Kolaborazioak

Salto kualitatiboa emateko unea

2019/04/12

Mondragon Unibertsitateko LANKI ikertegiaren begiradan garrantzitsua da kooperatibismoa eta gizarte erronkak etengabe konexioan jartzea. Zergatik? batetik, kooperatibismoaren sakoneko balioekin kontaktuan jartzen gaituelako; bestetik, laguntzen digulako mugimendu kooperatiboa xxi menderako egitasmo ekonomiko, sozial eta kultural baten norabidean irudikatzen.

Erronka konplexuak

Aldaketa sakonak bizi ditugu, eta agertoki oso konplexua ari da sortzen. Laburki, bost erronka aipatuko ditut. Lehenik, ekonomikoa. Globalizazioarekin, lehiakortasun eta ziurgabetasun maila oso altua da. Nola sortu Euskal Herrian bizitzeko ehundura ekonomikoa? Nola sustatu kalitatezko enplegua eta enplegagarritasuna? Horrekin batera, erronka soziala dago.

Gakoa garapen ekonomikoa ongizate sozialarekin uztartzea da.

Hirugarrenik, erronka kulturala dugu. Gizarte gero eta indibidualistagoan bizi gara, eta, Aurrera begira, garrantzitsua da ongizate indibiduala ongizate kolektiboarekin txirikordatzen duen kultura elikatzea (kooperatibetan ere bai). Horretarako, funtsezkoa da hezkuntza. Adibidez, digitalizazioaren erronka dugu. Aspektu teknologikoetan formatu beharko gara, atzean ez geratzeko. Baina teknologia berriek pertsonen arteko harremanei ere eragiten diete, eta garrantzitsua da kultura kooperatibotik nola erantzun diezaiokegun hausnartzea.

Hau da, hezkuntza profesionala eta kooperatiboa beharko ditugu, biak bai ala bai, ongizate indibiduala ongizate kolektiboarekin uztartzeko. Amaitzeko, aldaketa klimatikoa eta genero harremanen erronkak aipatuko ditugu, hainbat aspekturi eragingo dietenak: ekonomia ulertzeko moduari, enpresa egiteko erari, bizitza estiloei…

Guzti horiek erronka konplexuak dira, eta ezinezkoa da soluzioak modu indibidualean ematea. Beharrezkoak izango dira eragile askotarikoen arteko lankidetza logikak sustatzea, eta norabide horretan mugimendu kooperatiboak rol garrantzitsua bete dezake euskal gizartean.

Pausu kualitatiboak emateko unea

Lehenik, garrantzitsua da mugimendu kooperatiboak gizartean egiten dituen ekarpenak balioan jartzea. Izan ere, ekarpen oso garrantzitsuak egiten ditugu enpleguaren arloan, aberastasunaren banaketan edota gizarteko hainbat arlotan (hezkuntzan eta enpresetan euskara sustatzen, kasu). Horiek guztiak gutxietsi gabe, sentsazio orokorra da arlo honetan berrikuntza gutxi izan dela azken hamarkadatan.

Batetik, funtsezkoa da lurraldeko beste eragile ekonomiko, sozial eta publikoekin lankidetza bide berriak aztertzea eta garatzea. XXI. mendean, lurralde perspektiba duen kooperatibismoa behar dugu.

Auto-eraketaren logikatik emaitza esanguratsuak lortu ditugu, eta, aurrera begira, lurraldeko beste eragile batzuekin sakondu beharko da lankidetza logiketan.

Dagoeneko ari dira sortzen esperientzia interesgarriak eskualde mailan. Bestetik, gizarte egitasmoa beste sakontasun maila batekin txertatu behar da kooperatiboetan. Alegia, negozio estrategiak eta gizarte estrategiak gehiago uztartu, bereziki organo sozial eta exekutiboetan, baina baita bazkideen parte hartze espazioetan ere. Enpresa jarduna kudeatzen dugun moduan, kudeatu ditzakegu ingurugiroarekiko errespetua, genero harremanak edota proiektu sozialetan bazkideen parte hartzea.

Etorkizunari begira, horretan enpresa aurreratuak izatea da kooperatibek izan dezaketen diferentzial nagusia.

ETORKIZUNA ERAIKI, GAREN HORRETAN SAKONDUZ

Proiektu sozialari bultzada berria emateak kooperatiben desafio nagusiei erantzuteko balioko du: bazkideen pertenentzia sentimendua indartu; bazkide kontzienteagoak elikatu; erantzukizunaren kultura ureztatu; bide berriak sortu enpresaren humanizazioan; enpresa jardunari zentzu zabalagoa eman; bideragarritasun ekonomikoa zaintzearen kontzientzia indartu; eta, batik bat, ilusio tanta berriak ekarriko ditu, lurraldeko gazteentzat (eta talentuarentzat) proiektu erakargarriagoak bilakatuz kooperatibak. XXI. mendean funtsezkoa da amets kooperatiboa elikatzea, konplexurik gabe, eta kooperatiben enpresa jarduna norabide horretan garatzea. Bide horretan gure ekarpena egin nahi dugu LANKI ikertegitik: kooperatibismoaz ikertu; jakintza sortu; formazioa eskaini; eta berrikuntza prozesuetan bidelagun izan.

Pausu kualitatiboak guztion lankidetzatik egikarituko dira. Ekin dezagun bada.

Eguraldia
Igandea 25 Min: 17
Max: 29
Astelehena 26 Min: 17
Max: 32
Asteartea 27 Min: 17
Max: 29
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak