Zer da Networkinga? Zeintzuk dira abantailak?

Zer da Networkinga? Zeintzuk dira abantailak?

Gaztenpresa
Networkinga estrategia bat da eta, haren bidez, harreman-sare bat ezartzen da, enpresa bati akordio profesionalak egiten laguntzeko helburuarekin. Gainera, harreman horiek negozioa hazten ere laguntzen dute.
2021/01/27

Ekintzaile, startup eta ETE-en arteko lankidetza enpresen hazkunderako formula eraginkorra bihurtu da, bereziki azken urteetan, eta are gehiago krisi-garaian. Hainbat enpresaren arteko lan estrategiko bateratuari esker, enpresek:

  • Zeregin jakin batzuk parteka ditzakete, hala nola komertziala, eta horrela, eraginkortasuna handitu eta gastuak murriztu ditzakete.
  • Beren jatorrizko zerbitzuak areagotu eta osa ditzakete, irtenbideen katalogo zabalagoa eskaintzeko eta bezero berriengana iristeko.

Izan ere, Afrikako esaera zahar batek dioen moduan, «azkar joan nahi baduzu, joan zaitez bakarrik, baina urrutira joan nahi baduzu, joan zaitez lagunduta».

Horrelako akordioak bilatu eta finkatzeko, gero eta ekintzaile eta enpresa gehiagok parte hartzen dute lan profesionaleko sareetan. Baina, zer da networkinga?

Abantailak

Networkinga estrategia bat da eta, haren bidez, harreman-sare bat ezartzen da, enpresa bati akordio profesionalak egiten laguntzeko helburuarekin. Gainera, harreman horiek negozioa hazten ere laguntzen dute. Besteak beste, networkingak honako aukera hauek ematen ditu:

  • Sektore bereko ordezkariekin esperientziak partekatzea.
  • Merkatuari buruzko ezagutza hobetzea eta negozio baten agerikotasuna handitzea.
  • Enpresa-harreman berriak sortzea.
  • Negozio-aukera berriak aztertzea.
  • Bezero potentzialak aurkitzea.​

Networking-motak

Networking-estrategiak bi motakoak izan daitezke:

  • Presentziala. Biltzarrak eta bestelako jardunaldi sektorialak leku ezin hobeak izan dira, denbora luzean, antzeko interes profesionalak dituzten pertsonek mota guztietako networking-estrategiak garatu ahal izateko. Osasun-krisiak presentzialtasun horretan eragin badu ere, eta azken urtean mota horretako topaketen kopuruak behera egin badu ere, oso formula eraginkorra izaten jarraitzen du.
  • Online. Digitalizazioari eta sare profesionalei esker, etxetik edo bulegotik irten gabe egin daiteke networkinga. Hainbat tresna daude zure estrategia gauzatu ahal izateko, honako hauek, esaterako:
  • LinkedIn. Besteak beste ezagutzak eta curriculumak partekatzeko, lanpostuak eskaintzeko eta zerbitzu profesionalak kontratatzeko sare profesional nagusia da. Lan-erakusleiho bat da, 700 milioi erabiltzaile baino gehiago dituena. Hona hemen LinkedIneko profil erakargarria prestatzeko aholku
  • Bebee. Negozioetarako lankidetza-plataforma honek harreman profesional berriak eraikitzen lagunduko dizu.
  • Womenalia. Emakumeen networking-sare bat da, eta emakumeen esparruan talentua agerian jartzea eta ekintzailetza sustatzea du helburu.

Networkinga egiteko aholkuak

Sare profesional eraginkor bat ezartzeko, aholku hauek oso lagungarriak izan daitezke harreman berriak egiteko eta kontaktuak formalizatzeko orduan.

  1. Aztertu zein ekitalditan parte hartu nahi duzun. Topaketa profesional batera joan aurretik, aztertu nor joango den eta zein hizlarik hartuko duten parte, eta bilatu gehien interesatzen zaizkizun pertsonak.
  2. Prestatu topaketak. Bilatu emango diren mintegien inguruko informazioa, zure enpresak egin litzakeen ekarpenei buruz hitz egiteko hizlariekin, edo elkarlanean aritzeko formulak aztertzeko. Murgildu sare sozial profesionaletan zure etorkizuneko kontaktuei aurpegia jartzeko eta haien azken argitalpenak ezagutzeko, izotzaldia urtzen lagunduko baitizute.
  3. Egin aurkezpen-txostenak. Ohiko bisita-txartelez gain, izan eskura zure negozioaren hainbat merkataritza-txosten, interesatzen zaizkizun pertsonei emateko.
  4. Jarri harremanetan. Ekitaldian zehar izotzaldia urtzea eta hainbat pertsonarekin harremanetan jartzea lortu baduzu, saiatu kontaktuari eusten, handik gutxira mezu elektroniko bat bidalita. Sare profesionalen bidez ere jar zaitezke harremanetan, LinkedIn bidez, esaterako.
  5. Saiatu hitzordu pertsonal bat adosten. Harreman pertsonalak birtualak baino askoz eraginkorragoak dira beti. Hori dela eta, interesatzen zaizkizun pertsonekin harremanetan jartzea lortzen duzunean, saiatu laneko gosari edo bazkari bat antolatzen eta, hartan, enpresa-harremanaren oinarriak zehazten.

Mentoringa, formula eraginkorra

Networkinga egiteko modurik eraginkorrenetako bat lankidetzarako eta aholkularitzarako guneak dira, hala nola Gaztenpresaren Mentoring Programa, Youth Bussines School (YBS) barruan. Esperientzia horrek harremanetan jartzen ditu negozioen munduan sartu berri den ekintzailea, batetik, eta bere proiektuak arrakasta izan dezan laguntzen dion mentorea, bestetik.

Baina, zer da mentore bat eta zer eginkizun betetzen du programa honetan? Mentorea enpresa-munduan ibilbidea duen profesional bat da, eta bere laguntza eta aholkularitza eskaintzen die, doan, beste ekintzaile batzuei, beren negozioan arrakasta izan dezaten. Profesional horiek ekintzaileen zerbitzura jartzen dituzte beren esperientzia eta denbora, gizarteari aurrera egiten eta lan-aukera berriak sortzen laguntzeko.

Artikulua hemen publikatu da: https://gaztenpresa.org/eu/networkinga-egiteko-eta-gehiago-erakartzeko-aholkuak/