2017-12-11T14:12:17+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

‘Kooperatibagintzan’ Aditu Tituluaren bosgarren edizioa abian da

2012/11/26

Bost urte igaro dira Kooperatibagintzan Aditu Titulua abian jarri zenetik, eta bost edizio horietan dagoeneko 100 lagunek hartu dute parte. Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikertegiak antolatzen du ikastaro hau MONDRAGONeko Gestio Soziala eta Otalorarekin elkarlanean.
‘Kooperatibagintzan’ Aditu Tituluaren bosgarren edizioa abian da

Ainara Udaondo, LANKIko zuzendari eta Aditu Tituluaren koordinatzailea.

Askotariko profileko profesionalak gerturatu dira oro har ikastaroa egitera: organo sozialetako ordezkariak, kudeaketa organoetakoak, kooperatibagintzan interesa dutenak… Horren guztiaren inguruan Ainara Udaondorekin egin dugu berba. Ainara LANKIko zuzendaria eta Kooperatibagintzan Aditu Tituluaren koordinatzailea da.

Bost urte igaro dira Kooperatibagintzan Aditu Titulua abian jarri zenetik. Zein testuingurutan abiatu zenuten?

‘Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren zentzuaren gaineko gogoeta prozesuan’ du ikastaro honek bere jatorria, eta 2007ko Kongresuan onarturiko ekinbideetan. Diagnostiko hark kooperatibagintzaren arlo soziala indartzeko beharra azpimarratu zuen. Norabide horretan eragiteko hezkuntza kooperatibo estrategia zabal bat irudikatu eta martxan jarri zen. Aditu Titulua testuinguru horretan kokatu behar dugu: biziberritze kooperatiborako bitartekoak jarri nahi dira ikastaro honekin. Kooperatibagintzan Aditu Tituluko parte-hartzaileak

Milaka lagunek parte hartu zenuten hausnarketa hartan.
Gogoeta prozesu hura oso interesgarria izan zen MONDRAGONen. 1.300 lagunetik gora hartu zuen parte hausnarketan. Nolabait gure identitate elementuen inguruan galdetu genion gure buruari. Partehartze handiko prozesu esanguratsua izan zen. Harrez gero hainbat ekinbide jarri dira martxan talde mailan, eta hezkuntza kooperatiboa ere hor kokatuko genuke. 2007az geroztik hezkuntza estrategia indartsu garatzen ari da kooperatibetan. Formatu txikiko ikastaroetatik 6.000 lagunetik gora pasa dira dagoeneko…, eta gure aditu tituluak ere norabide horretan eragin nahi du.

Zein da Aditu Tituluaren helburu nagusia?
Kooperatibagintzaren biziberritzean eragingo duten pertsona erreferentzialak formatzea bilatzen dugu. Hau da, proiektu kooperatiboa indartu eta bultzatuko duten pertsonak janztea, beraien eremuetan eragin biderkatzailea izan dezaten.

Askotariko profileko profesionalak matrikulatzen dira, ezta?
Halaxe da, bai. Exekutiboak, arlo sozialekoak, organo ezberdinetakoak, lehendakariak, kooperatibagintzarekiko kezka duten kooperatibistak… izan ditugu gure artean. Bestalde, ikastaro honetan formazioa jasotako askok hezkuntza kooperatibo prozesuak bideratu dituzte beraien kooperatibetan.

Zein gai lantzen dituzue?
Errealitate kooperatiboa ikuspegi integral batetik jorratzen dugu, izan ere, kooperatibagintza biziberritzeak estrategia integralak behar ditu. Lantzen ditugun gaiak dira: egungo gizarteak dituen galdera nagusien azterketa; Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren oinarriak, klabeak eta ezaugarri nagusiak; interkooperazio sistemak; antolakuntza; kooperatiben kanpo zein barne dimentsioak; pertsona eta kultura kooperatiboa… Arlo horiek guztiak lantzen ditugu. Kooperatibagintzan Aditu Tituluko parte-hartzaileak

Graduondoak izaera oso praktikoa du, edo?
Metodologiari dagokionez, 3 elementu konbinatzen saiatzen gara: ezagutza, elkarrizketa eta praktika. Aipagarria da ikasleak hainbat kooperatibetako eragileak izanda, euren errealitate eta praktikak konpartitzeko aukera dutela eta truke horrek asko aberasten du ikastaroa bera. Bestalde, kooperatiba taldeko erreferentziazko pertsona eta testigantzak jasotzen dira, modu horretara ezagutzatik praktikarako loturak eginaz.

Bosgarren edizioa ere oso ondo hasi duzue, ezta?
Azarotik maiatzera (irailera arte proiektuarekin) iraungo du ikastaroak eta ostiralero izango dira saioak Otaloran. Oso pozik gaude ikastaroak izan duen harrera onarekin; izan ere, aurtengo edizioan 19 lagun bildu dira eskaintza honetara. Aurten ere oso kooperatiba ezberdinetako ikasleak ditugu: Fagor Taldeko kooperatibak, Ulma Taldea, Arizmendi Ikastola, Danobat Taldea, Auzolagun, LKS…


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak