Korrika eta presaka
Mondragon Unibertsitatearen 2025- 2026 ikasturte hasierako ekitaldian eman zuten luze eta zabal honen berri Nekane Arratibel eta Letizia Garcia Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko lankideek. Duela berrogeita hamar urte, euskaraz eskolak emateko gai ziren irakasleak prestatzeko sortu zen fakultatea, eta jardunerako eremua asko zabaldu bada ere, fakultatearen ardatzetako bat da oraindik ere euskal hezkuntza sisteman lan egingo duten irakasleak formatzea (besteak beste, euskaldunak, eta euskararen errealitate soziolinguistikoa ezagututa hori eraldatzeko lan egingo dutenak).
“Euskara bagara, euskaraz baldin bagara, badira korrikaren erritmora hartu beharreko neurriak: eta ez korrika eta presaka, baizik eta denon artean, helmuga bera buruan dugula, herriz herri eta lekukoa eskuz esku pasatuz, Korrikan bezala”
Arratibelek eta Garciak irailean azaldu ziguten moduan, euskararen erabilerak nabarmen egin du behera Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, neurketak egiten hasi zirenetik, etengabe. Gauza bera gertatzen da Mondragon Unibertsitateko gainerako fakultateetan ere. Euskarazko hezkuntzak herritar euskaldunak torlojuak bezala sortuko zituela pentsatu dugu euskaldunok urte askoan. Baina badakigu zerbait horretaz: torlojuak ere ez dira torlojuak bezala sortzen; ganorazko diseinua eta planifikazioa behar da, eta alde askoren koordinazioa. Euskara hutsezko hezkuntzak hizkuntzaren transmisioa egin du, baina ez da nahikoa izan belaunaldi osoak euskaldun oso bihurtzeko. Eta euskaraz ikasi duten herritarrak lan mundura iristeak ere ez ditu lantegi eta bulegoak automatikoki euskaldundu. Hori ere badakigu.
Proposamenak
Gurean ere, badira proposamen interesgarri asko, erronka horiei heltzeko. Egunerokoaren begiradatik, eta dagozkigun arloetatik, horretan ari dira lankide asko. Batetik, badakigu dagoeneko, hizkuntza batez jabetzeko ez dela nahikoa aditz formak, sustantiboak eta nornorinorkak ikastea. Ikasleei hizkuntza bete-betean helaraztea dagokigu. Otsaila amaieran Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldian Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean egon zen Ximun Fuchs antzerki zuzendariak dioen bezala, euskara hutsean ez, euskara betean aritzea baita inporta duena: kulturaz eta esanahiz betetako hizkuntza batean. Nekane Arratibelek eta Letizia Garciak azpimarratzen zuten moduan, ez soilik gerora irakasle izango direnei, guztiei. Ikasle horiek izango baitira lan mundura iritsiko direnak, eta enplegutik harago ere gizartean eragile izango direnak.
Artikulu hau irakurtzen ari bazara, zuk ere badakizu, hilabete honetan hasiko dela Korrikaren 24. edizioa. Leloak dioen moduan, Euskara bagara, euskaraz baldin bagara, badira korrikaren erritmora hartu beharreko neurriak: eta ez korrika eta presaka, baizik eta denon artean, helmuga bera buruan dugula, herriz herri eta lekukoa eskuz esku pasatuz, Korrikan bezala. Eta aitortu dezagun, hezkuntza arloko eta lan munduko erronkei erantzuteko zapatilla txukunak dauzkagunoi badagokigu ardura hori. Lotu ondo lokarriak, urrunera heldu behar dugu eta.