Kolaborazioak

Pelbisaren oreka, bizkarraren osasun iturri

2018/01/02

Gerri inguruko oinazeak dira, bizi dugun gizarte honetan, bizkarrean sarrien agertzen zaigun arazoa. Bizkarrerako behe aldean kokatzen zaigun min honek baldintza dezake gure bizi kalitatea.
Pelbisaren oreka, bizkarraren osasun iturri

ATLHON

Bizkarrarekin izango dugun elkarbizitza duina eraldatu dezakeen eragileen artean, pelbisaren egonkortasunaz arduratzen den giharduraren egoera izango da; hortaz, irtenbideak bilatzekotan, zentzu handiagoa izango du sintomatologian baino (minari aurre egitea) prebentzioari tarte bat eskaintzea (minen jatorriei aurre egitea).

Artikulu honekin bizkarrean gertatzen diren gihar desorekak aztertu eta horiei aurre egiteko tresnak argitara ematea gustatuko litzaiguke. Bizkarrezurra behatuz gero, zenbait berezko okerdura dauzkala antzemango diogu; tximiño izatetik gizaki bihurtzean, espezieen garapenak eman duen egokitzapen nabarmenetakoa. Jakina, egokitzapen honek badu bere zentzua, bizkarrezurrak jasan behar dituen zamei eusti ahal izatea, hain zuzen ere. Aipatzekoa da hankabiko izate horrek, artean ere, eragozpen franko eragiten dizkigula, zutikako posizio horretan, ardatzak (orno eta diskoak) jaso beharreko presioek eraginda, batez ere.

ATLHON-kolaborazioa (bizkarra)

Okerdura hauen berezko handitze edo murrizpenak, sarri askotan, ondoezak eta patologiak eragiten dituzte, bai nerbioen trinkotze edo konpresioagatik edo eta diskoen endekapen prozesuagatik. Lunbar edo gerri aldeko okerdurari bagagozkio, pelbisaren jatorrizko posizioaren desorekak esango digu, hein haundi batean, gerri inguruak gure atentzioa zergatik aldarrikatzen digun.

Pelbisak izan ohi dituen desorekak agerian dituzue, segidan:

ATLHON-kolaborazioa (bizkarra)

Irudian ikusi daitekeen legez, pelbisaren antebertsioak lunbar aldeko okerdura areagotuko digu eta, retrobertsioak, ostera, haren txikitzea. Pelbisaren egoera orekatuak, berriz, okerduraren jatorrizko posizioari eutsiko dio.

Aztertu dezagun, ondoren, fenomeno horien gakoak. Jakin badakigu gure pelbisean eta lunbarretako ornoetan hainbat gihar txertatzen direla; bakoitzak funtzio jakin bat izango du eta eragiten dituzten indarrei esker, pelbisa orekan eta egorkor mantzentzen lagunduko digute.

Pelbisari albotik begiratzen badiogu, eta daukan egituraren azterketa mekanikoa aintzat hartzen badugu, bi indar pare nabarmenduko zaizkigu (ikus irudia).

ATLHON-kolaborazioa (bizkarra)

Lunbar-gihardurak (3a irudian), bizkarra hedatzen dutenak eta mokorra tolesten duten flexionatzaileak, psoasa nagusiki (4a), osatzen dute lehenengo indar parea. Gerria tolesten duen sabelaldeko gihardurak (1a) eta mokorra hedatzen duten ipurmasailekoak (2a) berriz, bigarrena. Bi indar gune hauen arteko orekak pelbisaren egonkortasuna bermatuko du eta, ondorioz, gerrialdeko osasuna. Baina hau guztia, nola zehazten da?

Aztertu dezagun, bada, gihardura bakoitza non jaio eta txertatzen den, zertarako dugun eta izan dezakeen egoeraren arabera (ahuldua, moztua, bigundua) zer eragin dezakeen. 

  • Gihardura tonikoa: egokitua dago iraupen luzeko eta intentsitate apaleko lanak betetzera; funtzio nagusia egiturei eustea izango du, grabitatearen efektua konpentsatzeko. Oreka bermatzeko egokitua dago eta inkontzienteki uzkurtzen zaigu. Etengabeko uzkurtze saio luzeak (eta konpentsazio gabekoak) jasatzera behartzen badugu, gihar horren zuntzek mozteko joera izango dute eta duen elongazio gaitasuna mugatuko zaio. Gure giharrek bizi dezaketen retrakzio egoera horrek baldintza dezake giltzaduen mugimendu ahalmena; izan ere, gihar moztu bat mugimendu mugatzailea izango da. Honekin batera, badakigu giharrean dagoen gain tentsio horrek muga edo baldintza dezakeela odol-zirkulazio egokia eta honekin batera, oxigenoaren garraioa.

 

Sail honetan, pelbisaren orekan partaide diren hiru gihar aipatuko ditugu:

  • Psoasa: lunbar-orno guztietan du jatorria eta pelbisa aurrealdetik zeharkatuz, izterrezurrean txertatuko zaigu (ikus irudia,  pelbisa aurrealdetik ikusita). Psoasa lunbar-okertzaile definitua izan da; izan ere, dauzkan zuntzek indarra eragiten omen dute, beheraka eta aurrealdera. Hau dela eta, gihar hau moztua izanez gero (denbora luzeak eserita emateak eragin dezake) pelbisaren ardatzaren posizioa eraldatu eta ondorioz, indar transmisioan desorekak eragin ditzake.
  • Izter osteko gihardura. Pelbisaren behe aldean sortu (iskioietan) eta berna- hezurrean txertatzen da. Gihardura moztuak, mokorrean gorazko trakzioa sor dezake eta pelbisa, antebertsionatu.
  • Lunbar aldeko gihardura (lunbar laukia): azkeneko saihetsetik eta lunbar- orno guztietatik datorkigu bertikalki, eta pelbisaren aldameneko hezurrean txertatzen da. Gihar honen egoera moztu batek bi puntuen arteko trakzio etengabea eragin eta lunbar aldeko ornoen okerdura areagutu dezake.

 

  • Gihardura fasikoa: lan jardun motzak eta intentsitate bizikoak egiteko diseinatua. Borondatez uzkurtzen dugu eta mugimendua eragitea du funtzio nagusi. Gihardura tonikoak mozteko joera badu ere, beste honek, borondatez uzkurtzen ez badugu, ahultzekoa izango du; eta jakina, bere ahultasunean, ezingo du bete-betean duen funtzioa bete.

Atal honetan, berebiziko garrantzia izango duten bi gihar nabarmenduko ditugu:

  • Ipurmasailekoa: pelbisaren ostean jaio eta izterrezurrean txertatuko da; duen kokapenak esaten digu pelbisaren retrobertsioa eragingo duela. Gihardura bigun edo ahuldu batek ezin izango dio aurre egin bere eginkizunari eta pelbisaren desorekan eragin dezake.
  • Sabelaldekoa: sabelaldeko gihardurak bizkar osteko indarrak konpensatzen ditu eta ardatzari egonkortasuna emango dio. Funtzioen artean, bat sabelaldea uzkurtu eta pelbisa retrobertsio egoerara eramatea izango du.

Ondorio gisa, aipatu dezakegu gure gihardura tonikoa moztua baldin badaukagu, honek pelbisaren posizioa aurreratzeko joera izango duela; ondorioz, gure berezko okerdura areagotuko zaigu eta dauzkagun zurda, gihar, nerbio eta lotailuak behartuko ditugu. Gain tentsioak, oinazeak, minak agertzen bazaizkigu, badakigu gure bizkarrak esaten digula:

“Ez arduratu, bai esku-hartu”

Era berean, gure gihar fasikoen tonua gutxitua badugu, ez dute behar aina indar izango arestian aipatu fenomenoa konpensatzeko.

Eguraldia
Igandea 23 Min: 15
Max: 31
Astelehena 24 Min: 10
Max: 21
Asteartea 25 Min: 8
Max: 21
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak