Bizitza-proiektu propioa duten gazte kooperatiboak

Bizitza-proiektu propioa duten gazte kooperatiboak

Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastolako zuzendaria.
Helburuak eraginkortasunez lortzeko, autogestioa eta talde-lana ezinbestekoak direla uste du eta, horretarako, elkarrizketa eraikitzailea erabiltzen du. Gizarte bidezkoagoa, demokratikoagoa eta iraunkorragoa lortzera bideratzen ditu bere helburuak.
2020/01/15

Hitz horiek biltzen duten definizioa Arizmendi Ikastolak egin berri du pertsona kooperatiboa / autogestionarioa deskribatzean bere “Ametsak betetzeko daudelako” dokumentuaren bigarren edizioan.

Bost ezaugarri seinalatzen ditu pertsona kooperatiboan: solidarioa dena, taldean lan egiten duena, erantzunkidea, burujabea eta elkarrizketara irekia. 

Zer da, ordea, pertsona kooperatibo solidarioa izatea? Arizmendik horrela azaltzen du:

Egoera zailetan, bat egiten du beste batzuen kausa edo beharrekin, trukean ezer espero gabe; izan ere, pertsonen arteko berdintasunean sinesten du, eta sentibera da diskriminazio-mota guztien (klasearen, arrazaren, sexuaren, generoaren... alorrekoen) aurrean. Uste du batasunean (osotasun bateko partaide izatean) oinarritzen dela solidaritatea.

Zer da, berriz, taldean lan egiten duena pertsona kooperatiboa? Honatx Arizmendiren azalpena:

Beste batzuekin talde-lanean jarduten du, helburu komun bat lortzeko. Badaki adostasunaren bidez konponbideak aurkitzen eta ematen duen pauso bakoitzean batzen joatea du helburu.

Eta pertsona kooperatibo erantzunkidea izatea zer da? Tori Arizmendiren proposamena:

Proiektu kolektiboko kide sentitzen da eta berari dagokion erantzukizuna onartzen du, eraikitzailea izanez eta lorpenak eta porrotak bere gain hartuz.

Zer adierazi nahi du Arizmendik pertsona kooperatiboak burujabea izan behar duela?

Erabakiak hartzeko, bere burua antolatu eta kudeatu egiten du, zenbait baliabide, gaitasun eta estrategia erabiliz.

Eta azkenik, pertsona kooperatiboa elkarrizketara irekia dela dioenean:

Elkarrizketa eraikitzailea bultzatzen du, eta elkar ulertzeko eta arazoak konpontzeko helburuarekin ematen ditu ideiak eta iritziak. Errespetatu eta balioetsi egiten ditu besteen iritziak, eta aintzat hartzen ditu bere iritzia eraikitzeko.

Beste sei bereizgarri eta 22 ezaugarri identifikatu, definitu, adierazi eta ebaluatzeko zorian jarri ditu Arizmendi Ikastolak “Ametsak betetzeko daudelako” dokumentuan, bere gazteengan, ikastolatik irteten direnean, bizi diren inguruan bizi direla ere, eragile aktibo izan daitezen prestatu eta lortzeko asmoz.

Prestatze hori, ordea, hainbat modutara egin daiteke. Arreta gunea leku desberdinetan jarrita egin daiteke.

Hezkuntza proposamena

Arizmendik pertsonaren garapena erdigunean jartzen duen hezkuntza-proposamen bat jartzen ari da mahai gainean. Prestakuntza akademikoaz harago doan praxia eskatzen du, pertsonaren garapenean zentratzea exijitzen du.

Eta gaurko hezkuntza ez dago hor. Uste izan da hezkuntzaren egiteko nagusia ikasleak akademikoki ondo prestatzea dela. Baina gero eta argiago gelditzen ari da prestakuntza akademiko hori mugatua dela, bai euren egungo bizitzarako, baita etorkizunerako ere. Hor arrakasta izateak ez baitu bermatzen etorkizuneko testuinguru berrietan ondo prestatutako pertsonak eta profesionalak izango direnik.

Gainera, egungo hezkuntza, oro har, planteatuta dagoen moduan, ez da motibagarria ez ikasleentzat, ez irakasleentzat, ezta familientzat ere. Zenbait kasutan, porrot pertsonala ezkutatzen da emaitza onen atzean, eta beste askotan berriz,  porrot eskolarrak porrot pertsonala eragiten du. Eta jakin badakigu porrot batek zein besteak zer nolako sufrimendua eragiten duen ikasleengan.

Etengabeko aldaketez beteta sumatzen dugun etorkizun horretarako prestatzeko, geure ikasleei egin diezaiekegun ekarpen handiena hauxe da: pertsona gisa bere dimentsio anitzetan garatzen laguntzea, euren ibilbide propioa egiten laguntzea, hortik aurrera euren bizitza-proiektua eraiki dezaten.

Horrek ez du esan nahi iraganean egindakoa gaizki egin denik. Ez. Asko eta ona izan da. Ona ez ezik beharrezkoa ere, orain gauden lekura heldu ahal izateko. Baina, gaur errotik berria den hezkuntza eraldatua behar da, pertsonaren, tokian tokiko komunitateen, munduaren beharrei erantzuteko.

Alegia, XX. mendearen erdialdean sortu eta gaurdaino eraiki den hezkuntza euskaldunaren lehen etapa amaitu da. Orain gako garaikideak dituen etapa berria hasi behar da, euskalduntasunari dagokion garabidearekin batera.

Hori errazteko, bestelako hezkuntza-egitasmoa behar da, bere bizitza-proiektua duen pertsona kooperatiboa hezten lagunduko duena, ikastolan haur, nerabe eta gazte horiek dauden bitartean eta bizitza osoan zehar ere. Hezkuntza kooperatibo euskaldunaren eredu berria.