Kooperatibak eta iraunkortasuna

Kooperatibak eta iraunkortasuna

Oier Imaz / LANKI
Iraunkortasunaren eztabaida ez da berria, aldiz, ukaezina da Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH) bultzada berria eman diotela. Helburuek norabidetzen dute, egun, jendartearen sektore ugariren ekinbidea, baita kooperatibena ere.
2022/07/07

Norabide horretan onartu zuen, berriki, MONDRAGONeko kongresuak bere misioaren egokitzapena, 2021- 2024 politika sozio-enpresarialarekin batera. Bertan, zehaztu zen MONDRAGON garapen iraunkorraren (soziala eta ingurumena) agente aktiboa dela eta etorkizuneko belaunaldiei uzten diegun ondarearekin konprometitua dagoela. Baina nola ari dira konpromiso hau praktikara eramaten MONDRAGONeko kooperatibak?

Azken bi urteotan, Kooperatibismoaren Institututik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ikerketa lan bat egin dugu aztertzeko nola ari diren kooperatibak erronka hau praktikara eramaten. Horretarako aztertu ditugu kooperatiben memoria ez-finantzarioak eta elkarrizketatu ditugu iraunkortasunaren agendaren inplementazioan zuzenean engaiaturik dauden arduradunak. Jarraian partekatzen ditugu ikerketatik eratorritako hainbat ondorio.

Garapen iraunkorraren agenda

Hazkundea izan da ongizatearen giltza mendebaldeko garapen ereduan eta barne produktu gordina horren adierazle nagusia. Premisa sinplea da, hazkunde ekonomikoarekin batera diru sarreretan ematen diren desberdintasunak lausotzen doaz eta, horrenbestez, interpretatzen da ongizatea handitzen dela. Proposamenak indarra du bere sinpletasunean. Zenbaki bakar batek erakusten digu bidea. Baina, Simon Kuznets-ek berak ohartarazi zuen bezala, ez da berdina hazkunde kuantitatibo eta kualitatiboa, kostua eta irabazia eta epe motz eta luzea. Bestela esanda, hazkundea neurtzeaz ari garenean, zehaztu behar dugu zeren hazkundea eta zertarako.

Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH) Kuznets-ek proposatzen zuen galderari erantzun posible bat ematen diote. GIHek hazkundearen eta garapenaren arteko harremana problematizatzen dute. Laburbilduz, GIHek diote hazkundeak jasangarria izan behar duela, giza garapena aurreratzeko. Eta jasangarria izateko garapenak balantza berean jarri behar ditu hazkunde ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta berdintasun soziala. Gro Hartlem Brundtlandek laburtzen zuen moduan, garapen eredu bat gaurko beharrak asetzeko gai izango dena, baina, baldintzatuko ez duena etorkizuneko belaunaldiek haienak asetzeko izango duten gaitasuna.

Bestetik, negozio ereduen berrikuntza garapen jasangarrirako agendan ardazteak mesfidantzak sortzen ditu enpresetan, ez baitago argi nola orekatu lehiakortasun ekonomikoa eta iraunkortasuna; bata bestearen truke ez bada

Aurrekariekin alderatuz gero, hiru ezaugarri bereizle nabarmendu ohi zaizkio garapen iraunkorraren agendari. Lehenik, agenda unibertsala da. Hau da, ez da iparraldetik hegoaldera doan garapen lankidetzarako agenda bat. Bigarrenik, agenda integrala da. iraunkortasunaren hiru dimentsioak biltzen ditu: ekonomikoa, soziala eta ingurumena. Azpimarratuz hiru dimentsioak elkarrekin interpretatzeko beharra; helburuen eta xedeen arteko lotura eta elkarrekintzak aintzat hartuz. Hirugarrenik, agendak nabarmentzen du beharrezkoa dela gobernu, erakunde, nazioarteko agentzia, gizarte zibil autoeratu eta sektore pribatuaren arteko lankidetza. Are gehiago, literatura espezializatuan nabarmentzen da, bereziki, enpresen engaiamenduari egiten dion erreferentzia.

Enpresen papera 2030 agendan

Enpresen ekarpena bi norabidetan ezaugarritzen da. Lehenik, nabarmentzen da enpresek, gainerako gizarte eragileekin batera, 2030 Agendaren definizio, gobernantza eta inplementazioan jokatu duten (eta jokatu dezaketen) papera. Bigarrenik, azpimarratzen da GIHek duten eragina enpresen negozio eredua pentsatzerakoan. Europako Batzordearentzat, adibidez, Towards a Sustainable Europe by 2030 txostenean dioen moduan, enpresen jardunbide erantzunkidea eta negozio ereduen berrikuntza dira GIHen garapenerako oinarrizko baldintzak. Azken horri loturik, zehazki aipatzen du ekonomia kolaboratiboak eta ekonomia sozialeko eragileek egin dezaketen ekarpena.

Ostera, jakina da problematikoa dela enpresek garapen jasangarriaren agendaren garapenean duten rola, aurrez aipatu ditugun bi ardatzetan. Alde batetik, garapen iraunkorrerako agendaren gobernantzan enpresak engaiatzeak mesfidantzak sortzen ditu interes korporatiboak agendan txertatzen dituelako, gainontzeko gizarte eragileen maila berean. Bestetik, negozio ereduen berrikuntza garapen jasangarrirako agendan ardazteak mesfidantzak sortzen ditu enpresetan, ez baitago argi nola orekatu lehiakortasun ekonomikoa eta iraunkortasuna; bata bestearen truke ez bada.

Sorgin-gurpiletik ateratzeko, enpresen kasuan, nabarmentzen da, erantzukizun sozial korporatibotik harago, enpresen negozio ereduak eraldatzeko beharra. Horrek eskatzen du, besteak beste, aldaketa kultural eta kolektiboa enpresan, arduradunen lidergoa, beste eragileekin lankidetza, parte-hartze zabalerako mekanismoak eta garapen iraunkorraren agenda erabakigune estrategikoetara ekartzea. Enpresen ikuspegitik, aldiz, nabarmentzen da GIHek eskatzen dituzten aldaketak aurreratzeko ez dela nahikoa arautzearekin. Prozesuak lagundu behar dira eta aintzat hartu enpresen ikuspegia.

Kooperatibak eta iraunkortasunaren erronka

Kooperatibetara iraunkortasunaren olatua tsunami baten moduan iritsi da. Kanpotik etorri da, ez zen espero eta aldaketa handiak eragin ditu. Motibazio nagusia memoria ezfinantzarioak osatzeko betekizun legala izan da. Baina, betekizun legalak bultzada eman dio aurretik ere mahai gainean zegoen eztabaidari. Azken batean, iraunkortasunaren auzia ez da berria. Baina, 2030 agendak bestelako irismen bat eman dio; integralagoa. Bere baitan biltzen ditu ordura arte sakabanaturik zeuden ekinbideak; genero berdintasunetik hasiz, karbono aztarnaren neurketatik pasaz, eta erabaki hartze prozesuen izaerara helduz. Zentzu horretan agendak laguntzen du ekinbide txikiak eta sektorialak ordenatu eta lerratzen, lurraldeko beste hainbat eragilerekin batera konpartituriko erronken argitan.

Aldiz, badirudi kooperatibok ez dugula jakin erronka honek dakartzan aukerak ondo baliatzen. Pentsa badaiteke ere kooperatibak bestelako enpresak baino hobeto kokatuak daudela garapen iraunkorraren erronkari erantzuteko. Badirudi, ez dugula jakin egiten duguna ondo kontatzen eta kontakizuna garapen iraunkorraren bidean akuilu gisa baliatzen. Egoerak oso desberdinak dira kasutik kasura. Edonola, aurrera begira hainbat gako orokor ere identifikatu ditugu.

Batetik, garrantzitsua da zuzendaritzen engaiamendua, zuzendaritza kontseiluen baitan ardura zehatz baten definizioa eta inplementazioa lagunduko duen lan talde teknikoen osaketa. Zentzu horretan ikuspegia partekatua dela hautematen da, adibidez, kontseilu errektore eta zuzendaritza kontseiluen artean. Hala ere, lidergoa zuzendaritza kontseiluetan kokatu da. Nolabait esateko, GIHen bertute bat izan da proiektuaren dimentsio soziala modu naturalean integratu dutela kooperatiben negozio egituran.

Bestetik, eztabaidaren izaera teknikoa nabarmendu da eta inplementazioan aktore nagusiak izaten ari dira departamenduak eta lan talde teknikoak (edo kontsultoreak). Askotariko ikuspegiak biltzeko ariketa zabalak aurreratu dira, aldiz, eztabaida ez da asko zabaldu bazkideen artean. Horrek kezka eragin du, ulertzen baita garapen iraunkorraren agendak eskatzen dituen eraldaketak aurreratzeko ezinbestekoa izango dela bazkide kolektiboaren engaiamendua; hartu beharreko erabakiak zailak izango baitira.

Agian, horrexegatik jartzen da balioan bitarteko korporatiboek egin duten ekarpena. Batetik, bidelaguntza teknikoa ezinbestekoa delako, horretarako bitartekoak beharrezkoak direlako eta kooperatibek beren kabuz ez dauzkatelako. Zentzu horretan bitarteko korporatiboak lagungarriak izan dira ‘firma efektua’ deiturikoa gainditzeko. Aldiz, gure ustez, bitarteko korporatiboak balioan jartzen dira, baita ere, adierazten dutelako erronkaren maila ez dela kooperatibarena. Zintzoak izanik erronkaren maila ez da taldearena ezta ere. Bestela esateko, garapen iraunkorraren erronka ez da ebatziko kooperatiben ekinbidearekin. Baina talde mailako bidelaguntzak kooperatiben arteko elkarrekintzarako espazioak irekitzen ditu. Eta erabaki zailak hobeto hartzen dira elkarrekin.