TUlankide MONDRAGON

MONDRAGONen 2012ko kongresua

2012/04/25
MONDRAGON Korporazioaren 2012ko Kongresua egin da Arrasaten (Gipuzkoa). Urteroko hitzordu korporatibora guztira 650 konpromisario zeuden deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztien ordezkaritzan.

Kongresua MONDRAGON gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituen organoa da, hala nola interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politiken definizioa. Organo horretan, halaber, kooperatiba berrien sarrera onartzen da, eta Batzorde Iraunkorraren -Kongresu batetik bestera diharduen ordezkaritza instituzionaleko organoa- eta Kontseilu Orokorraren -Korporazioaren zuzendaritza organoa- gestioaren deskargua egiten da.

Aurtengo edizioa Korporazioari buruzko bideo instituzional baten proiekzioarekin hasi zen, Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta, eta ULMA Packaging kooperatiba taldean sartzea erabaki zen.

Gestioaren deskargua

Congreso 2012 MONDRAGON

Bileran Batzorde Iraunkorrak egindako gestioa aurkeztu zen -aurretiaz kide guztiei bidalitako agiri batean ere aurkeztuta-, eta berdin Kontseilu Orokorrarena ere.

Kontseilu Orokorraren deskargua Jose Maria Aldecoa lehendakariak egin zuen, eta krisiari aurre egiteko eta indartuta ateratzeko funtsezko elementuak aipatu zituen bereziki: jarrera, gestioa eta jabetza. Jarrerari buruz "krisia talde gisa kudeatzeko barneratu dugun erantzukizuna" nabarmendu zuen, eta lasaitasuna, elkartasuna eta malgutasuna azpimarratu zituen, lanpostuak bermatzeko neurriak hartzeari dagokionez. Gestioari buruz, berriz, gure kooperatiben gestio finantzarioan, gestio ekonomikoan, enpleguaren defentsan eta etorkizuneko estrategien definizioan egindako ahaleginak goraipatu zituen. Azkenik, jabetza aipatu zuen eta, azpimarratu zuenez, "epe luzerako interes kolektiboa epe laburrerako interes indibidualen aurretik lehenesten jakin dugu".

Halaber, iazko irailean onartu zen 2013-2016 Politika Sozioenpresarialaren aldagai nagusiak aipatu zituen, bereziki lankidetza, nazioartekotzea eta berrikuntza, etorkizunerako ardatz estrategiko gisa. 2012rako gestioari erreparatuta, Aldecoa "urte zail-zaila" iragarri zuen, "batik bat merkatu estatalean zentratuta eta gutxi nazioartekotuta dauden jardueretarako", eta "zuhurtzia, konpromisoa eta gestioaren tentsioa mantentzea" gomendatu zuen.

Congreso 2012 MONDRAGON

Adierazpen instituzionala

Kongresuan, halaber, MONDRAGONen adierazpen instituzionala irakurri zen, Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela kontuan hartuta, eta bertan esaten da Korporazioa guztiz bat datorrela Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak efemeride horretarako hautatutako esloganarekin, hau da, "Enpresa kooperatiboek mundu hobe bat eraikitzen dute" lemarekin.  Horrez gain, pertsonengan oinarritutako erakundeak sustatu beharreko konpromisoa berretsi zuen, erakunde solidarioak, zuzenak, berritzaileak eta lehiakorrak.

Deklarazio horren arabera, MONDRAGONek "enplegua sortzeko bokazioa eta bazkideek eta organo sozialek balio kooperatiboekin duten konpromisoa berresten ditu, eta konpromisoa hartzen du gure Esperientzia partekatzeko eta eredua zabaltzeko, gizartearentzako erreferentzia izan dadin".

Jose Mari Aldecoaren agurra

Kongresuaren edizio hau berezia izan da Jose Mari Aldecoarentzat, datorren ekainaren 30ean erretiroa hartu baino lehen organoaren aurrean egin duen azken agerraldia izan baita. Horrenbestez, egoera aprobetxatu zuen agur hitz batzuk esateko, eta bereziki eskerrak eman zituen Korporazioa zuzentzeko aukera izateagatik.  Gainera, kongresukide guztiak animatu zituen eredu kooperatiboa irmo bultzatzera, etorkizuneko enpresa eredu gisa.

Congreso 2012 MONDRAGON

Kongresu honetan hitz egin zuen baita ere Txema Gisasolak, hau da, uztailaren 1etik aurrera Kontseilu Orokorrean Jose Mari Aldecoa ordezkatuko duenak.