"Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"

Bere Instagram kontuan (@guapa.lista.y.cooperativista) argitaratutako bideoaren harira, Marina Vargasek pertsona askoren interesa piztu zuen José María Arizmendiarrietaren figura eta kooperatibismoaren ondareaz hitz eginez.
Card image cap
2026/06/12

Proiektu honen atzean talde gaztea dago, hizkera hurbila eta umore handia erabiliz ekonomia sozialari eta lana ulertzeko modu berriei buruzko dibulgazioa egiten duena. Marinarekin hitz egin dugu komunikazioaz, kooperatibismoaz eta eredu hau belaunaldi berriekin konektatzeko erronkez.

Hasteko, kontaiguzu nor dagoen "Guapa, Lista y Cooperativista" proiektuaren atzean. Oraindik ezagutzen ez zaituenarentzat, nola aurkeztuko zenuke zeure burua? Nola sortu zen lelo hori eta zer esan nahi du zuretzat?

"Guapa, Lista y Cooperativista" proiektuaren atzean jakin-min handiko pertsona dago, nahiko sutsua eta idealista dena, eta, azken batean, hori da aldaketa ororen motorra. Baina taldean egiten den proiektu bat ere bada; bost pertsona gara guztira, eta elkarlanean sortzen dugu egitasmoa.

Arauetatik ateratzen dena eta statu quo-a hausten duena asko interesatzen zaion pertsona gisa aurkeztuko nuke neure burua; izan ere, dagoeneko ikusi dugu horren guztiaren zati handi batek ez duela funtzionatzen edo, behintzat, ez duela pertsona guztientzat balio. Beti daude gutxi batzuk gainerakoen kontura etekina ateratzen dutenak. Eta hori ez da nik bizi nahi dudan mundua.

Leloa umoretik eta probokaziotik sortu zen neurri batean. Hasieran ez nengoen oso konbentzituta, nahiko harroa iruditzen zitzaidalako, baina erakargarria da eta jendearen buruan geratzen da. Eta garrantzitsuena da mezua iristea. Niretzat identitate baten aldarria da: kritikoa izan daiteke, idealista izan daiteke, umore sena izan dezake eta, gainera, lana bizitzeko beste modu batzuetan sinetsi.

Niretzat identitate baten aldarria da: kritikoa izan daiteke, idealista izan daiteke, umore sena izan dezake eta, gainera, lana bizitzeko beste modu batzuetan sinetsi.

Nondik sortu zen kooperatibismoarekiko interesa? Zure bideoan naturaltasun handiz hitz egiten duzu kooperatibismoaz. Gogoratzen duzu noiz edo nola hasi zinen gai horretan interesatzen?

Kasualitatez iritsi nintzen Ecooora, nazka eta etsipenaren ondorioz. Kooperatibismoa basamortuaren erdian agertutako oasi bat bezala azaldu zen. Oso egitura hierarkikoetatik nentorren; ez nuen ez ahotsik ez botorik, dena goitik zetorren ezarria, eta oso zaila egiten zitzaidan nire balioak enpresarenekin uztartzea. Banekien hori ez nuela nahi, baina ez nekien zer bilatu.

Nahaspila horren erdian, ni neu izateko aukera ematen zidan leku batekin egin nuen topo. Nire iritzia entzun ez ezik, eskatu eta kontuan hartu ere egin zen; eta gauzak koherentziaz egiten saiatzen ziren, diru gehiago irabazteko helburu hutsagatik baino. Beraz, ez nuen bi aldiz pentsatu eta bertan geratu nintzen.

Gero, Aktibismo Ekonomikoko Eskolari esker, arlo askotako beste erakunde kooperatibo batzuk ezagutu ahal izan nituen, ekonomia sozial eta solidarioa, balio kooperatiboak sakonago ulertu, eta pentsatzen nuena baino errealitate zabalagoa zela ikusi nuen: historia handikoa, baina baita abangoardiakoa ere.

Kooperatibismoa basamortuaren erdian agertutako oasi bat bezala izan zen. Oso egitura hierarkikoetatik nentorren; ez nuen ez ahotsik ez botorik, dena goitik zetorren ezarria, eta zaila egiten zitzaidan nire balioak enpresarenekin uztartzea.

Zure edukietan gauzak kontatzeko modu oso argia eta nortasun propioa antzematen dira. Betidanik interesatu izan zaizu komunikazioa ala modu naturalago batean sortu da?

Uste dut betidanik gustatu izan zaidala komunikatzea, nahiz eta agian ez dudan beti horrela izendatu. Txikitatik maite izan ditut istorioak, bai kontatzea bai entzutea. Hitzek ere liluratzen naute; uste dut gure mundua eta harekin dugun harremana eraldatu ditzakegula erabiltzen ditugun hitzen arabera.

Sare sozialetan komunikatzeko modu zehatza, ordea, nahiko modu organikoan sortu da, eta harrituta nago, ez baitzen inoiz planteatu nuen zerbait. Zati horretan naturaltasun handia dagoela uste dut; oso pertsona soziala naiz, eta ikuskizunak asko gustatzen zaizkit, beraz, ez dut arazorik kamera baten aurrean jarri eta edozeri buruz hitz egiteko. Gero ingeniaria naizela esaten dudanean, jendea harritu egiten da, noski.

Bideoan Arizmendiarrieta eta haren ondarea aipatzen dituzu. Zer izan zen bere pentsamendutik edo ekonomia eta gizartea ulertzeko modutik gehien deitu zizuna?

Arizmendiarrieta ikuspegi handiko pertsona izan zen, oso argia. Bere ikuspegitik gehien gustatzen zaidana da kooperatibismoa ez zuela teoria polit gisa ikusten, baizik eta pertsonen bizitza hobetzeko benetako tresna gisa. "Ekonomia pertsonen zerbitzura egotea, eta ez alderantziz". Esaldi sinplea dirudi, ia agerikoa, baina ingurura begiratuz gero, ikusiko dugu ez dela hain ohikoa enpresa egiteko modu hori.

Asko gustatzen zait hezkuntzari buruz zuen ikuspegia ere. Sustraietatik hastea ezinbestekoa da: kolektiboan parte hartzeko, erabakiak hartzeko eta gizartea eraikitzeko gai diren pertsonak heztea. Errazagoa da sistema baten katebegiak sortzea, pentsatzen ez duten eta erabilgarriak besterik ez diren pertsonak, baina gizarte honek irizpidea eta erantzukizun soziala duten pertsonak behar ditu.

IKUSI BIDEOA

Nola ezagutu zenuen MONDRAGON? Edukien, ikasketen edo sare sozialen bidez izan zen? Zer irudi zenuen lehen eta zein duzu orain?

MONDRAGON entzutez ezagutzen nuen. Eibarren ikasi nuen unibertsitatean, eta lehenik unibertsitatea ezagutu nuen; gero konturatu nintzen enpresa-eredu alternatiboak aztertzen hasten zarenean beti agertzen den kooperatibismoaren adibide handi hura zela. Hasieran oso irudi orokorra nuen: euskal kooperatiba-korporazio handi bat, oso garrantzitsua, ia azterketa-kasu bat bezala.

Gero, proiektuari eta hurbildu dizkidan pertsonei esker, sakonago ulertzen joan naiz. MONDRAGON ez da soilik "kooperatiba erraldoi bat". Industria, hezkuntza, finantzak, berrikuntza, komunitatea eta lurraldea biltzen dituen ekosistema bat da. Eta horrek ikuspegia asko aldatzen du.

MONDRAGON ez da soilik "kooperatiba erraldoi bat". Industria, hezkuntza, finantzak, berrikuntza, komunitatea eta lurraldea biltzen dituen ekosistema bat da. Eta horrek ikuspegia asko aldatzen du.

Lehen miresteko moduko zerbait bezala ikusten nuen, baina urrun. Orain, berriz, esperientzia konplexu gisa ikusten dut, erronka handiekin; hala nola bazkide askoren parte-hartze aktiboa bermatzea edo lehiakortasuna mantentzea kooperatiba-izaera galdu gabe. Eta ekonomia sozialean dugun erronka handia ere hor dago: belaunaldi-erreleboa.

Horregatik, GLCtik saiatzen gara gazteek eredu hau existitzen dela ez ezik, sendoa, lehiakorra eta enpresa tradizionala baino bizitzarekin askoz adeitsuagoa dela ere ezagut dezaten.