Berritzea: nahi izatea eta prestatzea

Berritzea: nahi izatea eta prestatzea

Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea.
Berrikuntzan pentsatzen dudanean bi ideia kontrajarri etortzen zaizkit etengabe burura. Lehena abiadurarekin loturik dago beti, presa izatera iritsi gabe, baina bai lehenak izateko asmo sendoarekin; eta horrek esan nahi du gure esparruan berrikuntzaren lider izan nahi dugula. Bigarren ideia lehenaren ifrentzua da, eta berritzeko behar den denboraren edo abiaduraren kontzeptua erlatibizatzera dator; izan ere, jabetzen naiz gure buruak eta gure ideiak dabiltzan eremu horretatik dagoeneko pasa direla beste belaunaldi batzuk, eta garrantzia duena ez dela horrenbeste azkartasuna, etsi gabe jardutea baizik.
2020/12/14

Alabaina, eta nahiz eta etsi gabe jardutea giltzarria izan eta batzuetan ez aurrenekoak izan berritzen, uste dut gizarteren eta enpresen beharrizanak oso azkar aldatzen ari direla, eta, horrenbestez, abiaduraren faktorea, geure burua berrasmatzen ikastea, azkarrago berritzea, gero eta garrantzitsuagoa dela.

Baina gero eta azkarrago berritzeko behar horri erantzungo bazaio, ezinbestekoak dira funtsezko bi elementu hauek: lehena, berritzeko motibazioa, eta bigarrena, berrikuntzari aurre egiteko prestakuntza.

Lehen elementuak beti gogorarazten dit Finlandiako multinazional bateko berrikuntza-arduradunarekin izan nuen topaketa, eta nola emakume hark jakinarazten zigun zein zaila zen berritzea bere enpresa arrakastatsuan. Konpainia finlandiar hartan jenderen gehiengoak ez zuen bere erosotasun-eremutik atera nahi, eta, ezagunak izan arren, seguruak ez ziren beste eremu batzuetan arriskurik hartu nahi.

Berrikuntzako arduradun hark nabarmentzen zuen gizakiak, berez, ez duela joerarik erosotasun-eremu horretatik ateratzeko, eta, beraz, berrikuntza bultzatuko bada, beharrezkoa dela mehatxu iraunkor horren sentipena izatea.

Emakume hark egiten zuen gogoeta nabarmen azaleratu da gaur egun mehatxatzen gaituen pandemia honetan. SARS-COV-2 birusak behartu egin ditu erakunde asko nahi gabe berritzera, erosotasun-eremutik ateratzera, berrikuntza ezartzera eta zerbitzu berriak eta zaharrak eskaintzeko moduak aldatzera. Mondragon Unibertsitatean asteburu bakarra izan genuen gure “erosotasun-eremutik” ateratzeko eta, teknologiaren bidez, langileen eta ikasleen etxeak kanpus berri bihurtzeko. Eta hori egiteko, berrikuntza-proiektu handi bat jarri genuen martxan unibertsitateko jarduera guztietan.

Hori bai, berrikuntza hori behartua izan zen desiratua baino gehiago, eta uste dut ondo egin genuela eta asko ikasi dugula etorkizunerako. Baina gure jardun hori gauzatu bagenuen, aurrez aipatutako bigarren elementu funtsezko horri esker izan zen: berrikuntzari aurre egiteko ondo prestatuta geundelako. Berrikuntza ez da ia inoiz emankorra izango baldin eta bidean ez bagara behar beste prestatu ondoren erantzun egokia eman ahal izateko kalitatean eta denboran.

Azken batean, berritzeko beharrezkoak dira: jarrera, beti zertxobait deseroso sentitzeko eta etengabe hobekuntza bilatzeko; eta ahalmena, behar beste prestatuta egon eta beharrezko berrikuntzei aurre egiteko. Herrialde batek, lehiakorra izan nahi badu, berritzailea ere izan beharko du halabeharrez, eta horretarako uste dut inbertsiorik onena gazteak prestatzea dela, jarrera, gaitasuna eta balioak dituzten gazteak, bertan goxo egiteari utzi eta noizean behin beren erosotasun-eremutik ateratzeko espiritua eta anbizioa dutenak.

Artikulua hemen argitaratu da: https://www.innobasque.eus/microsite/entidades_socias/lideres-e-innovacion/vicente-atxa/