MONDRAGONek hiru proiektu mota aurkeztu ditu Europako funtsetara, guztira 4.500 lanpostu sortzeko

MONDRAGONek hiru proiektu mota aurkeztu ditu Europako funtsetara, guztira 4.500 lanpostu sortzeko

Aurkeztutako proiektuek 1.100 milio euroko inbertsioa eragingo lukete, eta jasangarritasunaren, digitalizazioaren eta osasunaren arloetara lotutako negozietan garatuko dira.
2020/11/17

'Next Generation" izeneko Europako Funtsetara proiektu ezberdinak aurkeztu ditu MONDRAGONek, bereziki hiru arlo nagusitan garatuko diren proiektuen bitartez: Ekonomia Zirkularra eta Jasangarritasuna, MONDRAGON Digitala eta etorkizuneko etxebizitza, eta pertsonen zaintza. Europak inoiz abiarazi dituen funts handienak dira honako hauek, guztira 750.000 milioi, eta horietatik 72.000 egokitu zaizkio Espainiari. Pandemia ondorengo Europa berreraikitzeko bideratu ditu funtsak Europak, eta bereziki trantsizio ekologikoa eta digitala bideratzeko herrialdeen inbertsioak sustatu nahi ditu. 

Iraunkortasuna, digitalizazioa eta osasuna

MONDRAGONek hiru arlo nagusitan aurkeztu ditu proiektuak eta guztira 1.100 milioiko inbertsioak aurreikusten ditu. Hala, 4.500 lanpostu sortuko lituzke etorkizuneko sektore, negozio eta aktibitateetan. 

Ekonomia Zirkular eta Jasangarritasunaren arloan, ibilgailuen belaunaldi berriarentzat sortu beharreko sistema eta osagaien proiektuak garatuko dira, baita plastikoaren birziklapenaren gainekoak ere, eta bestelako materialak (industria hondakinak). Aldi berean, elikagaien soberakinen balio handitzeatrn arloko, eta energia berriztagarri zein ekoizpen ekipo jasangarriagoen arloetan ere garatuko dira egitasmoak.  

Digitalizazioaren eremuan, MONDRAGONek adimen artifizialeko proiektuak sustatuko ditu, lantegi adimentsuak bultzatuz eta erakunde digitalizatuak eta konektatuak abian jarriz. 

Era berean, Korporazioak lider izan nahi du 'Etorkizuneko etxebizitzen eta pertsonen zaintzaren' arloetan, eta bide horretan, etxebizitza digitalak, sukalde adimentsuak eta osasuntsuak, pertsonen zaintza eta osasun arloko negozio berriak jarriko ditu abian. 

Kooperatiba ezberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa izango da proiektu horiek guztiak martxan jartzeko, baita dibisioen arteko lana ere, hala erakunde ezberdinen artean aliantzak abiaraztea da estrategia.