2017-10-23T15:22:32+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

‘Ekiten’ ekintzailetza programako enpresa-proiektu onenen sariak banatu dira

2016/07/01

Guztira 104 ikaslek hartu dute parte eta 35 proiektu aurkeztu dituzte. Horietatik 11 Latinoamerikako unibertsitateetatik datoz.
‘Ekiten’ ekintzailetza programako enpresa-proiektu onenen sariak banatu dira

‘Ekiten’ ekintzailetza-programako enpresa-proiektu onenen sariak banatu ditu gaur Mondragon Unibertsitateak. Lehiaketa urtez urte indartuz doa, eta ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea du helburu, baita ikasleei euren enpresak sortu eta negozio berriak abian jar ditzaketela sinestaraztea ere.  Aurtengo edizioan ere hiru kategoria antolatu dira: Enpresa Ideia Berriak (Gaztenpresak babestua), Landa Ingurunea Garatzeko Ideiak eta Proiektuak (Deba Goieneko eta Barreneko Landa Garapeneko agentziek babestua), eta Pertsonen Eguneroko Bizitza errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileak (Kimu Berrik babestua). Hiru kategoriak Mondragon Unibertsitateko ikasleentzat dira. Horrez gain, duela bi urte beste kategoria bat sortu zen, Latinoamerikako proiektuena hain zuzen, Mondragon sareak Latinoamerikan dituen unibertsitateetako ikasleei zuzendua: UCO-Mondragon (Mexiko) eta Unipanamericana (Kolonbia).

Ekiten 2016

Kategoria bakoitzeko talde irabazleak 1.000 euro eskuratu ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500na euro. Programako epaimahaiak proiektu bideragarrienak eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak aintzat hartu ditu irabazleak aukeratzean.

Aurtengo lehiaketan 104 ikaslek hartu dute parte guztira. Horiek 35 proiektu aurkeztu dituzte, eta horietatik 11 proiektu Latinoamerikako unibertsitateetako 23 ikasle parte-hartzaileek aurkeztu dituzte.

Onenak

Enpresa Ideia Berrien kategorian, proiektu irabazlea Kirkdrone, el dron que crece contigo (Kirkdrone, zurekin hazten den dronea) izenekoa da; lego bat balitz bezala, aaren zatiak erraz muntatzen dira. Landa Ingurunea Garatzeko Ideia eta Proiektuen kategorian, bigarren sariduna (lehenengoa eta hirugarrena hutsik geratu dira)  Bertako produktuak bertatik izenekoa da, tokiko produktuak saltzen dituen saltoki baten proiektua. Azkenik, Pertsonen Eguneroko Bizitza Errazteko Proiektuen kategorian, lehen sariduna Virtual Phisio deritzona izan da, errehabilitazio fisiko edo muskularra helburu duten produktu eramangarrien gama bat. Bestalde, Kolonbiako Unipanamericana Unibertsitateko Agroapp.co. proiektuak irabazi du MONDRAGON UNIBERTSITATEA partaide duten Latinoamerikako unibertsitateetako proiektuentzako lehen saria. Denda birtual bat da, non Kolonbiako ekoizle, hornitzaile eta nekazaritza-kontsultoreek euren produktu eta zerbitzuak merkaturatu ahal dituzten.

 

Enpresa Ideia Berrien Kategoria

Kategoria horretan 35 ikaslek hartu dute parte, 10 proiektu edo taldetan banatuta. Lehen saria Kirkdrone. El dron que crece contigo (Kirkdrone. Zurekin hazten den dronea)  proiektuarentzat izan da. Kirkdronek lego baten filosofia berdinarekin funtzionatzen du: dronearen zatiak klik batez erraz eta azkar muntatzeko prestatuta daude. Gainera, kontzeptu modularrari esker, funtzionalitate berriak eranstea erraza eta merkea da. Hala, modularizazio-mailaren arabera, produktu ezberdina ateratzen da. Osagai guztiak dira desmuntagarriak, ezagutza edo erreminta berezirik gabe. Sari honen irabazleek 1.000 euro eskuratu dituzte. LEINN graduko hiru ikasle dira: Iñaki Aguirre Jiménez, Lander Iraragori Ayala eta Beñat Insunza Lauzirika.

 

Bigarren saria Careloj proiektuarentzat izan da. Telelaguntza eta telemonitorizazio zerbitzu bat da. Haren tresna bakarra erloju adimendunaren itxurako gailu bat da, teknologia propioaz diseinatua eta garatua. Telelaguntza eta telemonitorizazioa bereizita ematen duten gaur egungo gailuen aldean, proiektu honek erloju bakar batean biltzen ditu funtzionalitate guztiak.  Sari honen irabazleek 500 euro eskuratu dituzte. Goi Eskola Politeknikoko Sistema Txertatuetako Masterreko hiru ikasle hauek dira: Javier Barragán Arriaga, Fernando Domínguez Pousa eta Mikel Etxebeste Larrea.

 

Azkenik, Pharmacripter proiektuak irabazi du hirugarren saria eta horri dagozkion 500 euroak. Enpresa horrek medikamentuen banaketa automatiko eta adimenduneko zerbitzuak eskaintzen dizkie botika asko hartu behar dituzten pertsona autosufizienteei. Erabiltzaileak identifikazio pertsonaleko gailu bat izango du, medikamentu bat hartu behar duenean ohartarazpen bat bidaliko diona; gainera, Pharmacripterren sareko botika-banatzaileak jarriko dizkio eskura. Proiektuaren arduradunak Sistema Txertatuetako Masterreko ikasle hauek dira: Aitor Duo Zubiaurre, Eneko Echeverría Sagarna eta Markel Sainz Oruna.

Bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak

Kategoria horretan, 41 ikaslek parte hartu dute, 12 proiektu aurkeztuta. Lehen saria Virtual Phisio proiektuarentzat izan da. Errehabilitazio fisikoa edo muskularra helburu duten produktu eramangarrien gama bat da. Errehabilitatu beharreko gorputz-atalaren araberako egitura bat eta interfaze bat ditu, bai medikuak edo fisioterapeutak, bai gaixoak edo pazienteak harekin interakzioa izan dezaten. Talde irabazleko kideak Sistema Txertatuetako Masterreko hiru ikasle hauek dira: Ibon Eizaguirre Chapartegui, Ane Irazusta Talavera eta Mikel Solozabal Ibarra.

Bigarren saria, 500 eurokoa, Trocasol ekimenarentzat izan da. Web plataforma horren bidez, erabiltzen ez dituzten musika-tresnak dituzten pertsonak tresna horiek merke erosi edo alokatu nahi dituzten beste batzuekin jartzen dira harremanetan. Taldekideak LEINN graduko ikasle hauek dira: Nerea García López, Xabier Aboitiz Corre, Iñigo Iturrioz Linares eta Irati Arrien Jauregui.

Ekiten 2016

Eta hirugarren saria, 500 eurokoa, Recordame proiektuarentzat izan da. Taldeko kideak Paula Cabo Lalanne (Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Graduko ikaslea) eta Iñigo Larrañaga Aiestaran (Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterreko ikaslea) dira. Eskumuturreko erloju erabilerraz baten bidez, erabiltzaileak mezuak jasotzen ditu informazio jakin batekin, ahaztu ez ditzan. Eskumuturreko horren erabiltzaile nagusiak adineko pertsonak izango dira, haien adina dela eta hainbat gauza ahaztu ditzaketelako; halere, ez da egokia gaixotasun larriago bat (hala  nola Alzheimerra edo zahartzaroko dementzia) duten pertsonentzat.

 

Landa Garapenaren Kategoria

Kategoria horretan 5 ikaslek hartu dute parte, eta 2 proiektu aurkeztu dira. Landaguneari buruzko ideiak sortzea du helburu. Aurtengo edizioan, lehen eta hirugarren sariak hutsik geratu dira. Bigarren saria, berriz, Iñigo Larrañaga Aiestaran (Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterreko ikaslea) eta Paula Cabo Lalanne (Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Graduko ikaslea) ikasleek aurkeztutako proiektuarentzat izan da. Bertako produktuak bertatik izeneko proiektua tokiko produkzioa saltzeaz arduratzen den saltokia da.  Baina produktuak saltzeaz gain, beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, hala nola baserriko produktuak jaso, dendan saldu eta bezeroak bereganatzea.  Establezimendua biltegiaren kontzeptutik urrundu egiten da, eta gama handiko produktu ekologikoak saltzen dituen dendaren kontzeptuarekin du zerikusi handiagoa. Hala, produktuak dendan bertan eros ditzaketen bezeroak ez ezik, beste bezero mota batzuk ere izango ditu saltokiak: jatetxeak, eskola-jantokiak, zahar-etxeak eta abar.

 

Mondragon Sareko Unibertsitateen Kategoria

Bigarren urtez, MONDRAGON partaide duten Latinoamerikako bi unibertsitateetako –Uco-Mondragon (Mexiko) eta Unipanamericana (Kolonbia)– proiektuentzako kategoria jarri da martxan aurtengo edizioan. Guztira 23 ikaslek hartu dute parte, 11 proiektu aurkeztuta.

 

Lehen saria, 1.000 eurokoa, Agroapp.co. izeneko proiektuarentzat izan da. Unipanamericanako Mercadeo y Publicidad Fakultateko Jairo Gutierrez eta Ángela Rubio ikasleek aurkeztu dute. Denda birtual bat da, non Kolonbiako ekoizle, hornitzaile eta nekazaritza-kontsultoreek euren produktu eta zerbitzuak merkaturatu ahal dituzten. Horrez gain, plataformak enplegu-sare bat osatzeko aukera ematen du nekazaritzan behar den lan-eskuarentzat.

Bigarren saria, 500 eurokoa, Víctor Emilio Rodríguez Velasco (MONDRAGON – UCO) ikaslearen Háblame proiektuarentzat izan da. Proiektuak pertsona gorrek erabil dezaketen gailu fisiko bat eta mugikorrerako aplikazio bat ditu, keinuak testura edo gailuaren bidez entzungo den ahozko hizkuntzara itzultzeko.

Eta hirugarren saria, hori ere 500 eurokoa, Soluciones artesanales izeneko proiektuarentzat izan da. Bogotako interes sozialeko etxebizitzetarako altzariak diseinatu eta egitea da horren helburua. Proiektuaren egilea William Ernesto Coy Fajardo ikaslea da (Unipanamericanako Enpresa Administrazio Fakultatekoa).


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak