Irakurriena
- 1. MONDRAGONek bere urteroko Kongresua egin du Bilbon
- 2. “Abentura zirraragarria izan da”
- 3. Hirekin industria jasangarriko zentro berritzailea inauguratu du Mondragon Unibertsitateak
- 4. Iñigo Laskurain Pagaegi, MONDRAGONeko lehendakariorde eta Automozio Dibisioko zuzendari orokor berria
- 5. Vicente Atxa, MONDRAGONeko lehendakariorde eta Ezagutza Dibisioko zuzendari orokor berria
- 6. “Definitu dugu zer ekarpen egin nahi diogun gizarte honi gure ikasleen bitartez”
- 7. Imanol Oleaga Mendiaratz, Domusa Teknikeko zuzendari nagusi berria
- 8. Orkli Biotz enpresan sartu da % 11,11ko parte-hartzearekin
- 9. Danobatgroup-ek 337 milioi euroko fakturazio historikoa izan du, %90 nazioarteko merkatuetan
- 10. Dikarrek bere ekoizpen planta modernoa inauguratu du Arrasaten, etapa berri bati ekiteko
Mugikortasun Astea bukatuta, kilometro iraunkorrak pilatzen segitzen du Fagor Taldeak
![Card image cap](https://www.tulankide.com/eu/mugikortasun-astea-bukatuta-kilometro-iraunkorrak-pilatzen-segitzen-du-fagor-taldeak/@@images/1c88714e-0777-4823-ade3-a009b1b74e06.jpeg)
Berriki bukatu da Mugikortasun Astea -irailaren 16tik 22ra bitarte egin da-. Horren aitzakiapean, urtean zehar harekin bat egina duten enpresen, erakundeen eta entitateen arteko lehiaketa antolatu ohi du Ciclogreen enpresak -hura da Fagormugi moduko aplikazioen garatzaile-. Eta hartan parte hartzen dabil Fagor Taldea. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 3. postuan da, 7.744 ziklo pilatuta (irailaren 22ko datua). Horri loturik, Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak gogorarazi du oraindik badagoela izen-ematerako aukera -urriaren 16an bukatuko da aurtengo edizioa-: “Haren aletxoa jarri gura duenak, zabalik du izen-ematerako aukera. Segi dezagun pausoz pauso, pedalkadaz pedalkada, autoa partekatuz… kilometro iraunkorrak pilatzen”.
Erronkan parte hartu gura lukeenak Fagormugi aplikazioan eman behar luke izena. Hori eginda, zuzenean bilakatuko litzateke lehiaketako parte hartzaile. Esan barik doa izena eman duenaren parte hartzea ez litzatekeela horretara mugatuko. Izan ere, urte osoko ekinbidea da Fagormugi. Eta goraka doa haren erabilera, mugikortasun iraunkorrerako ohiturak bezalatsu. “Aldatzen doaz mugikortasun ohiturak. Gora egin du lanera bizikletaz, patinetez, oinez, garraio publikoan edo auto partekatuan doan langile kopuruak. Horixe bera bilatzen du aplikazioak, langileen artean mugikortasun iraunkorrari loturiko ohiturak sustatzea”, aitortu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
‘Fagormugi’, kilometroz kilometro
Fagormugi da Fagor Taldeak gaur artean mugikortasun iraunkorraren alorrean martxan jarria duen azken egitasmoa. Hain zuzen ere, aipaturikoak, duela bi urte hasi zuen bidea, mugikorrerako aplikazioaren sorrerarekin. Ordutik, goraka doa haren erabilera. Finean, langileak eginiko kilometroak gordetzen ditu aplikazioak eta sariak jasotzeko aukera dago horren truke. Eskualdeko dendetarako erosketa bonuak edo garraio publikoan erabilgarri den Mugi txarteleko errekarguak daude sarien artean.
Oro har, ekimenak orain arte egina duen bidearekin “pozik” azaldu da Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Izan ere, orain artean, 346.134 kilometro iraunkor baino gehiago dituzte pilaturik Fagor Taldeko kooperatibetako langileek -73.482 CO2 baino gehiagoren isurketa saihestea ekarri du horrek-. Gaur-gaurkoz, 519 pertsona inguru dira Fagormugi aplikazioarekin bat egina dutenak. Eta, esan moduan, sarirako aukera ere badakar aplikazioaren erabilerak. Bada, orain arte 3.710 euro bideratu dira tokiko komertzioetara, eta, 1.850, Mugi txarteleko errekarguetara -irailaren 16ko datuak dira-.