2017-10-17T04:08:58+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

2015-2016 ikasturtean 7.800 ikasle inguruk hartu du parte Eroskiren elikadura eskolan

2016/07/29

Aurreko edizioarekin alderatuta, ia bikoiztu egin da estatu mailan parte hartu duten ikasle eta ikastetxeen kopurua.
2015-2016 ikasturtean 7.800 ikasle inguruk hartu du parte Eroskiren elikadura eskolan

Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolako Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programaren IV. edizioan, EAEko Lehen Hezkuntzako 123 ikastetxetako 7.800 ikasle inguruk hartu zuten parte. Programa azken ikasturtean egin zen, eta orain arte, EAEko Lehen Hezkuntzako ikastetxeen % 23k baino gehiagok hartu dute parte.

Hurrengo ikasturtea irailean hasiko da eta bertan, BCC Basque Culinary Center-eko sukaldariek zenbait tailer eskainiko dituzte. Gainera, bisitak egingo zaizkie nekazaritzako elikagaien ekoizle berriei.

Estatuan, Lehen Hezkuntzako 1.330 ikastetxetako ia 123.000 ikaslek hartu zuten parte Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolako Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programaren IV. edizioan. Aurreko edizioarekin alderatuta, ia bikoiztu egin dira estatu mailan parte hartu duten ikasleen eta ikastetxeen kopuruak. Programa 2013an abiarazi zen, eta ordutik hona, Espainia osoko Lehen Hezkuntzako ikastetxeen % 15ek hartu dute parte.

"Gure heziketa-programaren helburua da Lehen Hezkuntzako haurrak eta haien senideak eta lagunak sentsibilizatzea, garrantzitsua baita elikadura orekatua eta bizi-ohitura osasungarriak izatea, bereziki haurren obesitatearen tasa kezkatzeko moduan handitu dela ikusita. Horretarako, gai horretako zenbait adituk material didaktikoa prestatu dute Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren gidalerroei jarraikiz, eta guk doan eskaintzen diegu material hori ikastetxeei. Gainera, tailer praktikoak ere egin daitezke hala gure dendetan nola gure hornitzaileen instalazioetan", azaldu du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKI Fundazioko zuzendariak.

Programa egiteko, Batzorde Zientifiko bat egon da, zenbait arlotako profesionalekin: medikuntza eta pediatria, nutrizioa eta dietetika, psikopedagogia eta pedagogia. "Urtez urte, programa bizkortzen eta hobetzen ari da bertan parte hartu duten irakasleen balorazioei eta ekarpenei esker", esan du EROSKI Fundazioko zuzendariak.

Innobasquek aitortu egin du Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programaren barruan eginiko lana

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gosasun zigilua eman zion iaz Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programari, haurren artean jarduera osasungarriak sustatzeko konpromisoagatik.

Elikadura osasungarria sustatzeko EROSKI Fundazioaren heziketa-programa honek sari ugari lortu ditu; besteak beste, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren NAOS saria eta El Chupete saria, programaren sorkuntza-lanak duen kalitateagatik eta haurrei transmititzen dizkien balioengatik. Horiez gain, Ciudadanos saria ere jaso du, osasuna eta bizi-kalitatea kategorian.

1.300 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte tokiko hornitzaileekin eginiko tailerretan

Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolako Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programaren barnean, bederatzi saio didaktiko egiten dira ikasgelan. Programaren edukien bidez, ikasleei informazio hau eman nahi zaie: elikadura orekatuaren oinarrizko elementuak, bizi-ohitura osasungarriak, tokiko produktuak, munduko zenbait kulturaren dietak, eta planetaren iraunkortasuna. Halaber, ikasleek bi tailer praktiko mota egin ditzakete: bata, EROSKI dendaren batean; eta bestea, tokiko nekazaritzako elikagaien ekoizleen instalazioetan. Horrelakoetan, esperimentazio bidez barneratuko dute ikasgelan ikasitako guztia. Unicef, WWF eta Bihotzaren Espainiako Fundazioa Elikadura Eskolaren kolaboratzaile dira, eta heziketa-programako zenbait eduki prestatu dituzte. 

Ikasturte honetan, 197 tailer egin dira EAEko Eroski dendetan, eta ia 4.500 ikaslek jardun dute horietan. Horiez gain, 1.300 ikasle baino gehiago aritu dira EAEko eta Nafarroako tokiko hornitzaileen instalazioetan eginiko 59 tailerretan.

Hurrengo ikasturtean tailer berriak ere egingo ditugu. Horietan, ikasleak BCC Basque Culinary Center-eko sukaldariekin arituko dira, errezeta osasungarriak prestatzen ikasteko. Orobat, nekazaritzako elikagaien ekoizle berriek ere bat egingo dute programarekin, ikasleek zuzenean ikus dezaten nondik datozen dieta osasungarria eta askotarikoa egiteko elikagaiak”, aipatu du Eroski Fundazioko zuzendariak.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak