unda Industria sailburua Fagor Arrasaten

Bernabe Unda eta Jose Mari Aldecoa, gainontzeko bisitariekin, prentsa robotizatuaren ondoan.

Bernabe Undak, MONDRAGON Korporazioko lehendakaria den Jose Mari Aldecoarekin bisitatu ditu Fagor Arrasateko instalakuntzak, kooperatibak antolatutako ate irekien astearen barruan. Bisitan zehar Fagorrek estanpaziorako sistema robotizatu berritzailearen zati bat aurkeztu du, produkzioan igoera nabarmena ahalbidetzen duena. Wave Line du izena eta kontzeptu iraultzaile honen garapena robotak egiten espezialista den Alemaniako Kuka enpresarekin elkarlanean egin du Fagorrek.

Autogintzarako pieza handiek energia handia behar izaten dute fabrikatzeko eta prentsa bakarrarekin ezin izaten dira egin. Horregatik, prentsa lineak behar dira, makina bat bestearen ondoan dutenak. Piezak robot bitartez transferizatzen dira eta prentsa bakoitzean zati bat egiten da, linearen amaieran pieza guztiz bukatua lortu ahal izateko.

Normalean, prentsa batetik bestera piezak pasatzeko prozesu manipulatzailea botila-lepoa izaten da eta prentsa bakoitza bi unetan gelditu behar izaten da robotak pieza sartu eta estanpatu ondoren ateratzeko. Wave Line sistema berriarekin, geldialdirik ez dago eta abiadura handiko eta kontrol sinkronikodun belaunaldi berriko robotei esker instalazioak modu jarraian egiten du lan, gelditu gabe. Prentsa eta robot guztiek dantza sinusoidal sinkronizatua egiten dute (hortik datorkio izena) eta horrela produkzioa %40ra arte igotzea lortzen da.

Volkswagen Hegoafrikan

Fagor Arrasatek Wave Line bat instalatuko du laster Volkswagen taldeak Hegoafrikan duen planta batean eta Arrasateko lantegian proba-fasean dagoenez, Industriako sailburuak, Bernabe Undak, ekipoa funtzionatzen ikusi ahal izan du. Egun hauetan, munduko autogintza enpresa handienetako zuzendari asko eta hainbat eta hainbat hornitzaile -bazkide eta familiartekoek larunbatean ikusi ahal izan zuten lantegia- etorriko dira Fagor Arrasatera Wave Line-ak eskaintzen dituen abantailak ikusi ahal izateko, instalazioa martxan dagoen bitartean.

Besteak beste, Volkswagen, Ford, Gestamp Automoción, Seat, GM, CIE, Audi, Estampaciones Rubi, VoestAlpine magna, BMW eta AIC-eko arduradun nagusien bisita espero da.

Wave Line sistema munduan aitzindaria da eta Fagor Arrasatek mundu mailako erreminta makina sektorean duen aitzindaritza erakusten du. Fagor Arrasatek produkzioaren %95 esportatzen du eta sektorean Europako bi enpresa garrantzitsuenetarikoa da.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak