MONDRAGONeko kooperatibagintza biziberritzeari buruzko bideoa eskuragai

MONDRAGON korporazioko kooperatibetako lan-bazkideek aukera dute Arrasateko kooperatibagintza biziberritzeko estrategian egin den bideoa eskuratzeko. Interesatuek Gizabidean egin beharko dute eskaera.
2012/03/02

Ikus-entzunezkoak Arrasateko kooperatibagintza biziberritzeko estrategian jarri nahi du foku nagusia. Horretarako lehenengo eta behin, esperientziaren jatorrian egiten du geldialdia. Etorkizuna marrazteko beti delako interesgarria hastapenetara egiten den begirada. Ondoren, bete nahi duen helburu nagusi horretara gehiago hurbiltzeko, bere argi eta itzalak aztertzen ditu. Itxieran eskaintzen dira biziberritzeko ideia eta estrategia inspiratzaileak, norabide bat marrazteko asmoz.

Bideoa dago zuzenduta esperientziaren inguruan interesa agertzen duen edozein pertsonari, barrukoa zein kanpokoa izan.

Non eskuratu dezakegu?

Ikus-entzunezkoak 40 minutuko iraupena du eta Lanki ikertegiak egin zuen Gizabideak eskatuta Arizmendi Topaketetako 2009ko ekitaldirako. Ekitaldia urtero antolatzen du Gizabidea Fundazioak On Jose Maria Arizmendiarrieta gogoratzeko asmoz.

Eskuratu nahi dutenek, posta elektronikoz eska dezakete, honako helbide honetan: gizabidea@gizabidea.net edo bestela posta arruntez helbide honetara idatzita: Gizabidea Fundazioa, Zarugalde, 30. 20500 - Arrasate.